Zehaztasunaren xerka, kuraiaz

EHUko udako ikastaroetan, Bernardo Atxaga idazleak esan du Mariano Ferrer xehetasunak maite zituen pertsona bat zela. «Lengoaiatik abiatu behar da zernahi kritika», gaineratu du.

Carlos Ordoñez SOS Arrazakeriako kidea Mariano Ferrerri buruz hizketan, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Goiztiarra zen Mariano Ferrer: 05:30ean ateratzen zen etxetik, Rosiren kioskoan hamar egunkari eta aldizkari batzuk erosi, eta Herri Irratiko saioa egitera joaten zen. «Inprobisatzaile landua zen», esan zuen atzo Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak EHUren udako ikastaroetan, Donostian. Entzuleen artetik, Esther Ferrer alabak ñabardura egin zuen: «Aitak egunkari eta aldizkarietako artikulurik kutunenak fotokopiatu egiten zituen, etxean dauzkagu milaka, eta haietan esaldiak eta hitz solteak daude azpimarratuta. Hitz solte batzuk hartuta, kapaz zen analisia egiteko, baina ondo landua zegoen hura guztia».

Ñabardurak. Detaileak. Bernardo Atxaga idazlearen arabera, xehetasunak maite zituen pertsona bat zen Mariano Ferrer. «Bere diskurtsoan dena da xehetasun. Zehaztasunaren xerka ibiltzen zen». Era berean, kazetari batek bere hiriko eta probintziakoen inguruan azterketa kritikoa xehetasunez egiten duenean, horretarako «kuraia» behar dela uste du Atxagak. Eta Ferrerrek bazuen.

Atxagak bere hitzaldian berebiziko garrantzia eman die pertsonaren ahotsari —ahots fisikoari— eta lengoaiari. «Ferrerrek egunkarien irakurketa egiten zuen, lengoaiaren erabileratik bertatik. Uste dut lengoaiatik abiatu behar dela zernahi kritika eragingarri egiteko».

Atxagak ahotsaren bidez ezagutu zuen lehenbizi Ferrer, eta gogoeta egin du ahotsaz: «Ez da begien kolorea edo sudurraren tamaina bezalako ezaugarri bat. Geruza bat da ahotsa, mintzoa, non ezartzen diren pertsonaren hainbat xehetasun. Norbait entzuten dugunean badakigu estu edo larri dagoen, pozik dagoen, badakigu une horretan ikaratuta dagoen, seguru dagoen, eta badakigu zer lotura duen esaten den horrekin: sinesten ote duen esaten duen horretan, zintzoa ote den edo jendearen onespena bilatzen ari den». Idazlearen arabera, Ferrer, bere ahotsarekin, «erreferentea» izan zen Gipuzkoako herritar askorentzat. «Bere xehetasunekin azaltzen zen irratian, eta egun horretan nola zegoen».

Bestalde, XX. mendearen hasieran prentsaren irakurketa satirikoa egiten zuen idazle eta kazetari baten izena nabarmendu du Atxagak: Karl Kraus. Die Fackel egunkaria sortu zuen Krausek Vienan, 1899an, eta han astean bitan idazten zuen komunikabideen kritika «zorrotza».

Beste erreferentzia ugari ematearekin batera, Asteasun (Gipuzkoa) jaiotako idazleak salatu du gaur egun «neurrigabea» dela lengoaiaren pozoitzea. «Horregatik, Mariano Ferrerren tankerako edo ereduko kazetariak gero eta beharrezkoagoak dira». Atxagak modu honetan bukatu du hitzaldia: «Denok dugu ispilu batzuen beharra. Jarrera kritikoa duenak ez du bidezidor errazik. Behar da eredu bat: 'Norbaitek egin zuen, eta agian nik ere egin dezaket'. Ez dadila Marianoren ereserkia galdu».

Kazetarientzat ez ezik, Donostialdeko gizarte mugimendu askorentzat izan zen erreferente eta ispilu Ferrer. Carlos Ordoñez SOS Arrazakeriako kideak nabarmendu du Herri Irratiko esataria «sen onaren» militante bat izan zela. «Ahots argia eta kritikoa izan zen, boterearentzat deserosoa». Ordoñezek gogorarazi du Ferrerrek SOS Arrazakeria elkarteren egitasmo batzuetan parte hartu nahi izan zuela. «Inplikatu egiten zen. Migrazioen komunikazioa ere aztertu zuen, eta aldarrikatzen zuen etorkinek zuzeneko lehen informazio iturri izan behar zutela».

Dokumentazioa, Lazkaora

Ferrerrek «aurrea hartu zion bere garaiari». Hala uste du Ordoñezek, baita udako ikastaroan parte hartu duten beste hizlari batzuek ere.

Atxagak gogorarazi du, esaterako, Ferrer kale kantoi jakin batean jartzen zela, manifestazioetan zenbat jende zegoen zenbatzeko. Otamendik, berriz, ETB2ko 1989ko Sin permiso saioaren zati bat jarri du bere hitzaldia hasi aurretik. Alderdi politiko guztiak zeuden gonbidatuta, baina Ajuriaeneko ituneko taldeek erabaki zuten ez joatea, HBko ordezkari bat joatekoa zelako. Ferrerrek aurrera egin zuen saioarekin, eta HBko, EAko eta IUko ordezkari bana eseri ziren platoan. «Ajuriaenearen garaian, dena zuria edo beltza zenean, itsasargi bakarra zen Mariano», esan du Otamendik. «Sinesgarritasuna izan zen haren dohain nagusia. Eta sinesgarritasuna izaera bat da, jarrera bat bizitzan, ez da ikastaro batean erakusten den zerbait».

Elixabete Garmendiak gidatutako eztabaida batekin amaitu da ikastaroa. Ezusteko albiste bat ere iritsi da: Carmen Rizo Ferrerren alargunak iragarri du kazetariaren dokumentazio guztia digitalizatu egingo dutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Egitasmoa martxan jarriko dute, eta, gero, Lazkaoko (Gipuzkoa) komentura eramango dute material guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.