Zazpitik bigarrena

Iskander Sagarminaga Ipar Irlandatik Eskoziara igerian iristen saiatuko da, eta Eider Eibarrek guztia grabatu eta marrazkiak egingo ditu. «120 bat pertsonak soilik egin dute erronka hori historia osoan», adierazi du Sagarminagak.

Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga erronkako kartelekin Getxoko hondartzan, asteartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga erronkako kartelekin, Getxoko hondartzan, asteartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Galdakao
2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Ipar kanala, Cook itsasartea, Molokaiko kanala, Mantxako kanala, Katalinako kanala, Tsugaruko itsasartea eta Gibraltarko itsasartea. Horiek dira Zazpi Itsasoen erronka osatzen duten etapen izenak. Iskander Sagarminaga galdakarrak iaz egin zuen Mantxako kanaleko erronka —Erresuma Batutik Frantziaraino, 34 kilometroko etapa—, eta, aurtengoan, Ipar kanala zeharkatuko du —Ipar Irlandatik Eskoziarainoko 33,7 kilometroko etapa—. Erronka guztietan Eider Eibar marrazkilaria izaten du laguntzaile. Sagarminaga igerian ari den bitartean, Eibarrek guztia grabatzen du kamerarekin, Sagarminaga laguntzen du, eta marrazkiak egiten ditu. «Bikote izanik, eta bizitza partekatzen dugunez, ezinbesteko baldintza zen; naturalki atera zen batera egitea horrelako erronkak», adierazi du Eibarrek.

Eibarrek eta Sagarminagak Kokoak.eus izeneko webgunea sortu dute, eta bertan jartzen dituzte, besteak beste, erronkei buruzko informazio eta marrazki guztiak. «Gure amets eta abenturei forma fisiko edo digitala emateko espazioa da webgunea», azaldu du Eibarrek. Horrez gain, webgunean Eibarrek eginiko hainbat marrazki aurki daitezke. Haurra zela marrazten hasi zenetik, Eibarrek inoiz ez dio utzi marrazkiak egiteari, eta Arte Ederrak ikasten ari zela ekin zion profesionalki marrazteari, haurren liburuetako ilustrazioak eginez.

Sagarminagari dagokionez, igerian «serio» 2014ko urrian hasi zen. «Betidanik egin dut kirola, futbolera eta eskubaloira jokatu dut, eta itsasoan ere ibiltzen nintzen. Garai bat iritsi zen, ordea, ezer egiten ez nuena, eta, halako batean, zerbait egiteko garaia zela pentsatu nuen. Lehengusuarekin batera triatloi talde batean eman nuen izena, igeri egitea betidanik gustatu izan baitzait». Zazpi Itsasoen erronka egiteko asmoa dauka Sagarminagak; beraz, zeharkatu zuen Mantxako kanala kontuan hartuta, orain egiten saiatuko den Ipar kanaleko erronka «zazpitik bigarrena» izango da.

Eivissa-Formentera (Herrialde Katalanak), Capri-Napoli (Italia), Jersey irlari (Erresuma Batua) bira... Hainbat dira Sagarminagak orain arte egin dituen erronkak. Mantxako kanala zeharkatzea izan da Sagarminagak Zazpi Itsasoen erronkatik egin duen lehenengo etapa. Igerilariaren hitzetan, «Everestera igotzearen parekoa izango litzateke; izen handia dauka erronkak».

Ipar kanala

Ipar kanaleko erronka egiteko asmotan abiatuko dira asteartean Eibar eta Sagarminaga Irlandara. Orokorrean, hango kapitainek proba egiteko leiho bakarra ematen die igerilariei, baina, azken orduan baja ugari izan direnez, oraingoan bi leiho izango ditu Sagarminagak: bata abuztuaren 9tik 17ra, eta bestea abuztuaren 25etik 31ra. Leiho horietako egunen batean kapitainak baldintza onak daudela esaten duenean irtengo dira itsasora. «120 bat pertsonak soilik amaitu dute erronka hori historia osoan. Kapitainak deitu zidanean, baiezkoa eman nion berehala, eta harritu egin zen; izan ere, kasu batzuetan kapitainak deitu eta erantzuna eman arteko itxaronaldia bi urtekoa izaten da», adierazi du Sagarminagak. Distantziari dagokionez, «zuzenean 37 kilometro dira, baina korrontea dela-eta sigi-sagan joan beharko dut, eta 45-50 kilometro izango dira guztira: hamahiru bat ordu», zehaztu du.

Distantziaz eta denboraz gain, erronkaren zailtasun nagusiak «hotza eta marmokak» izango dira, Sagarminagaren ustetan. «Ura hamahiru graduan egongo da, gutxi gorabehera. Irakurri dudanaren arabera, hiru igerilaritik batek biriketako edema batekin bukatzen du erronka. Azkenean hamabi-hamahiru ordu dira, ura oso hotza dago, neoprenorik ez daukazu...», gaineratu du. Marmokei dagokienez, «oso marmoka handiak dira, hauen ziztadak uretatik ateratzeko arrazoi izan daitezke», zehaztu du Sagarminagak.

«Oso marmoka handiak dira, hauen ziztadak uretatik ateratzeko arrazoi izan daitezke»

ISKANDER SAGARMINAGAIgerilaria

Entrenamenduei dagokienez, tokatzen zaion probaren araberako entrenamenduak egiten ditu urte osoan. Ipar kanaleko erronkarako, esaterako, uraren tenperatura dela eta, neguan neopreno gabe sartu da Sagarminaga itsasora. Igeri egiterakoan ere, «probako erritmoari eusten» saiatu da, azkarrago egingo balu, ez bailitzateke «abiadura erreala» izango. Yoga, arnasketak, luzaketak eta gimnasioko entrenamenduak ere egiten ditu. «Gimnasioan kontuz entrenatu behar dut, bolumen gehiegi hartu gabe». 

Sagarminaga uretan den bitartean, Eibar itsasontzi batean joango da, beste lagun batekin eta «observer-arekin» (probako epailea) batera. Eibarren lanetako bat izango da proba guztia grabatzea. Zazpi Itsasoen erronka egitean, bideo bat osatu nahi dute proba guztietako irudiekin, eta «horretarako material asko behar da». Marrazkiak ere egingo ditu, nahiz eta «joan den urtean zaila izan zen», ontzia asko mugitzen baitzen. Zeharkaldia jarraitzeko Kokoak.eus webgunean zeharkaldiaren blog bat egingo dute egunero. Baina beste lan bat ere izango du: «Iskanderri jaten ematea, bera zaintzea» eta epaileari Iskanderrek esaten diona itzultzea, dena apuntatzen baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.