Zazpigarrena Berasategiri

Euskal Herriko beste jatetxerik ez dago Michelin izarra jaso dutenen artean. Hiru izar zituztenek eutsi egin diete bereari, eta Mugaritzek ez du lortu hirugarrena eskuratzea.

ainara arratibel gascon
2013ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Beste bat. Martin Berasategi sukaldariak zazpigarren Michelin izarra eskuratu du. Oraingo honetan, Kanaria uharteetako Santa Cruz Tenerifekoa hirian duen Abama jatetxeagatik eskuratu du. Lehen bakarra zuen Berasategiren jatetxe horrek, eta atzo eman zioten bigarrena. Michelin izarren aurtengo banaketa nolakoa izango zen galdetu zitzaien arduradunei aurreko egunetan. «Eskuzabala» izango zela esan zuten. Baina ez da horrela gertatu Euskal Herriko jatetxeekin. Izan ere, ez da besterik sartu zerrendan. Hori bai, aurretik zerrendan zeudenek eutsi egin diete lehen zituztenei.

Berasategik oso gustura hartu zuen aitorpena. Orain arte sei zituen: hiru Lasarte-Oriako Martin Berasategi jatetxeagatik, bi Bartzelonako Lasarte jatetxeagatik eta bat saritu berri duten Tenerifeko Abamagatik. Hala, Michelin izar gehien duen Euskal Herriko sukaldaria da.

2014ko Espainiako eta Portugalgo gida aurkeztearekin batera eman zuten atzo Michelin izarren banaketaren berri, Bilboko Guggenheim museoan egindako ekitaldian. Izarren dantza horretan, azken egunetan zurrumurrua zegoen gastronomia adituen artean beste jatetxe bat sartuko zutela hiruko zerrendan. Askoren ahotan ibili da aurten ere Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritz. Andoni Luis Adurizen jatetxeak 2005ean lortu zuen bigarren izarra, eta azken urteetan hirugarrena lortzeko kiniela guztietan egon da. Baina oraingoan ere ez du lortu. Hura ere ez zen oso baikor azken egunetan.

Gainontzean, ez da aldaketarik egon Euskal Herriko jatetxeetan. Arzakek, Akelarrek, Martin Berasategik eta Azurmendik zituzten hiru izarrei eutsi diete. Laurek gainditu dute Michelingo hamabi ikuskatzaileen iritzi eta gustu zorrotza, eta onenen artean jarraituko dute beste urte batez. Azurmendik iaz lortu zuen hirugarrena, eta urte hau berezia izan dela aitortu du Eneko Atxa sukaldariak. «Hirugarren izarra lortzea garrantzitsua izan da. Hori bai, gure lan egiteko modua ez da aldatu. Betiko ohiturei eusten diegu». Izar bakarra zutenek ere eutsi egin diote bereari. Michelingo hamabi gastronomia eta turismo aditu aritu dira hilabete hauetan jatetxeak bisitatzen.

Afaria gonbidatuentzat

300 gonbidatutik gora egon ziren izarrak emateko ekitaldian, horien artean zeuden Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao eta Bilboko alkate Iñaki Azkuna. Gonbidatuek Mitxelin izarrak dituzten Bizkaiko zazpi jatetxeetako buru diren sukaldariek—Eneko Atxak, Josean Martin Alijak, Daniel Garciak, Fernando Canalesek, Zuriñe Garciak, Jabier Gartziak eta Alvaro Garridok— prestatutako menua dastatu zuten ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.