Zazpigarren artea, ur azpian

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa egingo dute Donostian; 42 dokumental egongo dira ikusgai

Eñaut Zubikarai Realeko atezaina, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko zikloa iragartzen. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Urpekariak dira zinema zuzendari, eta itsasoko bizidunak aktore.Itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa antolatu dute beste behin ere, Donostian: 36. aldia du aurten. Herrialde askotan ekoitzitako 42 dokumental eskainiko dituzte, apirilaren 10etik 14ra bitartean.

Itsasoaren eta itsasoan bizi diren bizidunen inguruan gizartea kontzientziatzeko helburuarekin egiten da zikloa. Ezkutuan geratzen diren ozeano azpiko paradisuak argitara ateratzen dira, bidenabar, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioko lehendakariBixente Zaraguetak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez. Eñaut Zubikaraik Realeko atezainak iragarri zuen zikloaren kartela, urpekari bihurtu eta marrazoen artean igeri eginez.

Urtetik urtera hazten ari da zikloa. Aurten, 42 dokumental eskainiko dituzte Donostiako Andia kaleko Kutxa aretoan. Emanaldi guztiak doakoak dira, eta goizez nahiz arratsaldez izango dira saioak. Film luze eta film laburrak eskainiko dituzte; herrialde askotatik etorritakoak. Japonia, Australia, Frantzia, Italia eta Belgikan ekoitzitakoak ikusi ahal izango dira.

Euskararen presentziari garrantzi berezia eman nahi izan diote antolatzaileek. Hori dela eta, egunero egongo da dokumentalen bat euskaraz ikusteko aukera. Euskarazko lan batzuetan irudien kalitatea nahiko eskasa dela abisatu du Nazioarteko Zinema Zikloaren zuzendari Nano Cordobillak. «Baina hizkuntzari eman nahi izan diogu lehentasuna, kalitateari baino gehiago». Lehendabiziko aldiz, gailegoz egindako film bat eskainiko dute.

Hainbeste dokumentalen artean batzuk nabarmendu ditu Cordobillak. Thailandia filma Indiako ozeanoan, Andamaneko itsaso ezkutuan grabatuta dago. Hango uharte tropikaletako koraletan hartutako irudiak «ikusgarriak» dira. Marrazo lehoinabarrak, manta arraiak, urpeko sugeak eta oso gutxi ikusten diren arrain pipa mamuak azaltzen dira.

Japoniatik iritsitako Fuerza Vital dokumentalak —gazteleraz azpidatzi dute— Afrikara eramango du ikuslea. Victoria, Tanganyika eta Malawi aintziretan ziklidoak izeneko 1. 900 espezie baino gehiagoko arrainak bizi dira. «Kolore, itxura eta portaera oso bereziak dituzte».

Marrazo baleak ditu protagonista El enigma de los tiburones ballena dokumentalak. Urritik otsailera bitartean, Dijboutiko kostaldean marrazo balea mordoa biltzen da. Horren zergatia ikertzeko, Megaptera elkarteak egindako ikerketa du ardatz lanak. Munduko arrainik handiena da marrazo balea; planktonaz elikatzen da, eta gizakiak eragindako kalteak jasaten ditu.

Dokumentalen emanaldien ondotik, ikusleek egileekin solasaldiak izateko parada izango dute. Horrez gain, ur azpiko irudiekin argazki erakusketa jarri dute, Kutxako ekitaldi aretoan. Iazko bideari jarraituz, zikloari amaiera emateko lan onenak sarituko dituzte, apirilaren 14an. Programazio osoa http://www.ciclo.subacuaticasrealsociedad.com webgunean dago eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.