Atzekoz aurrera

Guillermo Olmo: «Zazpi zubi dituen eremu txiki eta magikoan egingo dugu Azken Muga»

Gaur ospatuko dute diziplina ezberdineko artistak naturan elkartzen dituen jaialdia. Olmok aurreratu duenez, aurten bi artista handi omenduko dituzte: Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltz.

Guillermo Olmo eskultorea, Leitzako udaletxeko arkupeetan. BERRIA
Guillermo Olmo eskultorea, Leitzako udaletxeko arkupeetan. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Leitza
2024ko irailaren 7a
05:00
Entzun

Gaur taldearen ondorengo belaunaldikoa da Guillermo Olmo (Sarria, Galizia, 1960). Aspalditik bizi da Euskal Herrian; hasieran, Zugaztietan (Bizkaia), eta, azken hogei urteetan, Amezketan (Gipuzkoa). Harria, burdina eta egurra lantzen ditu, eskultore handi haien moduan, baina harreman estua dauka gaur egungo artistekin ere. Azken Muga da horren lekuko. Gaur ospatuko dute askotariko euskal artisten topaleku den jaialdia.

2016an hasi zen Azken Muga.

Artea naturara eramatea da gure helburua, eta diziplina ezberdinetako artistak elkartzea, basoan beti. Euskal Herrian ez dago hau bezalako jaialdirik. Migel Zeberio arduratzen da arte eszenikoaz, eta ni arte plastikoaz. Aurtengoa berezia izango da; batetik, lekua aldatu dugulako. Zaraten elkartu izan gara orain arte, Azkarate eta Bedaio artean [Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan], eta orain beste muga batera goaz, Berastegi [Gipuzkoa] eta Leitza [Nafarroa] arteko mugara. Zazpi zubi dituen eremu txiki eta magikoan egingo dugu Azken Muga. Euskal Herrian, nik dakidala, ez dago horrelako lekurik. Plazaola eta Urtoko Zubieta artean dago, baina ez bilatu izen hori Googlen. Oinez joango gara. Han elkartuko gara, 11:00etan.

Eta, bestetik?

Bi artista handi omenduko ditugulako: Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltz. Euskal kultura bizirik badago beraiek bezalako pertsonei esker dago bizirik. Bete-betean asmatu zuten, bakoitzak bere eremuan. Urbeltzi Garoa saria emango diogu, euskal dantzak berreskuratzeko egin zuen lan oparoagatik. Dantza bakoitzaren jatorria eta esanahia ikertu zituen... Dantza filmean parte hartu zuten biek. Urbeltzek hementxe bertan [plaza seinalatzen], dantzari guztien aurrean. Filmeko unerik gogoangarriena da sekuentzia hori.

Eta Jauregik?

Koldobika eszenografiaz eta jantzitegiaz arduratu zen. Telmo Esnal izan zen zuzendaria. Ondare eder bat utzi ziguten hirurek.

Jauregiren legatua ere oparoa da, ezta?

Hala da. Azken Mugaren sustatzaileetako bat izan zen. Koldobikak bere bizitza osoan egin duena erabat dator bat jaialdiaren filosofiarekin. Urmara da horren lekuko. Arteak eta naturak bat egiten dute han. Gizarte kapitalistaren eta inperio digitalaren aurrean beste bizimodu batzuk badaudela erakutsi zuen, eta guk ere bat egiten dugu ikuspuntu horrekin, borroka horrekin. Aitorpen bat zor genion. Musikarekin batera eskultura da hilezkortasunaren ideia ederkien adieraz dezakeena. Koldobika horrela oroituko dugu.

Eskuahaldunak elkarteko kideak zineten biak.

Bai. Belaunaldi berekoak gara. Asko sumatuko dugu bere falta, ez bakarrik laguna genuelako, baizik eta artista eta pertsona handia zelako. Eskuahaldunaren zutabeetako bat zen. Berez, lagun talde bat gara. Euskal Herri osoko artistak gaude, herrialdeka zatikatuta, elkarlanean aritu eta gauzak antolatzeko. Belaunaldien arteko topaketa bat ere bada. Eskultura izan da euskaldunak munduan ezagutarazteko izan dugun bitartekorik handiena. Gaur taldeak euskal gizartea markatu zuen, ez soilik maila estetikoan, aldarrikapenetan ere eragin handia izan zuten. Ezin dugu hari hori moztu. Pantailen aurrean beste erreferente batzuk behar ditugu, kontrapisua egingo dutenak.

Artea Basoan erakusketa ere paratu duzue.

Plazaolako ibilbidean hainbat obra agertuko dira datozen egunotan. Leitzako, Lekunberriko, Larraungo eta Araizko udalek [Nafarroa] egin dute bat ekimenarekin, eta leku horietan guztietan egongo dira ekitaldiak. Lekunberrin txondor bat egin dugu, gauetan zaintzen dugu, berrogei lagunen artean txandak eginaz. Leitzako udaletxean beste erakusketa bat dago. Stop genozidioari! Ia hirurogei artistaren lanak ikus daitezke bertan. Gazan gertatzen ari den basakeriaren aurrean zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. 

Zure hainbat obra ikus daitezke naturan. Esaterako, bizitoki duzun Amezketan.

Bai. Atari obra, adibidez, San Martinen. Aralarko Gipuzkoa aldean basoko zuhaitzak desagertu ziren, eta basoari zuhaitzak itzultzea da obra horren helburua. Aralartik atera zituzten zuhaitz haiek gaur egun ezagutzen dugun mundua jarri zuten martxan; baserriak, ontziak, ikazkinak... Basora itzuli nahi nituen, beren zeregina bete ostean. 

Guillermo Olmoren 'Atari' eskulturua, Amezketan. Aralar ikusten da atzealdean.
Guillermo Olmoren 'Atari' eskulturua, Amezketan. Aralar ikusten da atzealdean. TOLOSALDEKO TURISMO

lotsabako

Eskultore bat?
Jose Ramon Anda. Itsasargi bat da niretzako.

Zure obra bat?
Bakearen Mahaia. Bilduma pribatu batean dago.

Leku bat?
Zarate, Azkarate eta Bedaio artean dago leku magikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.