40 urteko beti gazteak eta egun osoko parrandarako erregaia duten nerabeak. Umeei kasko handiak jarrita joandako guraso taldeak eta Duplakoekin goizeko ordu bietan lehertu arte gerria mugitzeko asmoa dutenak. Nostalgikoen gordeleku, kulturazaleen gutizia eta kontzertu zerrendaren berri ere ez dutenen festaleku. Denak dira Zeidfest jaialdiaren parte, eta guztiek dute lekua urteroko ekitaldi kutunean. «Jaialdi honen gauzarik onena da denetariko jendeak duela tokia». Esaldia Maitanerena da, eta gaur «egun osoa» igaroko du Barakaldoko BEC erakustazokan, gozatzen.
«Egun osoa» aipatu du, eta ez kasualitatez. «Betagarri eta Dupla ikustea da helburua, egitarauko lehen taldea eta azkena. Eta giroarekin gozatzea». Eguerdiko hamabietatik ordu txikietara bitarte. Haizea, Nerea, Maider eta Iratirekin joan da, 30 urte inguruko Galdakaoko (Bizkaia) lagun kuadrillarekin. Jaialdiaren lehen bi aldietan egon ziren, eta iaz kale egin ondoren —«talde indartsuak falta ziren», zehaztu du—, aurten itzuli dira: «Aurten bai, antolatzaileek asmatu dute zerrendarekin. Betagarrirekin hastea oso aukera ona izan da. Hori bai, aholku bat... 2008. urtearen inguruko taldeak erakartzen saiatu beharko lukete: Hesian, Ze Esatek, eta, ahal bada, Berri Txarrak». Langa nahiko goian jarri duela onartu du gero.

Askotariko egitaraua izan du jaialdiaren laugarren ekitaldiak. Ana Goitiaren Katana bakarrizketa gomendagarriarekin hasi, goizeko talde klasikoen revival-ekin eta Isabel Aaiunen moxal hezi ezinezkoarekin segitu, eta Crystal Fightersen eta euskal taldeen doinuen uztarketaraino. «Bada, ni Zetak ikustera etorri naiz», esan du Ixonek. Baina nola, Zetak ez dago eta egitarauan? «Bai, baina Pello Reparaz agertuko da, lehenago edo geroago». Sestaotik (Bizkaia) joan da, Oier eta Sabinerekin; haiek bai, adin nagusikoak dira, 21 urtekoa bat, eta 18 urtekoa bestea. «Talde zerrenda ona da: Zea Mays, Sune, Betagarri... Ikusten da ondo antolatuta dagoela, eta gustura ibil zaitezke». Ez dira BECen ibili zaharrak, duela astebete Chill Mafiaren kontzertuan egon baitziren. «Orduan beste giro bat zegoen, eta jendea ere ezberdina zen. Baina Zeidfest oso ondo dago».
Ordu txikietara arte
Denera 7.000 ikusle bildu ditu jaialdiak. Goizean, guraso taldeak ikus zitezkeen umeekin. «Iaz, lagun batzuek esan ziguten jaialdia oso egokia zela umeekin etortzeko, eta animatu egin gara. Eta egia da, umeentzako gune bat dago, bazkaltzeko tokia...», onartu du Mikel izeneko 38 urteko bilbotar batek. Itziar eta Nerea ditu alboan, eta sei heldu eta bi ume txikiko multzoa osatzen dute guztira. «Txikiek Betagarri ikusi nahi zuten, eta haiengatik etorri gara hain goiz. Baina Sorotan Bele, Iseo eta Zea Mays ere gustura ikusiko ditugu». Egun luzea, orduan? «Umeak joan egingo dira arratsaldean, eta gu gelditu egingo gara, jai apur bat egiteko. Eta bihar biharkoak».
Luzerako asmoarekin joan dira Unax eta Jokin ere, Debagoieneko kuadrillarekin. 20 urteren bueltan dabiltza denak, eta lehen aldia dute Zeidfesten. «Sarrerak merkeak dira, eta horrek lagundu zuen», bota du Unaxek: «35 euro egun osorako: prezio ona da hori. Horrelako gutxi daude orain». Esan dute eskertuko luketela musika gogorragoa egiten duen talderen bat izatea, «baina Akerbeltzen erromeriak ere oso onak dira». Kontraesan musikalei buruz ez dago ezer idatzia, are gutxiago parranda obligazioa denean: «Gero, Dupla ikusiko dugu, eta ahal bezainbeste geldituko gara hemen. Beharko, gainera, goizera arte ez baitago modurik Arrasatera [Gipuzkoa] autobusez joateko».