«Euskal Herri guztiko dantza tradizionalaren ekintza». Hori da Euskal Herriko Dantzari Eguna, Elena Iruretagoiena Euskal Dantzarien Biltzarreko (EDB) koordinatzailearen esanetan. Gaur da ekintza eguna, Barakaldon (Bizkaia), eta Euskal Herri osotik —Zuberoatik salbu— iritsitako hogeita bederatzi dantza talde bilduko ditu. Helburua argi du Iruretagoienak: «Gozatzea eta Euskal Herriko dantza tradizionalaren kultura ikusaraztea».
1967an antolatu zen aurrenekoz, Miarritzen (Lapurdi) —duela berrogeita hamar urte—, eta ia-ia urtero egin da orduz geroztik Euskal Herriko Dantzari Eguna. «Hasierako urte haietan zegoen ekintzailetasuna eta abertzaletasuna dantza tradizionalen bidez plazaratzen zen; gaur, gero eta aukera gehiago daude».Egitarauak, ordea, hasierako urteetako ildoari eutsi dio, eta arratsaldeko dantza emanaldi nagusia da oraindik ere egitarauko ardatza. Agintariena denek elkarrekin dantzatuz abiatuko dute dantzaldia, eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroa Behereko, Nafarroako, Lapurdiko, Arabako eta Zuberoako dantzak —ordena horretan— egingo dituzte ondoren. Luzea da herrialde bakoitzeko dantzekin osatutako zerrenda: boastitzea, ormatxulo, Ahurtiko makil dantza, Bete luko fandangoa, Gasteizkozortzikoa, satanak, godaletdantza...Talde denak batera irtengo dira plazara dantzaldia amaitzeko.
Goizetik erraldoiek, musikariek eta halako animazioek girotuko dituzte Barakaldoko bazterrak,eta, arratsaldean, dantzaz gain, «artisauen folklore azoka» egongo da; larruzko abarkak, zintzarriak, albokak, espartinak eta abar jarriko dituzte salgai.
«Ez dago erraza»
Duela bi larunbat hasi zen EDB gaurko motorrak berotzen, Barakaldon bertan antolatutako mahai inguru bikoitzarekin; Dantza taldeen egoera Bizkaiko Mendebaldean eta Musika eta musikariak dantza taldeetan. Haietatik ateratako lehen ondorio gisa, asistentzia urria aipatu du Iruretagoienak. «Ez dago erraza dantzaren mundua; murrizketak daude, eta lan boluntarioa beherantz doa». Halere, egunerokoan dantza tradizionala «mantentzen» duten taldeen ekina azpimarratu du; gaur ariko direnena, besteak beste: Laguntasuna (Barakaldo), Trebeska (Donostia), Leinua (Hiriburu), Primadera (Arbona) eta Jare (Gasteiz), Iruski (Gabadi) eta beste.
EGITARAUA
13:00. Kantu-dantza (irekia).
16:30-21:00. Artisauen folklore azoka.
16:30. Dantza taldeei harrera.
18:00. Kalejira.
18:30-20:00. Dantza emanaldi nagusia.
20:00-22:00. Sakatu elektrotxaranga.
22:00-01:00. Laiotz taldearen erromeria.
Zazpi lurretako dantza
Hogeita bederatzi taldek Euskal Herriko zazpi lurraldetako dantzak erakutsiko dituzte gaur Barakaldon, Euskal Herriko Dantzari Egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu