Zientzia

Zauri kronikoetarako apositu berri bat garatu dute EHUko ikertzaileek

Itxaso Garcia Orue ikertzaileak garatu du apositua, Gasteizen. EHU.
Edu Lartzanguren.
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Populazioa zahartzen ari da, eta horrek ohikoago bihurtu ditu adinarekin loturiko hainbat osasun arazo. Horien artean dira zauri kronikoak. Diabetikoei sendatzen ez zaizkien zauriak dira, esaterako, askotan gorputz atalak moztu beharra ekartzen dutenak, edo ohean denbora luzez egon behar direnei azalean sortzen zaizkienak. Itxaropen izpi bat piztu du horretan EHUko Farmazia Fakultateko Itxaso Garcia Orue ikertzaileak. Apositu berri bat garatu du Gasteizko laborategietan, zauri horiek sendatzen laguntzeko. «Jende askok ditu zauri kronikoak eta arazo larri bihurtzen ari dira, ez dagoelako tratamendu eraginkorrik», esan du Garciak. Sagu diabetikoekin egin du lan ikertzaileak. Zaurietan apositu berria jarri, eta argazkiak egin dizkie, egunez egun, garapena ikusteko. «Tratamendu bat eta bestea parekatu ditugu, horren bidez, eta gurea hobea dela ikusi dugu».

Aloe vera

Aloe vera landarea erabili dute apositu berria egiteko. Bote lasterrean, belar dendako kontua ematen du horrek. «Ikerketa serioetan produktu naturalak gero eta gehiago erabiltzen ari dira: aloe vera eta kurkumina, esaterako, zauriak sendatzeko», argitu du ikertzaileak. Eraginkorrak direlako, eta errazagoak erosteko eta merkaturatzeko, botikei ezartzen dizkieten arau zorrotzak ez dituztelako.

Produktu naturalekin batera, teknika konplexuak erabili ditu Garciak. Aposituaren ehuna sortzeko, elektrohirute (electrospinning) teknikaz baliatu da. Polimeroen karga elektrostatikoak manipulatuta, hari fin bat lortzen da, nanometro bateko lodierakoa. Horrekin eginiko ehunaren poroak oso txikiak direnez, ez diete bakterioei pasatzen uzten. Baina poro asko daudenez, airea pasatzen da, eta zauriak mantendu egiten du hezetasuna.

Orain, botikagintza laborategi batek hartu beharko luke lekukoa, eta produktu bihurtu. Oraindik asko ikertu behar dela esan du Garciak. Saguei eginiko zauriak gizakienak baino askoz txikiagoak dira —zortzi milimetrokoak—, eta askoz garbiagoak, laborategi kontrolatu batean egin dituztelako probak. «Benetako zauriak askotan infektatu egiten dira, eta horietan probatu beharko genuke, askoz animalia handiagoetan, gizakietan aritu aurretik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.