Idazlea eta Santa Isabel hilerriko gidaria

Marta Extramiana: «Zatozte, jende benetan xarmagarria aurkeztuko dizuet, hilik dauden arren»

Nekroturismoa modan ei dago. Extramiana da Gasteizko Santa Isabel hilerriko bisita gidatuen arduraduna. Han ezagututakoren bat bere eleberrietako pertsonaia bihurtu du. «Hilerriak gizartearen isla dira».

Marta Extramiana idazlea, Gasteizko Santa Isabel hilerrian, joan den astean. RAUL BOGAJO / FOKU
Marta Extramiana idazlea, Gasteizko Santa Isabel hilerrian, joan den astean. RAUL BOGAJO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

Ez da erraza hilerri baten tristurari irribarre bizi bat ateratzea, baina horixe lortzen du Marta Extramianak (Gasteiz, 1964). Hori, eta hildakoei buruz bizirik baleude bezala hitz egitea: «Nire maitea», «gajoa»... Idazle arabarra da Gasteizko Santa Isabel hilerriko bisita gidatuen arduraduna. Ez zuen alferrik hilerri horri buruz egin bere tesia. Irailaren 22an da hurrengo bisita, eta gonbidapena egina dago.

Nekroturismoa modan dago?

Geroz eta jende gehiagori interesatzen zaio. Azken batean, jendeak elizak bisitatzen dituenean, edo meskitak, edo sinagogak, Erdi Aroan jende guztia hilobiratzen zuten tokiak bisitatzen ditu. Greziara joan eta Efeso bisitatzen duzunean, nekropoli bat ari zara bisitatzen.

Eta gureak garaikideak dira.

Hori da. Gure hilerriak XIX. mendeko nekropoliak dira. Aire zabalean dauden museoak: eskulturak, erliebeak, beirateak —ganorabako horiek suntsitzen ez dituztenak, behintzat—. Artxibo historikoak ere badira; arkitektura aberatsa dute, eta baita landareria ere.

Landaredia?

XIX. mendeko hilerri gehienak lorategiak dira, oso lorategi bereziak. Helburua ez baitzen hildakoak han utzi eta «agur, hor konpon» esatea. Garai horretakoak dira hilobietako botanikari buruzko lehen tratatuak. Oso interesgarria da jakitea zuhaitz eta landare bakoitzak esanahi ezberdina duela hilerri bakoitzean. 

Ez da morbo kontua, beraz.

Inolaz ere ez. Hilerri bakoitza entziklopedia baten gisakoa da. Horiek ikusteko bisita bat antolatzen duzunean, bertan daudenei omenaldi bat egitera zoaz, haiek oroitzera.

Nola iritsi zinen zu honetara?

Arte Ederrak ikasi nituenerako, asko gustatzen zitzaizkidan hilerriak. Oso estetikoak iruditu izan zaizkit beti. Artearen Historia ikasi nuenean, Erdi Aroko hilobien ikonografian sakondu nuen. Ana de Begoña izan zen nire tesiaren zuzendaria. XIX. mendean espezializatuta zegoen, niri hasieran ez zitzaidan bereziki interesatzen, baina beste begirada batekin irakatsi zidan, eta, orain, XIX. mendeko hilerriekin maiteminduta nago.

Zer berezitasun dute, bada?

Garai hartako hirien kopia bat dira. Hiri txiki batzuk. Zonaka banatuta daude: aristokratena, burgesiarena, langileriarena... Eta bakoitzak dauka bere iruditeria: kapera itzelak, panteoi dotoreak, porlanezko hilerri xumeak... Azken batean, hilerriak garaiko gizartearen isla dira.

Eta bisitariak?

Toki askotatik etortzen dira. Gasteizkoak ere asko, Santa Isabel ezagutzen ez dutenak. Arte Ederretako ikasleak, historian interesa dutenak, ele-mele eta pasadizo bila datozenak...

Zer du, bada, Santa Isabelek?

Eskultura izugarri ederrak izateaz gain, arkitektura oso aberatsa, beirate zoragarriak, eta pertsonaia oso interesgarriak.

Adibidez?

Guztiz ezezaguna den bat, ai gajoa! Pancracia Ollo, Tomas Zumalakarregiren alarguna, hementxe dago ehortzita. Ni naiz agurtzen duen bakarra; nire maitea. Sebastian Iradier ere hemen dago, habaneren asmatzailea; Manuel Iradier esploratzailea, Alaba generala, Mateo Moraza politikaria, Pedro Egaña ministroa... Eta jendea sailean erail eta bortxatu zuen lehen gaizkilea ere bai: Juan Diaz de Garaio, Sacamantecas.

Zure eleberrietarako materiala badaukazu, beraz?

Bai, noski. Adibidez, Geronimo Roure hemen ezagutu nuen. Pertsona zoragarria eta xarmagarria. Medikua eta Gasteizko Ateneoko presidentea. Hark ekarri zuen baztangaren kontrako txertoa, besteak beste. Harribitxi bat. Oso inteligentea. Nire eleberrietako pertsonaia nagusi bihurtu nuen. Baina ez CSIkoen estiloan, estilo intelektualagoan.

Noiz da hurrengo bisita?

Irailaren 22an. Zatozte, gozatu egingo duzue, eta jende benetan xarmagarria aurkeztuko dizuet, hilik dauden arren [barrez].

LOTSABAKO

Santa Isabel ez den beste hilerri bat? Vysehrad, Pragakoa.

Idazle bat? Fred Vargas.

Eleberri bat? El asombroso viaje de Pomponio Flato, Eduardo Mendozarena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.