Ez dute nostalgiaren zamarik nahi, baina ez dituzte soilik euren kantak joko. Haatik, Euskal Herrian 1980ko hamarkadan sorturiko musika oldearen erakustaldia egingo du Zarama taldeak gaur Bilbon, Izar & Star ekimenaren harira.
Ibaizabalen ezkerraldetik euskaraz punk-rocka egiten. Inoiz ikusi gabekoa ekarri zuen Zarama taldeak 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera. Zazpi disko eta ehunka kontzertu eman ondoren, bertan behera utzi zuten taldea 1995ean. Duela bi urte itzultzea erabaki zuten. Zarama birziklatua bira egin zuten, eta Zuzen plazaratu zuten, bira horretan grabaturiko disko/DVDa.
Disko hartan sarturiko 12 kantetatik 11 Zaramaren klasikoak dira: Kostako bidea, Gaueko buruko mina, Sexkalextrik, Gasteizko gaua, Euritan, Txatxo, Zoaz Euskal Herrira, Iñaki, Bostak bat, Dena ongi dabil eta Bihotzak sutan. Bestea Eskorbuto taldearen Eskizofrenia kantuaren bertsioa da. Gaurko emanaldian, horiez gain, garai hartako musikaren ikuspegi zabalago bat emango dute. Vulpess, Niko Etxart zein Kortaturen kantuak joko dituzte. Garai bateko punk espiritua dagoeneko birziklatuta dagoela dirudi, ordea. SGAEren Off Arteria ekimenaren barruan antolatu dute kontzertua.
ZARAMA
Noiz. Gaur, 20:15ean.
Non. Campos Eliseos antzokian, Bilbon.
Zarama: lana, fama eta zama
Roberto Mosoren taldeak 1980ko hamarkadako euskal punk-rockaren historia erakutsiko du Bilbon, nostalgiarik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu