PROPOSAMENAK

Zaporeak eta txupinazo pirata

Donostiako Piraten ikur bilakatu den abordatzeak abuztuaren 14an botako ditu ontziak itsasora. Parte hartu nahi dutenentzat, abuztuaren 1ean zabalduko dute izen ematea

Donostiako Piraten bozeramaileak, Donostiako portuan eman duten prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Igone Urtaza
Donostia
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Abuzturen 12an hasi eta 20an amaituko da Donostiako Piraten Aste Nagusia. Erik Urbieta Donostiako Piraten bozeramaileak, gauzak eraldatzera datorren «olatu geldiezin» gisa definitu du jai herrikoi parte hartzailea. «Mundua aldatzeko, nahikoa dugu espazio txiki bat hartzea, eragitea eta auzolanean lan eginez eraldaketa posible dela erakustea». Lehen abordatzean,50 bat lagun batu ziren. Azken urteetan, ordea, milaka lagunek parte hartzen dute festen antolaketan.

Urtero bezala, Ezkila kapitainak eta Matti laguntzaileak txupinazo pirata botako dute. Mattik aldarri bat izango du, Piraten balioekin bat datorren elkarte edo talde batek ordezkatua. Zaporeak elkartea aukeratu dute aurten. Haiek botako dute txupinazo pirata, Ezkilarekin eta Mattirekin batera. Zaporeak, Europara iristen diren errefuxiatuei janaria eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea da. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan otorduak ematen dituzte. Elkartearen helburu nagusia, pertsona zaurgarrien bizi baldintzak hobetzea da.

Aurreko urteetan ordezkatutako erakundeak izan dira, besteak beste, Martuteneko Auzo Elkartea, etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, abortu eskubidearen aldeko mugimendua, errefuxiatuak, Altsasuko gurasoak, merkatari txikiak, Naizen elkartea edota Euskal Herriko Bilgune Feminista.

Donostiako Piratek iazko egitura berreskuratuko dute aurten. Zortzi eguneko egitaraua prestatu dute, eta hainbat ekintza antolatu dituzte Flamenkan —Piraten Aste Nagusiaren erdigunea—, Guardetxean eta Trinitate plazan. Festa, hainbat ekitaldiz osatuta dago: bertso saioak, kalejirak, kuadrilla arteko jolasak, play-back lehiaketa, azoka, herri bazkaria... eta noski, abordatzea.

Haurrek ere euren programa izango dute: «Gazteenek partxea jantzi eta pirata izateko aukera izango dute». Ur jolasak, disko-jartzaile tailerra, abordatze txikia... Donostiako Piraten ikur bilakatu dira abordatzeak. Aurten abuztuaren 14an botako dituzte ontziak itsasora. Parte hartu ahal izateko, abuztuaren 1ean zabalduko duten zerrendan izena eman beharra dago.

Tokiko musika lehentasun

Flamenkako eta Trinitate plazako gauek euskal musika eskaintza zabala izango dute. Bertan izango dira, besteak beste, Iratzar erromeria, Nogen, Olaia Inziarte, Esne Beltza... Euskal musikari eta tokiko artistei eman diete lehentasuna. «Programazio askotarikoa, euskalduna eta feminista sortu dugu», adierazi du Urbietak.

Ane Telleria piraten bozeramileak talde feminista ere martxan dagoela azpimarratu du: «Jaiguneetan erasoak salatzeko aukera izango da [puntu morea], eta Bulebarrean erasoak artatzeko eremu bat egongo da». Udalarekin elkarlanean puntu more horrek 21 orduz lan egin dezan lortu dute, 13:00etatik 10:00etara. «Erasoak artatzeko gune gehiago eskatu ditugu, bakarra ez baita nahikoa». Aurreko urtean gertatu bezala, ez dute lortu. Piratek barne protokolo bat landu dute erasoen aurka.

Donostiako Aste Nagusi Pirata







Abuztuaren 12tik 20ra bitartean,Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.