Zaplaztekoa polizia-fiskalei

Alemaniako Konstituzio Auzitegiak gaitzetsi berri du 2003. urtean Hanburgo hiriko FSK irrati librearen kontra Poliziak eginiko operazioa. Oinarrizko eskubideak bortxatu zituztela ebatzi du.

Hanburgo
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hanburgon, Alemanian gertatu zen, 2003. urtean. Hiriko Poliziako 200 kide Schanzenviertel auzoan sartu ziren, hango ezkerreko irrati librea miatzeko eta agiriak eramateko. Alemaniako Konstituzio Auzitegiak joan zen astean emaniko ebazpenaren arabera, operazioa «neurriz kanpokoa» izan zen, «irrati askatasunerako oinarrizko eskubidea urratu zuen», eta irratiko kazetariak «beldurtzea» zuen helburu. Freie Sender Kombinat (FSK) irratiak erasoaren aurkako helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, Hamburgoko Auzitegiak miaketa aginduaren eta Poliziaren portaeraren aurkako salaketak baztertu ondoren.

Ebazpenaren arabera, erasoak irratigintzarako askatasuna zapuztu zuen, eta erredakzioaren konfidentzialtasuna hautsi zuen, irratiak prentsa ohar baten bitartez adierazi duenez.

Miaketarako aitzakia: irratiak zabaldu egin zituen Poliziaren ordezkari batekin telefonoz izaniko bi elkarrizketen grabazioak. Manifestazio baten aurka Poliziak eginiko erasoaren ingurukoa zen elkarrizketa, eta eledunari ez zioten eskatu hura aireratzeko baimenik. Poliziak argudiatu zuenkazetariak elkarrizketen konfidentzialtasuna urratu zuela.

Halere, horrek ezin du justifikatu irratiaren kontrako erasoa, Konstituzio Auzitegiak orain ebatzi duenez. Oinarrian dagoen lege-haustea ez da «irrati askatasunaren kontra jotzea justifikatzeko behar bezain larria». Horrez gain, Hanburgoko Auzitegiak ez du behar bezala erakutsi erasoaren proportzionaltasuna, ez miaketa agintzeko orduan ez eta afera aztertzerakoan.

Agerian geratu denez, ez ziren irratian sartu grabazioen bila. Azkenean agiri ugari eraman zituzten, estudioei argazkiak atera eta baita egoitzaren planoak egin ere. Beraz, Konstituzio Auzitegiak ebatzi du miaketa aginduan baimendutako ikerketarekin zerikusirik ez zituzten neurriak hartu zituzten. Ustezko frogak non aurkitu zituzten planoetan markatzeko lana ere ez zuen hartu Poliziak. Irratiko eledunek esan dutenez, «ebazpenak indarra eman dio guk miaketaren ondoren adierazi genuenari: hau da, helburu bakarra gure egitasmoa ikertzea zutela».

Auzitegiak kezka agertu du irratiak zuzeneko emanaldian pairatu zuen egoerarengatik. Kazetariei galarazi zieten operazioaren berri ematea zuzenean. «Goitik behera armaturik», poliziak estudioetan sartu, eta mehatxu egin zuten «argindarra kentzearekin» polizia operazioaren inguruko hitz bat bera aireratuz gero. Erasoaren epe luzerako ondorioak ere aztertu ditu auzitegiak: erasoak informazio iturriekiko «konfiantza harremanak zazpuztea» eragin du. Gogor gaitzetsi zuten epaileek halako «mugagabeko miaketak prentsa erakundean eragindako beldurra». Litekeena da horrek «etorkizunean erredakzioaren edo aferan parte hartu ez zuten kazetarien prestasuna zapuztea Estatuaren inguruko auziak kritikoki ikertzeko eta horren berria zabaltzeko orduan».

Hanburgoko Polizia eta Fiskaltzari aurpegian emandako zaplaztekotzat har daiteke ebazpena, prentsa askatasunaren esan nahia eta babesa noraino heltzen diren ulertu ez dutelako. Kritika zorrotza da Hiri-Estatuaren auzitegien kontra ere, dagokien kontrol funtzioa bete ez dutelako. Miaketa baimentzean eta, ondoren, irratiaren salaketari muzin egitean, Konstituzioak ezartzen dizkien beharrak bete ez dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.