Festa gosez, saltoka eta oihuka eman diote ongietorria gasteiztarrek Zeledoni hura San Migelgo dorretik agertu denean. Atzo18:00etan suziriaren hotsa entzunda egin zuen agerpena, urtero legez, euritakoa eskuetan zuela. Zerura begira jarri zuen plaza Zalduondoko pertsonaiak. Haurren eta zaharren artean ilusioa sumatzen zen begietan; gazteek, berriz, begi bat zeruan zuten, eta bestea xanpain botilan. Ez zen euririk etorri zerutik, ez aurreko egunetako kazkabarrik. Zeledonek, beraz, sobran zeukan bere euritako urdina; behekoei, ordea, ez zitzaien gaizki etorriko cava zaparradaz babesteko. Aterkirik ez zegoen behean, baina bustitzea ez zitzaien askorik inporta.
Xanpain botila amaituta zegoela konturatzerako, Andre Maria Zuriaren plaza erdia igarota zeukan jaietako protagonistak, orduan botilen kortxoen euria etorri zen, nork Zeledoni emango. Baina edariak bezala, kortxoak ondokoaren aurpegia jotzen zuen behin eta berriro. Hala ere, ardurarik ez horrek ere. Kortxoaren kolpea jasotzen zuenak, arreta zigarro-puruari lehor eusteko eta pizteko ahaleginean zeukan jarrita; zeinek handiagoa izan, eta zeinek ke gehiago atera zen erronka. Nahiz eta bazegoen zigarrotxoa pizten zuenik, ondokoari inbidia aurpegiz begiratuz.
Ke usainak plaza osoa hartu zuenean atera zen hezur-haragizko Zeledon plazaren behealdetik, jendetzaren oihuek eta suziri hotsek lagunduta. Orduan ekin zion plazaren igoera zailari. Aurten arnasestuka amaitu zuen 105 metroko ibilbidea, tartean txapela ere kendu zioten, eta burua irinez zipriztindu. Baina laguntzaileak fin ibili ziren, eta txapela buruan heldu zen Gorka Ortiz de Urbina San Migelgo balkoira, seietatik ordu laurden igarota. Bertan, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zuen zain. 11 urte ziren azken lehendakaria han egon zenetik. Zapia jarri ostean, barruan zeuzkan indar apurrak xahututa oihukatu zuen: «Gora Gasteiz! Gora Andre Maria Zuriaren jaiak! Gora Zeledon!». Plazak «gora!» ozen batekin erantzun zion, eta tarte hori baliatu zuen Ortiz de Urbinak arnasaldi bat egin, eta plaza dantzan jartzeko. Abesti famatuaren lehen hitza baino ezin izan zuen esan, baina: «Zeledon...», eta gasteiztarrek jarraitu behar izan zuten salto artean. Lau aldiz oihukatzeko indarra izan zuen Ortiz de Urbinak, nahiz eta nekea aitortu zuen: «Barkatu, baina ezin dut. Nekatu samar nago». Plazan bildutako parrandazale guztiek alboko kaleak bete zituzten jarraian, taberna bila, eta garbitzaileei txanda emanez
Aldarrikapenak, presente
Suziritik hasita, hainbat aldarrikapen egon ziren plazan, Martxoaren 3ko memoria historikoaren aldeko plataformak bota zuen suziria, 1976ko zein gaurko langileen borrokaren aldarrikapena soinean zutela. Plazan ere, borroka horren oinordekotza aldarrikatu dute Errekaleorreko auzokideek, Zuen ametsak Errekaleorren bizirik, M3 idatzia zeukan pankartarekin. Presoak etxeratzeko eskaera ere ikusgai zen plazan, Israelen «genozidioaren» eta fracking-a kontrako salaketen artean.
Gasteizko jaiak
Zaparrada bai, baina cavazkoa
Zeledonen jaitsierarekin, festa lehertu da Gasteizen.Txapela ere galdu du Zeledonek Andre Maria Zuriaren plazan bildu den jendetzaren artean.Martxoak 3 taldekoek bota dute txupinazoa aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu