Aralar mendiaren inguruan piztu zen Aranzadi zientzia elkartearen suaren txinparta. Izan ere, Aralarren, besteak beste, aztarnategi megalitikoak eta kobazuloak daude, Euskal Herriko herritarren antzinako kultura irudikatzen dutenak. Aralarko Lagunak izeneko mendizale talde bat txangoak egiten hasi zen, eta mendi itzuliez gain, espeleologia ere egiten zuten inguru horretan.
1945. urtean, elkarteko kideak ziren Joakin Gomez de Llarena, Maximo Ruiz de Gaona, Manuel Laborde, Reyes Korkostegi eta Jesus Elosegi Irazusta; Kataluniako zientzialari batzuekin elkartu ziren, mendilerroko sistema karstikoa ikertzeko. Igaratzako bordan pasatu zituzten egun batzuk elkarrekin, eta kataluniarrek proposatu zieten Euskal Herrian zientziarekin lotutako zerbait sortzea.
Ikusi gehiago:75 urte bete ditu Aranzadik
Beharrezko baimenak lortuta, 1947an sortu zuten Aranzadi natur zientzia taldea, Telesforo Aranzadiren omenez izena aukeratuta. 1975ean hartu zuen taldeak Aranzadi zientzia elkartea izena, natur zientziez gain, giza zientziak ere lantzen zituztelako. Hasiera batean, Donostiako San Telmo museoan hartu zuten aterpe; museoari edukiak ematen hasi ziren, zeukaten materiala garbituz eta katalogatuz. 1997. urtean mugitu zuten elkartea gaur egun dagoen tokira, Zorroagagaina kaleko hamaikagarrenera. Aurretik, Filosofia eta Letren fakultatea izan zen eraikina, eta alokairuan daukate 2033. urtera arte, Zorroagagaina fundazioarekin egindako hitzarmen bati esker.
75 urtean, zientziaren zaleen eta profesionalen aterpea izan da Aranzadi, eta 2.000 bazkide ditu gaur egun; horietatik 150 inguru hainbat diziplinatako ikerlariak dira. Izan ere, zientziarekiko interesa zuen talde batek jarri zuen elkartea martxan, baina 1970eko hamarkadatik aurrera profesionalizatu egin zen elkartea: orduan hasi zen batik bat unibertsitatetik zetorren jendea sartzen. Dena den, ateak zabalik mantendu dituzte beti edonorentzat.
Javier Barajas kazetaria ari da 75 urteetako historia batuko duen liburua idazten, eta urte amaieran aurkeztea espero dute. «Oso elkarte berezia da, ez delako ez enpresa bat, eta ezta akademikoak soilik dauden ikerketa zentro zientifiko bat ere; ez dago horrelako ezaugarriak dituen beste elkarte zientifikorik», esan du kazetariak.
Zaletasunetik abiatu eta profesional bihurtu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu