Xabaltx musikariak eta Inda behorrak bidaia bat hasi dute, zeharkaldi bat Euskal Herriko zenbait herritan barna, desagertuak edo galtzekotan diren kantuen bila. Lehen grabaketak Hondarribian (Gipuzkoa) egin dituzte, eta datozen asteetan euskal kantuen ondare zaintzako lanetan arituko dira zenbait txokotan. Zeharkaldi horren emaitza Kantuen kontrabandista dokumental saioa izango da. Kanaldudek datorren urtean estreinatuko du —ez dago estreinaldirako datarik—, eta France3k 2022an emango du—euskaraz, frantsesezko azpidatziekin—. Kestu ekoizpen etxearen lan bat da. Saioa egiteko ideia Iban Rusiñolena da, eta bera da zuzendari eta gidoilaria. Atzo aurkeztu zuten, Baionan.
Rusiñolek azaldu duenez, joan dira bospasei urte Xabaltxekin abentura bat grabatzeko ideia piztu zitzaionetik. «Ideia aipatu nion musikariari, eta hark ere halako zerbait egin nahi zuen». Ondotik, Xabi Berraondo ekoizlearekin jarri ziren harremanetan, eta hark kantu zaharrak biltzearen ideia eraman zuen proiektura.
Saioak «abentura kutsu nabaria» izango duela aurreratu du Rusiñolek. «Noizbehinka, Xabaltxek hitz egingo dio kamerari. Etengabe inprobisatzen ari dela emango du, nahiz eta ez den ezer inprobisatua egongo».
Metodologia bat hartu dute lana aurrera eramateko: Resurreccion Maria Azkueren kantu zaharren liburu bat baliatu dute oinarritzat —digitalizatuta dagoen datu basea, hain zuzen—, eta herri jakin bakoitzean Azkuek zein kantu zahar bildu zituen begiratzen dute. «Ekin diezaiogun abenturari, ea norbait aurkitzen dugun kanta ezagutzen duena». Hartara, atal bakoitzean transmisore bat dago, «gehienetan, adin jakin batekoa», eta, gero, kantu zaharra gaur egungo musikari batzuei pasatzen diete.
Kontzertu bat, bukatzeko
Sei etapa izango ditu zeharkaldiak, eta Larrainera (Zuberoa) iritsiko dira. Programako zazpigarren eta azken atalerako, berriz, kontzertu bat antolatuko dute. Saioan bildutako kantu zahar guztiak eskainiko dituzte kontzertuan bidelagun izan dituzten musikariek. Udaberrian egin nahiko lukete kontzertu hori.
Horrez gain, Rusiñolek aipatu duenez, Facebook sare sozialean talde bat sortu dute, herritarrek kantak proposatu ditzaten. «Saioko kantuei buruz hitz egingo diguten transmisoreak bilatzeko baliagarria izatea ere espero dugu». Transmisoreen bila ari direnez, deialdia egin dute ea honako herri hauetan nork ezagutzen dituen kanta hauek: Zugarramurdin (Nafarroa), Abenduaren hamarraz; Baigorrin (Nafarroa Beherea), Bazterretik bazterrera, Larretik etxera yin edo Espainia hortan; Bankan (Nafarroa Beherea), Sujet berri bat; Luzaiden (Nafarroa), Anderia gorarik; eta Senperen (Lapurdi), Arrosa xuriaren azpian.
Rusiñoli iruditzen zaio bigarren denboraldi bat egiteko aukera egon daitekeela, sare sozialetan herritarrek proposatutako kantak baliatuta.
Zaldun bat abesti zaharren bila
Xabaltxek 'Kantuen kontrabandista' aurkeztuko du. Kanaldudek eta France3k ekoitziko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu