Berri pozgarria izan ohi da edozein etxetanhaurtxo jaio berri baten etorrera. Zaldibian (Gipuzkoa) kasu berezi bat gertatu da. Eneko Rodriguez mutikoa jaiota, Zubi-Ondo tabernako familian bost belaunaldi izatera pasatu da. Amaren aurretik ez bat, ez bi, hiru amona ditu haurrak: amona, birramona eta herenamona (amonaren amona).
Pozez kabitu ezinik daude etxeko guztiak. Uztailaren 10ean jaio zen mutikoa, Zumarragako ospitalean. Morrosko ederra jaio da: 3.880 gramo pisuan, eta 55 zentimetro luzean. Etxean, berriz, oso kasu gutxitan izaten den familia luzea zuen zain. Bost mailako sendia, bost belaunaldiko familia osatu dute.
Tabernarekin estu lotutakoa da Eneko Rodriguez haurtxoaren familia. Zaldibiako Zubi-Ondo tabernan jaio, hazi eta hezi dira guztiak. Gaur egun ere taberna gainean bizi dira denak, eraikin berean. Bezero eta herritar ugari sartu dira tabernara, zorionak ematera. Barraren atzean, 50 urterekin aitona egin duten Xabier Mendizabalek satisfazioz erakutsi ditu mutikoaren argazkiak, sanferminetako lepoko zapi gorriarekin, edo Joxepa Etxeberria herenamonarekin ohean. «Ehun urteren aldea izateko, bi hilabete justu falta dituzte. Joxepak irailaren 10ean beteko ditu, eta Eneko uztailaren 10ean jaio zen», dio Mendizabalek.
Joxepa Etxeberria da familiako matriarka, herenamona. Zaldibiako Lazkaomendiko Okobio baserrikoa da jaiotzez, eta neskame joan zen Zubi-Ondora, hango semearekin ezkondu zen. Hiru alaba eta seme bat izan zituzten —semea berriki hil da, istripu batean—. Alaba bat, Maritxu Irastortza, 1935ean jaio zen. Sukaldean lanean jarraitzen du, eta 78 urterekin birramona egin da. Koro Garmendia haren alabak eta Xabier Mendizabal suhiak laguntzen diote tabernako lanetan; 50 urterekin egin dira biak aitona-amona.
Historia honetako beste protagonista, berriz, Amaia Mendizabal da; 26 urterekin eduki du lehenengo semea. Eta etxean begi guztiak bereganatzen dituen haurtxoa Eneko Rodriguez da. Aurreko asteazkenean jaio, eta, amari ama titulua emateaz gain, familiako aurreragoko guztiak gradu bat gorago igoarazi ditu.
«Eneko txintxo-txintxoa da. Egunero etortzen da ia», dio amonaren anaia Joxe Martin Garmendiak. «Lerdea dariola» daude guztiak, aitortu duenez.
Birraitonak egindako sehaskan lo egiten du, goxoki, jaioberriak. «Martin arotzak—birraitonak— sehaska bat egin zuen bere seme-alabak jaio zirenean, eta ordutik etxeko ume denak hor egon dira», dio Mendizabalek. Duela bost urte, ETBko Postdata saioan erreportaje bat egin zieten, etxe berean lau belaunaldi bizi zirelako. Bosgarrenarekin bitxitasun handiagoa etorri da: «Oso polita da hau, oso polita. Ehun urteko aldearekin ohe batean bost belaunaldiren hartu-eman hori ezagutzea, ez da ikusten samurra. Oso-oso polita da», errepikatu du aitonak.
Bizitza luzea izatea beharrezkoa bada ere, Joxe Martin Garmendiak azaldu du familian ez direla denak urte asko betetzera iritsi. «Batzuk gazte hil dira, gaixotasunekin. 'Zuen geneak...' esaten digute, baina familia honetan ere denetik izan da».
Bost mailako katea osatzeko, ezinbestean, ondorengoak garaiz izatea da gakoa. «Amaiak lau birramona eta birraitona bat ezagutzeko zortea eduki zuen», dio haren osabak.
Maritxu Irastortza birramonaren arabera, «gazterik» ezkondu dira denak. «Nire ama 20 urterekin, baina gero bi urtean ez zuten izan familiarik. Koro eta Xabier, 23na urterekin. Ni, hala ere, oso gazte ez, 26 urterekin».
«Satisfazioa hori da. Gazte ezkondu, eta orain alabak ere umea izatea. Ilusioa egiten du», dio Xabier Mendizabal aitonak.
Aholkuak ematen
Sasoiko dago Joxepa Etxeberria herenamona, bai buruz, bai osasunez; ehun urte betetzeko bi hilabete falta zaizkio. Eguraldi beroarekin gaizki ibiltzen bada ere, lagunak joaten zaizkionean tabernara jaisten da. «Oso ondo dago. Bera jaikitzen da, berak egiten ditu bere gauza denak. Ez du batere lanik ematen», dio Maritxu Irastortza alabak. «Energia faltan dago, ehun urte dira eta. Eneko berak zainduko duela esaten du; berari uzteko ohean, lasai, eta zainduko duela», esan du, barrez, Xabier Mendizabal aitonak. «Eta gu behera lanera bidaltzen gaitu», borobildu du Irastortzak amaren aldartea.
Umeak hazten ohitutakoa da Joxepa Etxeberria. Bere laurak hazteaz gain, ondorengo guztiak hazi ditu etxean. «Senideak diferentzia handikoak gara gu; hiru ahizpak lau urteren aldekoak, baina anaia ni baino 19 urte gazteagoa zen. Amak denoi eman zigun bularra. Semeari, sei urte bete arte. Enkarguak egitera joaten zen mutikoa. Esaten zion amak: 'Joan hadi denda berrira, eta ekarri azukrea', edo behar zuena. 'Titia ematen badidazu, bai', erantzuten zion umeak. Harik eta titia eman arte, ez zen joaten. Umeak jartzen zion aulkia, han eseri, eta titia edan», gogoratu du Maritxu Irastortzak.
Hori izan daiteke sekretua, agian. Eta lana egitea. «Langilea da ama», dio Irastortzak. Baita bera ere. Egunero lanean aritzen da, sukaldean, 78 urterekin, nahiz eta «plastikozko» belaunak dituen, protesiak. «Lanean ibiltzen gara ondoena. Arratsaldean bi ordu atseden hartzeko uztea, horixe bakarrik eskatu nien».
Orain, plater bat gehiago jarri beharko dute Zaldibiako Zubi-Ondo tabernako mahaian. Bost izarreko etxean.
Zaldibian, bost izarreko belaunaldia
Eneko Rodriguez mutikoa jaiota, Zaldibiako Zubi-Ondo tabernako sendiak bost belaunaldi ditu. Ehun urteko aldea dago herenamonaren eta jaioberriaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu