Zaldibarko luiziaren osteko egunak, BERRIAren dokumental batean

Berria telebistak 'Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena' lana estreinatuko du bihar

Nahia Sololuze, Alberto Sololuzeren alaba, Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena lanean. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun

Larunbatean beteko da urtebete Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) jausi, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatu zituenetik. Urteurrena gogoratzeko, BERRIAk Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena dokumental laburra ekoitzi du. Lan horretan, 2020ko otsailaren 6tik 16rako egunak nolakoak izan ziren gogoratu dute hiru protagonista hauek: Nahia Sololuze, Alberto Sololuze hildako langilearen alaba; Oskar Morales, Eitzaga auzoko bizilaguna; eta Iñaki Petxarroman, BERRIAko kazetaria. Gertatutakoaren berri nola izan zuten kontatuko dute, baita eurentzat hurrengo hamar egunak nolakoak izan ziren ere. Bihar 21:00etan estreinatuko dute lana, BERRIAren webgunean.

Euskadi Irratiak gertatutakoaren inguruan eman zuen lehen albistearekin hasten da dokumentalaren kontakizuna, eta BERRIAk hamar egun geroago argitaratu zuen garraiolari baten testigantzarekin amaitzen da (zabortegiaren funtzionamendua azaltzen duen audio argigarri bat). Egun horietako bizipenak jasotzea izan da BERRIAren helburua: gaia hain zabala izanik eta hain ondorio tragikoak izanik, hiru pertsona horien ahotik entzutea zer gertatu zen.

Nagore Arinek, Lara Madinabeitiak eta Jon Ordoñezek egin dute dokumentala. Gidoia Arinek eta Ordoñezek ondu dute; irudiak, soinua eta edizioa Arinen eta Madinabeitiaren lana izan dira, eta ekoizle lanetan Ordoñez aritu da.

Berria TBko lantaldea Zaldibarren eta Azpeitian (Gipuzkoa) izan da dokumentala grabatzen, eta 25 minutuko ekoizpen bat da lan horren emaitza. Hiru protagonistek ikuspuntu desberdinetatik ikusi zuten egun horietan gertatutakoa, eta hala jaso da dokumentalean ere. Nahia Sololuze Alberto Sololuzeren alaba da, eta bere familiak egun horietan zer eta nola bizi izan zuen kontatzen du. «Lanean nengoen, eta lehenengo whatsapp-ak hasi ziren: 'Ermuan mendia jausi da autobidean'; ni beharrean nengoen, eta ez nion kasurik egin. Handik ordu erdira amak deitu zidan, 17:30ak aldera eta... piztu egin zitzaidan bonbilla: aita».

Oskar Morales Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunak lanean zela izan zuen gertatutakoaren berri. A-8 autobidea itxita zegoenez, autoa lantokian utzi, eta trenez eta oinez itzuli zen etxera; zabortegia jausi zen lekutik metro batzuetara bizi da: «Ikusten ari ginen dimentsio potoloa ari zela hartzen, eta gauzak ez zeudela argi, ez funtzionamendurako, ezta erreskate lanetarako ere».

Iñaki Petxarroman BERRIAko erredakzio zuzendaritzako editoreetako bat da, ingurumen gaietan espezializatutako kazetaria, eta gertutik aztertu zuen lehen egun horietan Verter Recyclingen zabortegian gertatu zena. «BERRIAn jabetu ginen gertatzen ari zena oso potoloa zela; batetik, amiantoa agertu zelako, eta, bestetik, zabortegi bat behera etortzeak esan nahi duenagatik».

Urteurrenaren harira BERRIA argitaratzen ari den eskaintza informatiboaren parte bat da dokumentala. Igandeko egunkarian, Euskal Herria saileko kazetariek luze eta zabal jorratu zuten hondamendia eta haren ingurukoak. Joan den astean, BERRIA zabortegian bertan izan zen, eta hango lanen lekukotza zuzena eman zuen igandean. Gainera, BERRIAk ondorioen balantzea ere egin zuen eta zabortegiko bezeroen zerrenda argitaratu zuen. Alberto Sololuzeren gorpua abuztuan agertu zen, baina Joaquin Beltranena oraindik ez dute aurkitu. Lan horrek segida izango du aste osoan.

[YouTube]https://youtu.be/DerzXj0xt6Y[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.