Zaldiak, pertsonen sentimenduen isla

Zaldiek gaitasuna dute pertsonek zer sentitzen duten hautemateko, eta lotura bat sor daiteke haien artean. Horretaz jabetuta, espezializatutako profesionalek zuzentzen dituzten terapiak eskaintzen dituzte Arrasateko Zabolain zalditegian. Egokitutako saioak dira guztiak.

Zabolain zalditegiko sarrera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Arrasate
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ijijiji, entzuten da barruko pistan. Zaldiak trostan ari dira, bueltaka. Hipnotikoa da haiei begiratzea. Azkar doaz; denbora, berriz, astiro doa begira dagoenarentzat. Zaldiak ere badaki norbait dagoela, sumatzen du; sentitu, beharbada. Egiaztatuta dago pertsonekin lotura berezi bat sortzeko gai direla. Haiengana gerturatu orduko, badakite nola dagoen, triste edo pozik, urduri edo lasai. Estimulazio sentsoriala, emozioen kudeaketa, autoestimua, oreka, gaitasun sozialak, enpatia... Zaldiek gauza askotan lagun diezaiekete gizakiei. Ez dira bakarrik haien gainean ibiltzeko; terapia ere egin daiteke haiekin: zaldi terapia.

Duela urtebete ireki zuten Arrasateko (Gipuzkoa) Zabolain zalditegia. Ordutik, ohiko hipika klaseez gain, zaldi terapia sesioak antolatzen dituzte. Mendien arteko ingurune natural ederrean dago zalditegia; beraz, leku ezin hobea da terapia saioak egiteko. Arlo desberdinetan espezializatutako profesionalek zuzentzen dituzte saioak, eta zaldiek bideratzaile moduan parte hartzen dute. Besteak beste, gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen errehabilitazioa, integrazioa eta garapen fisiko, psikiko eta soziala garatzen dira terapiari esker. Horretarako, hainbat estrategia erabiltzen dituzte, terapia pertsona bakoitzari egokitzeko; beraz, saioak taldekoak edo banakakoak izan daitezke.

Herbehereetan jaio zen Judy Biallosterski zalditegiaren jabea, baina 30 urte baino gehiago daramatza Arrasaten bizitzen. Haren senarrak auto istripu bat izan zuen 1993an, eta garuneko kalte konponezinak ditu harrezkero. Istripuaren ostean, garuneko kalteak sufritu dituzten pertsonak eta haien senitartekoak biltzen ziren elkarte bat sortu zuen gaixo kronikoak hartzeko, Arrasateko Aita Menni Ospitaleko langileekin batera; kongresu bat antolatzen zuten urtero. Kongresu bateko hitzaldi batean, zaldi terapiari buruz hitz egin zuten Bartzelonako neska batzuek. Jende askori zenbat lagun diezaiokeen azaldu zuten. Ordutikizan du interesa zaldi terapian Biallosterskik.

Hipika zentro bat izatea zuen amets betidanik, eta hogei urte baino gehiago pasatu zituen zalditegia eraikitzeko leku apropos baten bila.«Zergatik ez zaldi terapia eta hipika batu?», pentsatu zuen aspaldi. Are, azaldu duenez, «ez da bideragarria» zalditegi bat zaldi terapia saioetarako bakarrik izatea: «Beste gauza batzuekin konbinatu behar da». Zalditegia irekitzearekin batera hasi zen zaldi terapiako saioekin.

Ez zen bakarrik hasi, ordea. Pazienteekin lan egiteko profesional kualifikatuak behar dira. Goizane Arce heziketa fisikoan diplomaduna da, eta zaldi terapiako graduondokoa egin zuen Viceko Unibertsitatean (Herrialde Katalanak). Argitu duenez, zaldiekin egin daitezkeen hainbat terapia mota daude, adin eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonentzat.

Bazterkeria sufritzen dutenekin lantzen den zaldi terapia soziala eta saio indibidualen bitartez emozioak lantzeko balio duen terapia psikologikoa dira aipagarrienak. Hipoterapia ere zaldi terapiaren parte da, baina arreta gehiago jartzen du pertsonaren errehabilitazio fisikoan. «Horrek ez du esan nahi gainerako helburuak lantzen ez direnik», gaineratu du Arcek. «Oro har, arazo fisikoekin zerikusia duen guztia pertsonak izan ditzakeen gaitz psikologikoekin ere lotzen da», gehitu du Biallosterskik.

Zientziak gutxietsia

Gero eta gehiago, baina oraindik zaldi terapia ez da oso ezaguna jendearen artean. Mediku edo psikologo askok ere ez dute kontuan hartzen. Duda barik, «gutxietsita» dagoela uste dute Biallosterskik eta Arcek. Terapia osagarria da, gainera. «Paziente askok beste terapia asko egiten dituzte. Beraz, sekula ez da jakiten zerk eragiten dituen hobekuntzak», esan du terapeutak.

Hipoterapiaren kasuan, gehiago igarri daiteke pazientearen progresioa, zalditik jaitsi bezain laster mugimenduetan nabaritzen delako: giharrak erlaxatzen zaizkie, adibidez. Eta, oraindik gutxi badira ere, badaude garun paralisia dutenei hipoterapia saioetara joatea gomendatzen dieten medikuak.

Gero eta jende gehiagok eskertzen du zaldi terapia: garun paralisia dutenek, TDAH dutenek, TEA dutenek, garapen motorraren atzerapena dutenek, sindromeren bat (West, Williams, Down) dutenek eta autoestimu arazoak dituztenek, besteak beste. Hori kontuan izanda, pertsona guztien beharretara egokitzen diren saio ezberdinak antolatzen dituzte Zabolainen.

Bada, ordea, saio guztietan beti mantentzen den funtsezko zerbait, Biallosterskik nabarmendu duenez: «Balioak eta elkarren arteko interakzioa dira garrantzitsuena. Leku askotan zaldi gainean ibili besterik ez dute egiten; hemen, berriz, zaldiarekin konektatzen du jendeak». Bakarkako saioetan bereziki denbora asko ematen dute pazienteek, zaldia ezagutzen, eta Arcek esan du haurrak badira «jolas asko» egiten dituztela.

Animalia sentsitiboak

Ukuiluan dauden zaldiei jaten ematen die Joseba Basaurik. Goizero Zabolainera igotzen da zaldiak zaintzera. Arratsaldeetan, berriz, Gureak enpresako fabrikan egiten du lan. «Dena emanda nabil», esan du, pozik: «Asko gustatzen zait animaliekin lan egitea. Oso ondo portatzen dira, baina batzuetan urduritu ere egiten dira». Zaldiekiko sentsibilitate berezia du Basurik, eta «goxo» hitz egiten die zaldiak urduri daudela sumatzen duenean.

Zaindu egiten ditu, jaten ematen die, garbitu egiten ditu... Ez da lan erraza Basaurik egin behar duena. Halere, gustatzen zaio, eta nahiago du zaldiak zaintzea tailerrean lan egitea baino: «Zarata handia dago tailerrean, lasaiago nago zaldiekin. Gainera, ogia ematen diet ondo portatzen badira».

Basaurik zaldiek zer sentitzen duten jakiteko gaitasuna duen bezala, zaldiek pertsonek sentitzen dutena hautemateko gaitasuna dute. Animalia sentsitiboak dira, eta biziraupen instintua daukate; inguruan gertatzen den guztia hautematen dute. Arceren arabera, gizakien antz handia daukate. «Animalia sozialak dira, gu bezala. Badakite entzuten diezun, haserre zauden, pozik zauden. Zaldiarengana hurbiltzean lasaitu egiten gara. Zaldiek bakea bilatzen dute, eta emozio asko pizten dizkigute».

Hain zuzen, orduak eman ditzake Biallosterskik zaldiei begira, bakean. Izan ere, argi dauka «gizakiaren sentimenduen isla» direla: «Zaldiek beldurrak gainditzen eta geure buruarengan konfiantza izaten laguntzen digute».

Etorkizunean, agian, frogatuko da zein lagungarria izan daitekeen ekinoterapia jendearentzat. Zalditegiko jabeak uste du oraindik hainbeste jendek probatu ez duenez ez dagoela daturik: «Medikuntzan dena kopuruekin neurtzen da: datuak behar dira». Oraindik ezagutzen ez diren osagai asko ditu terapia horrek, baina Biallosterski eta Arce ziur daude funtzionatzen duela. Behar duen jendeari laguntzen jarraitu nahi dute, egokitutako terapia ezberdinen bitartez.

Azkenik, Biallosterskik Zabolainera gonbidatu nahi izan du jende guztia: «Ezagutzen ez duenak proba dezala, eta ondoren esan dezala zer iruditu zaion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.