Artedrama, Axut! eta Dejabu konpainien antzezlan arrakastatsua izan da Zaldi urdina. Orain, berriz, fikziozko podcast bilakatu dute. Aingeru 17 urteko gaztearen arrastoaren bila jarriko ditu entzuleak. Antzezlaneko trama bera du audio fikzioak ere. Hilaren 17an estreinatuko du EITBk euskarazko fikzioa, bere podcast plataforman.
Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitako antzezlana da Zaldi urdina. Ximun Fuchsen zuzendaritzapean, Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Iraitz Lizarraga, Oier Zuñiga, Urko Redondo eta Olatz Beobide aritu dira aktore lanetan, besteak beste.
Artista lantalde bikaina dakar audio fikzioak ere. Podcasteko ahotsen artean, Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Maite Larburu, Oier Zuñiga eta Argi Perurena aktoreenak daude.
Binauralean muntatutako seriea da Zaldi urdina. EITBko ordezkariek Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dutenez, esperientzia murgiltzailea sortzen du, eta bereziki aproposa da audio kaskoekin entzuteko. Hain zuzen, estreinaldiarekin batera, kasko batzuen zozketa egingo dute Interneteko sare sozialetan lehen atalari buruzko galdera bat asmatzen duten parte hartzaile guztien artean.
Hilaren 17ko estreinaldiaren ostean, astelehenero atal bat zabalduko dute EITB Podkast atarian. Bederatzi atal dira guztira, eta 12 minutu inguru ditu bakoitzak.
Fikzioaren istorioari dagokionez, gazte bat hil eginda tekno jaialdi batean, Zaldi Urdina izeneko droga berria hartuta. Bitartean, Aingeru, 17 urteko gaztea, desagertu egin da. Droga berria trapitxeatzen dabilena bera delakoan, denak atzetik ditu: familia eta polizia. Amets Aingeruren 22 urteko arreba errebeldeak, Karmen amonak eta Simon udaltzainak astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen, aurkitu behar dute Aingeru, eta epaitegira abokatu on batekin eraman. Atzera kontaketa hasi da. Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteen ondoezak eta ametsak, trafikatzaileen eta interes ekonomikoen boterea, eta polizia indarren eta politikaren konplizitatea.
‘Artxipelagoa’-ren bidetik
Artxipelagoa fikziozko podcastaren arrakastari eutsi nahi dio Zaldi urdina lan berriak. Izan ere, gehien entzundako euskarazko podcasta izatera iritsi da Artxipelagoa audio fikziozko seriea.
Ulu Mediaren fikzio distopikoa izan da EITB Podkast atarian klikaldi gehien izan dituen edukia: 5.300 entzunaldi baino gehiago. Agregatzaileetan ere emaitza onak izan ditu: 14.500 klikaldi Ivoox, Google Podcast, Apple Podcast eta Spotifykoak batuz. Spotifyko emaitzak dira nabarmentzekoak: 807 harpidetza lortu ditu aurreneko denboraldian. Urriaren 11n, «Espainiako edukien artean Top #69 postuan» kokatzea lortu zuen.
EITBren arabera, hori da euskarazko podcast batek inoiz izan duen emaitzarik onena. EITBk oraindik ez du argitu bigarren denboraldia egingo ote duten.