Joseba Zabalza. Argazkilaria

«Zakarretik bizi den jendearen duintasuna erakutsi nahi dut»

Mundu osoko zabortegietan ibili da Joseba Zabalza argazkilaria bertan bizi den jendearen bizimodua erretratatzen, eta lan horren emaitza jarri du orain ikusgai Iruñeko Ziudadelan otsailaren 13ra bitartean.

Munduko handienen artean da Payatas zabortegia, Manilan. JOSEBA ZABALZA.
Iruñea
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Joseba Zabalza argazkilariaren Welcome to the garbage mountain (Ongi etorri zabor mendira) erakusketak bost kontinenteetako zabortegietan pilatzen den zakarra eta zaborretik bizi den jendearen bizimodua erakusten ditu. Kontsumo eroaren ondorioen inguruan gogoeta egin nahi izan du Zabalzak, eta, era berean, zaborretik bizi diren lagunen bizi gordina duintasunez islatu. Izan ere, Munduko Bankuaren arabera, 100 milioi pertsona baino gehiago bizi dira zakarretik herrialde azpigaratuetan. Erakusketa Iruñeko Gotorlekuko Arma aretoan ikus daiteke, otsailaren 13ra bitarte.

Nola sortu duzu argazki bilduma?

Bilduma egiteko ideia 1992an sortu zen. Guatemalara joan nintzen erreportaje batzuk egitera, eta hiriaren erdian zegoen zabortegi handi batean sartu nintzen. Han aurkitu nuena ikaragarria izan zen. Zakarraren artean jende ugari bizi zen. Familia osoen lanbidea hondakin mendi ikaragarrietan gauzak biltzen aritzea zen. Hura ikusita, zabortegiak beste kontinenteetan ere nolakoak izanen ziren ikusi nahi izan nuen, eta Madagaskarreko (Afrika), Filipinetako (Asia), Papua Ginea Berriko (Ozeania) eta Buenos Airesko (Amerika) zabortegietara joan nintzen. Herrialde garatuetako egoera ere aztertu nahi izan nuen, eta Albaceteko (Espainia) ijito familia batekin txatarra biltzen eta Iruñeko Emauseko Trapuketariekin etxez etxeko bilketa egiten ibili nintzen.

Herrialdeak ausaz aukeratu zenituen edo aurreikusitako plangintza baten barruan?

Historia ezberdinek toki ezberdinetara eraman naute. Guatemalakoa kasualitatea izan zen. Madagaskarrera joan nintzen Afrikan ere zabortegi bat topatu nahi nuelako. Afrika da munduko tokirik txiroena, eta jakin nahi nuen zer birziklatzen zen. Batez ere zebuaren hezurrak birziklatzen direla ikusi dut. Ehotu egiten dituzte, eta parafinarekin nahasten dituzte xaboia egiteko. Beste kontinenteekin alderatuta, Afrikara ez da hainbeste hondakin iristen, eta zakarrera ez da gauza handirik botatzen. Are gehiago, bada bigarren eskuko merkatu bat, non jendeak zabortegietan aurkitutako gauzak saltzen dituen. Sal ditzake xiringa erabiliak, gizaki zurien argazkiak. Madagaskarren lur azpian zegoen zabortegi batean ibili nintzen, jendea lur azpian sartzen zen zakarra biltzera.

Manilara (Filipinak) joan nintzen hangoa munduko zabortegi handienetako bat delako. Manilak 14 milioi biztanle ditu, eta zakar guztia zabortegi horretara botatzen dute. Papua Ginea Berrian zabortegi txiki batean egon nintzen, eta Buenos Airesen tren zurian ibili nintzen. Tren hori Buenos Aires handiaren errebaletik, villa miseria deiturikoetatik, hiriburura joaten da. Han uzten du jendea zakarra biltzen, eta gero berriro bueltan eramaten du.

Erakusketan zabor biltzaile askoren bizitzeko modua ikus daiteke. Asko aldatzen da herrialde batetik bestera?

Bai. Aldeak handiak dira. Zabortegien barruan badira zenbait maila; okerren daudenak zakarra zuzenean biltzen dutenak dira, zakarraren barruan sartu behar dutelako eguna joan eguna etorri. Gauza bat da zakarrean birziklatzen ari dena eta bestea zakar hori erosten duen bitartekaria. Bitartekari horrek badu beste bitartekari handiago bat zuzenean lantokiarekin negoziatzen duena. Adibidez, Guatemala hiriko zabortegian bada jendea bere haurrak Estatu Batuetako unibertsitateetara eraman dituena ikastera. Zabortegiko kartoi bilketa hiru lagunek kontrolatzen dute, eta 3 milioi biztanleko hiria izanik, pentsa zenbat tona kartoi biltzen duten. Bada jendea dirua egin duenean zabortegitik alde egin duena. Era berean, gremio asko joaten dira gauzen bila zabortegietara: zapatariak eta jostailu egileak. Urrea bilatzen duen jendea eta markako lurrin egileak ere badira. Lurrin ezagunen kristal potoak garbitu eta berriro betetzen dituzte zabortegitik ateratako lurrinekin. Produktu hori bigarren mailako merkatu batera joaten da, non jendeak, adibidez, zakarretik ateratako Channel 5 bat eros dezakeen. Ez da benetakoa, baina itxura hori du, eta ongi usaintzen du. Guztioi gustatzen zaigu kontsumitzea, eta telebista da kontsumitzen den lehen komunikabidea; eta erosteko eta erosteko esaten ari zaigu etengabe. Zabortegietan aritzen den jendeak hori bera egin nahi du.

Nolakoa da zabortegian aritzen den pertsona?

Denetarik dago, haurrak, emakumeak. Borroketako bat da haurrak zabortegira bidali beharrean eskolara bidaltzea. Familian jatekorik ez dutenean, zaila da guraso bati esatea bere haurrek zakarrean aritu beharrean eskolara joan behar dutela; diru sarrera gutxiago izango lukeelako familiari jaten emateko. Neskek zigor bikoitza dute, zabortegietan lan egiteaz gain, beren anai-arrebak zaindu behar dituztelako. Probintziatik hirira joandako jendea da gehienbat. Hirira iristen dira pentsatuz bizi hobea izanen dutela, baina zabortegian bukatzen dute. Gabeziekin bizi ziren herrian, eta zorigaiztoko bizia dute hirian.

Baldintza kaskar horietan lan egiteak osasun arazo eta gaitz jakin batzuk sorraraziko dizkie, ezta?

Oso baldintza kaskarretan aritzen dira lanean, eta askok droga mendekotasunak dituzte. Gizarteak gaizki begiratzen ditu, eta baztertu egiten ditu, askotan ez dute jatekorik. Nahasketa horrek guztiak denetarik hartzera bultzatzen ditu, dela koka, kola edo 90 graduko alkohola. Gas isurien arnasketagatik ere birika arazo larriak dituzte, eta hainbat piztiaren ziztadak. Haurrek arratoien erasoak jasaten dituzte maiz.

Iruñeko Emauseko Trapuketarien lana ere ezagutu duzu. Beste tokietako zabortegiekin parekatuta, aldea handia izanen da, ezta?

Bai. Herrialde garatuetan zenbat xahutzen dugun erakutsi nahi nuen. Birziklatzen dutena harrigarria da. Jendeak gauza berriak, oraindik etiketa dutenak botatzen ditu. Trapuketariek herrialde garatuetan birziklatze lana egiten dute. Zakarretik bizia ateratzeko aukera modu egituratuan egiten dutelako da interesgarria haien lana. Bestalde, erakundeak duen filosofia gustuko dut, gauzak ez eze, jendea ere birziklatzen dutelako. Lan egiten dute gizarteak baztertutako jendearekin.

Era berean, Albaceteko ijito familia batekin ibili nintzen txatar bila. Herrialde garatuen barruan laugarren mundua deitzen dena ere badugula erakutsi nahi nuen.

Kontsumo gizartearen ondorioetako batzuk jartzen ditu mahai gainean erakusketak. Salaketa lana da zurea?

Errealitate bat islatu nahi izan dut. Ahaztua dagoen jende jakin baten bizi-baldintzak eta bizimodua erakutsi nahi izan ditut, baina duintasunez. Egia da zakarretik bizi direla eta maiz zakarra jaten dutela, baina duintasuna dutela erakutsi nahi nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.