Itziar Lopez de Lacalle Añarbe (Gasteiz, 1958), zainak Araban eta Gipuzkoan dituena:«Gasteiztarrak nituen gurasoak, baina tolosarra genuen amaren aldeko aitona, gazterik Araiara bizitzera etorria. Gure aita, osaba Ruben eta beste zenbait, Andoni Urrestarazu Umandi-rekin hasi ziren euskaraz ikasten».
Gogo bera zuten Arantza Aranzabal Araolazaren (Gasteiz, 1959) aita-amek. «Aita Gasteizkoa genuen, ama Eskoriatzakoa, 9 urterekin Arabara etorritakoa. Amaren aldetik, euskaldunak ziren denak. Aitaren partetik, inork ez zekien euskaraz. Aita abertzale egin zen eta, hemengo zenbait neska-mutil gazterekin batera, eta euskaraz ikasten jardun zuen Ramon Narbaiza apaizarekin. Narbaizaren euskara ikasleak askotan joaten ziren mendira, eta giro horretan ezagutu zuten batak bestea eta halaxe ezkondu ziren». Eta haurrak izan zituztenean, Izaskun Arrueren akademia hura abiarazi zuten.
Pedro Ignazio Elosegi Gonzalez de Gamarraren (Gasteiz, 1960) gurasoek euskal giroa bizi zuten, klandestinitatean bazen ere. Amaren aldetik abertzale historikoak ziren. Arabako EAJren fundatzaile izan zuen birraitaita, Gonzalez de Gamarra. «Aita abertzalea zen, baina ez bere familia. Euskaraz, berriz, inork ez zekien gure etxean».
Iñaki Arriola Panguaren (Gasteiz, 1960) etxean ere ez aita ez ama ziren euskaldunak, baina bazen hari mehe bat: «Gure aita, Jose Antonio Arriola, Trapagaranen jaio zen. Eibarkoa zuen aita, gure aitaita Bartolome, lanak Bizkaiko herrira eraman zuena. Gero, familia Gasteiza etorri zen. Nola aitaita hala aita, ELA-STV inguruan ibili ziren beti. Ama gasteiztarra genuen, familia partez Errioxakoa, partez Lautadakoa. Gure etxean ez zen euskararik. Aitaitak bazekien euskaraz, baina ni oso txikia nintzela hil zen. Aitaren aldetik bazen euskal gogo bat, guk euskaraz jakitea nahi zuen, eta ama konbentzitu behar izan zuen gu Izaskun Arrueren etxera joan gintezen».
Iñaki Arriolaren aita Andoni Urrestarazu Umandi-ren ikasle izan zen, eta Umandi erbestera zenean 1951n, berak jaso zuen haren posta-txartela, atzerritik…
Zainak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu