Orion (Gipuzkoa) estreinatuko dute Gure Zirkuaren denboraldi berria, gaurtik aurrera. Zailtasunak zailtasun, egoera berrira egokituta, gaur irekiko dituzte zirkuko ateak. Printzipioz, abuztuaren 16ra bitarte, 23 saio eskainiko ditu Gure Zirkuak, denak ala denak Orion. Aurten, gainerako bi urteetan ez bezala, kokaleku egonkorra izango du zirkuak, eta testuingurua aldakorra denez, unean uneko osasun egoeraren arabera erabakiko dituzte aurrera begirako urratsak.
Segurtasun neurriak bermatzeko eta osasun agintariek ezarritako neurriei men eginez, karpa berria alokatu du aurten Gure Zirkuak, aurreko biretan erabilitakoaren halako bi. Izan ere, karpa azpi horretan aritzeak segurtasun neurriak errespetatzea ahalbidetuko die artistei eta baita publikoari ere. Hala ere, artistak «munstro» berri horretara ohitzen ari direla dio Iker Galartzak, publikoa hurbil sentitu nahi baitute aurten ere: «Publikoa lehen oso bildua genuen, eta orain, berriz, espazioa bikoitza da, eta dena askoz hotzagoa da». Hala ere, Galartzak jakinarazi du publikoa goxatzeko, beren esku dagoen guztia egingo dutela: «Uste dut jendea gertu sentituko dugula». Jendearen arteko espazioa mantentzeaz batera, garbitasun neurriak ere bermatuko dituzte; gel hidroalkoholikoa jendearen eskura utziz.
Pandemia egoera dela eta, abuztu amaierara arte Orioko Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko belarditik ez da mugituko Gure Zirkua. Honenbestez, Galartzak aitortu du aurrez hitzemanda zeuden herri txiki asko «zintzilik» utzi dituztela: «Haiekin hitz egin dugu eta esan diegu hau dena pasatzen denean, ahal bezain pronto joango garela». Izan ere, beste zenbait arlotan bezala, zirkuan ere garaiak eta boladak izaten dira, baina Galartzak azpimarratu du beti «oinak lurrean» izaten dituztela, datorrenari aurre egiteko prest:«Eskailerak igotzeko eta jaisteko dira, eta, berriro jaitsi behar baldin baditugu, jaitsiko ditugu, betiere gero bultzada hartu eta gora igotzeko».
«Zergatik ez gure herrian?»
2017an sortu zen Gure Zirkua, «lehenengo zirku euskalduna». Galartzak dioenez, gauza horiek betidanik gustatu izan zaizkio. Lehenago ere, beste zirku batzuetan aritutakoa da, eta adierazi du lan horrek «oso zoriontsu» egiten duela.
Zirku batek badu bere nortasuna, bere «lurraldetasuna». Badira zirku alemana, Portugalgo zirkua, Frantziako zirkua... Galartzak, ordea, Euskal Herrian zirku euskaldun bat egiteko beharra sentitu zuen:«Horrelako bat zergatik ez gure herrian?». Hala, bizia eman zioten euskal zirkuari, Galartzaren arabera: «Euskaldunok egina euskaldunontzat». Geroztik, Euskal Herriko hainbat herritarren gerriak mugitu ditu Gure Zirkuak. Artistek ere igarri dute aldaketa lehendabiziko ikuskizunetik gaurdaino. Izan ere, lehen, «oso kontentu» zeuden gauza gutxirekin, eta orain, berriz, «zuku handiagoa» atera nahi izaten diete beren trebetasunei.
Hala ere, beren ikuskizunetara ez dira soilik euskaldunak joaten, kanpotik ere joan izan dira. Galartzak gogora ekarri du behinola, Gorlizen, ingeles bat joan zitzaiela ikuskizuna amaitzean: «Behin, Gorlizen, ingeles ilehori bat ikusi nuen harmailetan, eta esan genuen: 'Hau hona etorri al da?', eta bai, gurera etorri zen, eta esan zigun: 'Good show' [ikuskizun polita]. Ez zituen gure elkarrizketak ulertuko, baina zirkua da, oso bisuala da, eta berdin-berdin egin zuen barre».
Galartzak esan du talde moduan Gure Zirkuak asko eman diela. Izan ere, aurretik elkar ezagutzen bazuten ere, sakonago ezagutzeko aukera eman die, finean, «familia» bat osatu baitute: «Kontu kontari aritzen gara hemen, zuhaitzaren azpian, hurrengo eguneko plana egiten dugu, eta, azkenean, elkarri 'ondo lo egin' esan, eta bakoitza bere karabanatxoan sartzen da, eta horrela egunero».
Taldea ez ezik, Iker Galartza bera ere indartu du Gure Zirkuak, baita Poxpolo pertsonaia ere, proiektu horrek bigarren bizitza bat eman baitio. Aurretik, Mokolo pailazoarekin elkarlanean aritutakoa da Poxpolo, eta bikotearen ibilbidea amaitu zenean, Gure Zirkuko pertsonaia sortzeko garaian, nahikoa buruhauste eduki zituen Galartzak, beste pailazo bat sortzeko garaia izan zitekeela pentsatu baitzuen: «Orain zer, beste pailazo bat egin behar dut zirkurako?».
Baina Galartzak argi zuen bera Poxpolo zela, eta bere pertsonaiarekin aurrera egin behar zuela:«Poxpolori bizia ematen jarraitu nuen, horixe baitzen nire barrutik ateratzen zen pertsonaia». Hala, Poxpolo ere Orion egongo da aurtengo udan, haur zein helduen irribarreak eragiten.
Zailtasun sokaren gainetik
Gaur ekingo dio hirugarren denboraldiari Gure Zirkuak, Orion. Zailtasunei aurre egin eta egoera berrira egokituta, zirkuaren magia zabaltzeko gogo betez daude oraingoan ere artistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu