Gidoigilea

Txema Ocio: «Zailena ideia aurkitzea da, potentzial handiko ideia bat»

'Lola & Virginia', 'Sandra, ipuinen detektibea' eta halako animaziozko telesailei esker ezaguna da Txema Ocio gidoilari gasteiztarra. Haren lanak 95 herrialde baino gehiagotan eman dituzte, hala nola Argentinan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Indian.

Txema Ocio gidoigilea, bere etxean. BERRIA
Txema Ocio gidoigilea, bere etxean. BERRIA
unai etxenausia
2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Animazioaren mundua liluragarria izan arren, bertan ageri diren fikziozko pertsonaien gidoiak idaztea ez da lan erraza. Txema Ociok (Logroño, Espainia, 1956) 30 urtetik gorako esperientzia du, eta hainbat plataforma handitan emititu diren telesailen gidoiak idatzi ditu. Haren ibilbideaz, sormenaren erronkez eta gidoigintzaren sekretuez aritu da solasean. «Asko ikusi, asko irakurri, eta, batez ere, asko idatzi behar da», hori da Ociorentzat kalitatezko gidoiak idazteko sekretua.

Gasteizko geltokian ematen zenuen denbora gehiena umetan...

Aita geltokiko burua zen, eta gurasoak eta nire familia osoa arabarra da. Baina Logroñon jaio nintzen, aitari lanpostua han eman ziotelako. Gero itzuli nintzen Gasteizera, eta haurtzaroa hainbat tren geltokitan igaro nuen, Gasteiz eta Lizarra [Nafarroa] arteko trenbidean. Orain, bide horietako asko bide berde bihurtu dituzte.

Uste duzu garai horrek zerikusia izan zuela gero gidoilari izatearekin?

Nork daki. Denbora asko pasatzen nuen bakarrik. Aita geltokiko burua zen, baina ahuntzak ere bazituen, eta sei anai-arreba ginen. Anaia nagusiak eta biok txandaka zaintzen genituen ahuntzak. Hainbeste denbora bakarrik pasatzean, istorio asko asmatzen hasi nintzen. Beharbada, hortik dator nire irudimena eta istorioak asmatzeko gaitasuna.

Gidoiak idazteko erritualik ba al duzu? Edo ideiak berez etortzen zaizkizu?

Ez; ez daukat erritual jakinik. Baina uste dut bakarrik egoteak laguntzen duela.

Zure ibilbidea animazioarekin oso lotuta egon da. Zergatik espezializatu zinen arlo horretan?

Egia esan, ez zen nire lehen aukera izan. Antzerkian hasi nintzen, ikuskizunak idazten. Gero, pixkanaka, gidoiak idazten hasi nintzen. Nire lehen animazio lana Miriam Ballesterosekin egin nuen. Eta harekin 30 urtetik gora daramatzat lanean. Lehenik, gidoi bat eskatu zidaten; gero, beste bat, eta, azkenean, konturatu gabe, espezializatu egin nintzen horretan.

Zure lanak mundu osoan emititu dira, ETB, TVE, Nickelodeon, Netflix, Disney Channel eta beste hainbat katetan. Presioa sentitzen al duzu zure istorioak hainbeste jenderengana iritsiko direla jakitean?

Ez askorik. Animazioak gehiago irauten du, eta hori abantaila bat da. Aktoreen telesail batek lehenago galtzen du indarra. Baina egia da istorioek ulergarriak, unibertsalak izan behar dutela munduko edozein lekutan.

Zein da zuretzat gidoi bat idazteko zailtasunik handiena?

Hasiera. Zailena ideia aurkitzea da, potentzial handiko ideia bat. Zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta kritikoago zara zeure buruarekin. Telesail luzeetan, berriz, beldur handia izaten dut atal gehiago idazteko ideiak agortuko ote zaizkidan. Imajinatu, 56 atal idaztea... eta, bitarte horretan, produkzio makina martxan dago etengabe. Erronka handia da.

Jasan behar izan al duzu inoiz aldaketarik edo murrizketarik produktoreen edo editoreen aldetik?

Bai, noski. Esaterako, Disneyrekin lan egin nuenean, gidoiak gainbegiratzen zituen pertsona batekin egin nuen lan; hark etengabe aztertzen zuen nire lan guztia. Behin, robot bati buruzko istorio bat idatzi nuen; eta hark giza ilea izatea nahi zuen. Orduan, esan zidan: «Trumpen ilea eduki dezala, laranja». Garai hartan ez nekien nor zen Trump, eta pentsatu nuen: «Amerikar hauek ez dakite zer esaten duten». Urte batzuk geroago ulertu nuen [barrez].

Zer gomendio emango zenioke gidoigintzan hasi nahi duen norbaiti?

Ez dakit ni naizen aholkuak emateko pertsonarik egokiena. Baina film asko ikusi behar dira, asko irakurri, eta, batez ere, asko idatzi. Formakuntza funtsezkoa da.

lotsabako

Gidoigile bat?
Ernesto Gaztambide, nire maisua.

Film bat?
Bill Wilder zuzendariaren The Apartment.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.