Blanca Fernandez Vigueras. Soziologoa eta NUPeko irakasle erretiratua

«Zailena da unibertsitateko irakasle gehienen ikuskera androzentrikoa aldatzea»

Bazterketa non, Fernandezen ezagutzak eta borrokatzeko grina han. Soziologoa da, eta NUPen irakasle aritu da 1993tik 2012ra. IPESen sortzaileetako bat da, eta genero ikerketa anitz egin ditu. Gaztetan hasi zen borrokan, eta oraindik jarraitzen du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Iruñeko Alde Zaharrean da hitzordua. Auzoa aski ongi ezagutzen du Blanca Fernandez Viguerak (Iruñea, 1951). Euskal Jai frontoian bizi izan zen txikitan, eta gerora San Miguel kalean ordu anitz eman ditu IPES elkartean lanean. Diru laguntzen murrizketengatik itota ixtear zirela, udalak Descalzos kaleko 72an hartu zituen. Han, emakumeen liburuz inguraturik mintzatu da frankismoaren aurkako borrokez, feminismoaz, soziologiaz eta NUPez.

Soziologoa da, eta unibertsitatean urte luzez aritu da irakasten, ikertzen, eta genero ikuspegia txertatu nahian. Are, hark sortu zuen genero graduondoa. Beti aritu da bidegabekerien aurka borrokan. LKIko militantziagatik kartzelan ere sartu zuen erregimen frankistak. Baina garai bateko oroitzapenek ez bezala hunkitzen du orainak. Gazte feministei buruz solasean hastearekin batera busti zaizkio begiak.

Nola gogoratzen duzu haur eta gaztaroko Iruñea?

Gogoan dudana tonu grisetan dago, argazkiak bezala. Garaiari egokitzen zaio tonu grisa. Gazteok kolorea ematen genion kultura maite genuelako. Haurtzaroan nire hezkuntza erabat erlijiosoa izan zen, eta gero hori nire burutik eta egunerokotik ezabatu behar izan nuen. Unibertsitate aurreko ikasketetan denbora asko eskaini behar izan nion horri.

Ez zenuen izanen heziketa hori ezabatzeko erraztasun handirik.

Garai hartan eta Iruñean, ez. Bestelako korronteak aztertzeko testuak fakultatean lortu nituen, Bilbon. Orduan hasi nintzen marxismoa irakurtzen eta formatzen.

Bilbora joan aurretik frankismoaren aurka borrokatu zinen?

Frankismoaren aurkako mugimendua Bilbon ezagutu nuen, 1970ean. Burgosko epaiketak izan ziren orduan, manifestazioak egiten genituen, LKIn militatu nuen, atxilo hartu ninduten, kartzelatik pasatu nintzen bi bider, eta TOPen epaiketa izan nuen.

Errepresioa bertatik bertara sufritu zenuen, beraz.

Bai, baina garai hartan hainbestek bezala. Basauriko kartzelan egon nintzen, eta han gizarte bazterketa ezagutu nuen. Ni erdiko klasekoa nintzen, eta hori ezagutzeak harritu ninduen. Emakume haiek han ziren lapurtzeagatik, prostitutak izateagatik, etxetik alde egiteagatik... generoari lotutako delituak ziren.

Nola bizi izan zenuen TOPeko epaiketa, jakinda salbuespenezko auzia zela? Beldurrez?

Gogo beroz bizi genuen egoera eta nazioarteko zein estatuko elkartasun handiarekin. Beraz, indartsu sentitzen zinen. «Hau erortzear da», pentsatzen genuen. Bi urteko zigor eskaria sei hilabetean geratu zen. Noski, beldurra bazen, ez zegoen askatasunik. Kontua da ohitzen zinela.

Nolatan joan zinen Bilbora soziologia ikastera?

Opusen hartu ninduten, zuzenbidean, baina sartu aurretik Gizarte eta Politika Zientzien lizentziaren berri izan nuen soziologia bihurtu zen gero. Gai sozialak, berdintasunik eza eta klaseak zergatik ditugun jakitea, injustizia soziala... asko interesatzen zitzaidan. Etxean ez zitzaien sobera ongi iruditu, baina.

Iruñera gogotsu itzuli zinen?

Ez nuen itzultzeko inolako asmorik, oso itxia, eskuinekoa eta kontserbadorea zelako. Baina, gero, gogoa piztu zitzaidan. 1976an kanpoan ikasitako hainbat lagun elkartzen hasi ginen: ekonomistak, soziologoak, historialariak... eta IPES sortzea erabaki genuen.

Hutsune handia zegoelako?

Unibertsitate bakarra Opusena zen, oso elitista, eta izaera erabat totalitario eta errepresiogilea zuena. Beste toki batzuetan baziren herri unibertsitateak, eta haien ildotik sortu genuen IPES Gizarte Gaiak Sustatzeko Institutua. Institutua zen, departamentuekin: ekonomia, soziologia, politika eta historia. Une oso garrantzitsuan hutsune bat bete nahi genuen: frankismoaren bukaera zen, eta formakuntza beharrezkoa zen. Lehentasuna zuten formazio gutxiago zutenek, zailtasun ekonomikoa zutenek, langileek...

Beste gai batzuk ere landu zenituzten?

Gau eskola sortu genuen. Unean-unean sortzen ziren beharren arabera egiten genuen aurrera. Euskara behar bat zen, eta departamentu oso garrantzitsua izan genuen. Beste gai batzuk ere. 1980an sexu heziketa oso garrantzitsua izan zen. Aitzindari izan ginen instituzioek gerora bere egin dituzten ezagutza askotan. NUPek orain egin du bere sexu hezkuntza. Kostatu zaio gero!

Liburutegia da IPESen ezaugarri nagusia. Nola sortu zen?

Emakumeei buruzko ikerketak abiatu genituen, eta une batean Madrilgo Emakumearen Institutuak emakumeen ikerketa eta hezkuntza zentroei teoria feministari buruzko 400 liburu eman zizkien, emakumeen biblioteka eta dokumentazio zentroak sortzen hasteko. Guretzat hori zoragarria izan zen.

Zer funtzio betetzen du horrelako liburutegi batek?

Karrerako irakasleen artean emakume bakarra izan nuen, eta bibliografian emakume bat bera ere ez. Oso garrantzitsua da liburutegia, emakumeak ahalduntzen dituelako. Hemen dago gure historia, gure lana, gure ekoizpen literarioa... Ikusarazi egiten da. Biblioteka orokor batean ez da emakumeon obra handia ikusarazten, eta baliorik gabe geratzen da. Egun, liburutegia da jarduera guzien ardatza.

IPESetik unibertsitatera. Zergatik aldatu zenuen lana?

Aldatzeko gogoa nuen, eta uste nuen unibertsitate publikoa babestu beharra zegoela, horren alde borrokatu ginelako. Nafarroako Gobernuaren Gizarte Laneko Eskolan hasi ginenak gizarte mugimenduetatik gentozen. Eskola behetik eraikitzeko gogoa genuen. Gero NUPera pasatu ginen 1993an. Bietan genero ikuspegia eman nuen hasieratik. Borroka NUPera eraman genuen, beraz. Unibertsitatea berez oso instituzio androzentrikoa da, ikasketek ikuspegi maskulinoa dutelako, eta batzuetan zantzu misoginoekin, zailtasuna dagoelako emakumeoi dugun balioa aitortzeko.

Unibertsitateak ez du ikuspegi feministarik oraindik?

Departamentuko bileretan askotan esaten zidaten: «Tira, hau Blancarendako». Nola Blancarendako? Hau guziendako. Genero ikuspegia ez da emakumeona, guziona behar du.

Horregatik zen garrantzitsua NUPen generoari buruzko graduondo bat sortzea?

Genero formazioa unibertsitatean emateak aitortza ofiziala ematen zion, eta balio handiagoa. Gainera, mugimendua unibertsitatean egoteko modu bat ere bada.

Graduondoa oasi bat baizik ez da unibertsitatean?

Balio lezake transbertsaltasunerako, irakasleek eginen balute, eta hori oso ongi legoke, baina... Hori da zailena, unibertsitateko irakasle gehienen ikuskera androzentrikoa aldatzea. Haiek aski dute generoaren gaia guk ematearekin edo gizarte lanbidean ematearekin. Ez dute ulertzen irakasle guziek bere egin behar duten zientziaren paradigma bat dela. Zientziaren lau mailak ukitzen ditu: ontologikoa, epistemologikoa, metodologikoa eta teknikoa. Eta hori egin ezean, ez dira zientzialari onak izanen.

Kontzientzia feminista Bilboko militantzian hartu zenuen?

Ezberdintasunaren kontzientzia hartzen hasi nintzen, eta ezkerreko alderdietan dagoen ezberdintasunaz jabetu nintzen. Emakumeena biharko uzten zen, garrantzitsuena diktadura botatzea zelako. Hasieran sinetsi ere egin genezakeen, baina gure kideek ezberdin tratatzen gintuzten, eta hori ezin da inondik inora onartu. Beraz, emakume batzordeak sortu genituen, gure eskubideak barnean eta kanpoan defendatzeko.

Nafarroan abortatzeko eskubidea borroka luze eta garrantzitsua izan da. Nola parte hartu duzu bertan?

Borroka hauetan jarraitu behar da, bestela atzera eginen dugulako. 1979an Iruñeko udaletxean itxialdi bat egin genuen, ospitalean 24 urteko emakume bat hil zelako baldintza txarretan egindako abortu batengatik. Gero, epaitutako ginekologoak babestu genituen. Baina Opusek ongi bedeinkatutako ginekologoak elkartu ziren, eta hemen aborturik ez egitea izan da haien lehentasuna.

Itsu-itsuan egin dute askatasun horren aurka, gainera.

Emakumeen sexu eta ugalketa behin eta berriz ukatu zaigun eskubide historikoa da, hori zelako Elizak emakumeen gorputzak kontrolatzeko modua. Begira, beste borroka bat dibortzioaren legeztatzearena izan zen. Mugimendu feministaren garai hartako borrokek demokraziaren mugak zabaldu zituzten.

Bada diskurtso politikoki zuzen bat, eta manifestazio batzuetan, Martxoaren 8koan edo sanferminetakoan kasurako, jendetza bildu da. Indartsu dago feminismoa?

Emakumeok hainbat eskubide lortu ditugu, eta uste dut ez gaudela prest atzera egiteko. Trumpen aurka kalera atera den mugimendurik indartsuena emakumeena izan da. Manifestazioei dagokienez, gaur egun sarean egiten da lan, eta oso ongi gainera. Sanferminetakoak hunkitu egin ninduen. Halere, joaten diren gizonak... ikusi beharko genuke etxeko lanetan zenbat erantzukidetasun duten, nola hitz egiten duten emakumeei buruz, pribilegioak galtzeko prest dauden...

Indarkeria matxistaren gaia ongi jorratzen ari da?

Ez sobera ongi. Mugimenduak antolatu eta lan egin beharko du modu oso serioan. Erotuta dauden gizonak direla uste dugu, baina hau zerbait gehiago da. Ezberdintasunean eta hierarkian oinarritzen den sistema orok indarkeria dosia beharrezkoa du.

Lan handia dago, beraz.

Irabazi ditugu berdintasun kuotak, baina kristalezko sabaia hor dago. Hemen patriarkatu demokratikoaren biktima gara. Eskubide guziak onarturik ditugu oinarrian deus ez dadin aldatu. Simulakroaren kultura da; patriarkatuak bere boterea ezkutatu egiten du. Harreman zuzena du kapitalismoarekin, eta horri buruz hitz egin behar dugu mugimendua ongi kokatzeko.

Gazteek lekukoa hartu dizuete?

Garai batean, belaunaldi bateko emakumeak joaten ginen manifestazioetara, eta ez genuen erreleborik ikusten. Orain, emakume gazteen masa erraldoia sartu da kolpe batez, baita mutil gazte batzuk ere, eta horrek hunkitu egiten nau. [Begiak busti zaizkio]. Zoragarria da. Errora joan behar dute, eta espero dut gu baino irudimentsuagoak izanen direla. Izan ere, gu honaino ailegatu gara bakarrik. Asko dira, indar handia ematen diote elkarri, eta gorputzari buruzko jarrera askoz ere ausartagoa dute. Balio handiak ikusten ditut haiengan, eta haiekin izugarri gozatzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.