Baratze bakoitzak badu bere izarra. Askotan tomatea izaten da, baina beste askotan patata, ilarra edo babarruna, adibidez. Erein, landatu, jaso eta jan, prozesu hori egiten du barazkiak, baina baita baratzezainak ere. Ongi ezagutzen ditu bi ikuspegiak Aitziber Otegik (Asteasu, Gipuzkoa, 1982), Gipuzkoa osoan ibiltzen baita, herriz herri baratzeak ikuskatzen eta baratzezainei aholkuak ematen. Furgoneta batean joaten da Otegi: zehazki, Furgobaratzan.
Baratzezainei zer, noiz eta nola landatu esaten diezue?
Ez. Guk aholkularitza lan bat osatzen dugu, Gipuzkoako baratze parkeetatik zehar. Tailerrak eta ikastaroak egiten ditugu, gehienbat hasiberriei abiapuntu bat emateko, eta hazi eta landare ekologikoak saldu ere bai.
Gai zarete baratzean hasiberriak direnen galdera guztiak erantzuteko?
Hasiberriek duda eta galdera asko edukitzen dituzte. Horregatik, aldizka, oinarrizko kurtso bat ematen dugu, lau ordu ingurukoa. Ikastaroa ez egin arren, baratze parke batera beste zerbaitetara joaten bagara, guri galderak egiteko aukera du edonork, baratze parkekoa izan ala ez. Partzelak ikustera ere joaten gara. Galderak asko errepikatzen dira, baina beti egoten dira zerbait berria aurkezten digutenak.
Landatu baino lehen, lurra ezagutu eta landu behar da, ezta?
Hori da. Garrantzitsuena lurra ondo egotea da. Zuk landarea oso ongi ezagutu arren, lurra gogorra, landu gabea edo ongarri gutxikoa bada, alferrikako lanean ari zara. Askok lurrari kasu handirik egin gabe landatzen dute hasieran, eta, ondoren, lurra gogortzen denean —landu gabe dagoelako—, ura botatzen diote, horrek arazoa konponduko balu bezala.
Ur gehiegi botatzen da baratzeetan?
Hasiberriek bai. Baserritar zaharrek justuko ura botatzen dute, badakite-eta klima heze batean bizi garela, baina hasiberriek gehiegi ureztatzeko ohitura izaten dute.
Orain jarri duzue berriro Furgobaratza martxan. Zergatik?
Normalki, neguan baratzera jende gutxiago joaten da, eta orain, apiril-maiatz aldera, jendea berriro joaten da, udako barazkiak prestatzera. Guk neguko baratzea bultzatu dugu beti, baina jendeak udako eguraldia eta barazkiak ditu gustuko.
Zer landatu dezakete baratzezainek orain?
Oraindik uda beteko sasoiaren zain gaude; beraz, oraindik tipulak, letxugak eta holakoak landatu ditzakegu. Apiril erdialdean hasten da garai potenteena, udarako piperrak edo tomateak landatzeko sasoia. Berez, maiatz erdialdera arte itxaron beharko genuke tomateak landatzeko, San Isidro egunera arte, baina jendeak geroz eta goizago egiten du dena.
Pazientzia gutxiko gizartea, ala?
Erabat. Pazientzia geroz eta gutxiago dugu, eta, horregatik, geroz eta azkarrago eskatzen dizkigute gauzak. Egia da jendeak landatzeko garaiak ez dituela erabat ezagutzen, baina, barazki bat lehenago landatu arren, segur aski bi aste beranduago landatutakoaren garai berean jasoko duzu.
Pazientzia gutxi dago baratzean, baina motibazioa?
Bueno, nik uste motibazioa badagoela. Garaiak aldatuz doaz, eta gaur egun gauza asko ditugu, askotan oso estresatuak bizi gara, eta, horregatik, zaila izaten da baratzean irautea. Zailagoa izaten da baratzean irautea berri batekin hastea baino. Lehen, 60 metroko partzelak ematen ziren baratze parkeetan, baina orain 30ekoak. Jubilatuak ez daudenentzat zaila da horrelako lan karga asumitzea.
Produktuen prezioa igo izanak piztu du motibazio hori?
Arrazoietako bat izan daiteke, bai. Baina nik uste dut eragin handia eduki duela gaur egun ongi eta osasuntsu jateko nahia izateak. Baratzetan dabilen jendeak badaki zer landatzen duen, eta badaki zer jango duen. Halako kontzientziazioa izatea ere garrantzitsua da, eta hurbileko produktuei eta ekologikoei nagusitasuna eman behar diegu. Aipagarria da natura hurbil izateko nahia ere.
Zer da produktu ekologiko bat?
Nik beti esaten dut produktu ekologiko bat lehen-lehen egiten zen moduan eta gaur egun ditugun jakintzak aplikatuta hazi den produktu bat dela.
Baratzea edukitzea eta oporretara joatea bateragarria da?
Bai, baina agian ezusteko bat izango duzu baratzera itzultzean [barrez]. Norbaiti gutxieneko ardura batzuk utzi beharko dizkiozu, lagun bati edo bizilagunari, adibidez. Bestela, barazkiak pasatuta eta landareak gehiegi hazita egongo dira seguruenik.
Klima aldaketa betean dago mundua. Landatze garaiak aldatuz doaz?
Pixkanaka-pixkanaka, klima epelagoa dugu, eta horrek, noski, ondorioak izango ditu gure baratzeetan. Guk, tailerrak eta ikastaroak ematean, teorian beti errespetatu diren garaiak azaltzen ditugu, baina, era berean, esaten dugu tenperatura epelak baldin badaude lehenago landatu ahalko dutela.
Zergatik dauka hainbesteko protagonismoa tomateak Euskal Herrian?
Ba ez dakit zehazki zergatik [barrez]. Zapore ezberdinagoa daukalako, nik uste dut. Asko nabaritzen da baratzeko tomate baten eta supermerkatuko baten arteko desberdintasuna. Gainera, barazki oso delikatua da, eta horrek erronka bilakatzen du.
Zer landare saltzen dituzue Furgobaratzan?
Denetarik. Hemengo landareak saltzen ditugu, denak ekologikoak, baina exotikoagoak direnak ere bai. Baditugu pak choi, petsai eta mizuna landareak, adibidez, Asiatik ekarritako barazkiak. Batata edo physalis-a ere saltzen ditugu, adibidez. Hala ere, exotiko hitza oso erlatiboa da. Tomateak, patatak eta piperrak duela urte asko iritsi ziren Euskal Herria, baina ez dute hemen jatorria.
LOTSABAKOABarazki bat? Tomate goxo bat.
Gehien erabiltzen duzun tresna? Aitzurra.
Lore bat? Zinniak.
Erreferente bat? Pepe Mujika. Euskal Herriko txoko bat? Euskal mendietako txoko polit oro.