Errespetua, elkartasuna, berdintasuna, bakea... asko luza daiteke gizartean antzeman diren balioen zerrenda. Nerea Kortabitarte kazetariak (Donostia, 1975) hamabi izendatu ditu bere azken liburuan: Baloreak. Donostian jaio da, eta, gaur egun, Hondarribian (Gipuzkoa) bizi da, Bidasoa ibaiaren bokalean. Erratzun (Nafarroa) jaiotako ibaia du oinarri Kortabitarteren lanak, hura zeharkatzen hildako migratzaileak zehazki. Hamalau emakumek sortutako liburua da, ia denak Bidaso Beherekoak.
Nola sortu zen Baloreak?
Duela pare bat urtetatik nuen proiektua buruan. Balio unibertsalak poesiaz uztartu nahi nituen, eta hauek ilustrazio ugarirekin osatu. Hamabi ilustratzaile biltzeko nahia nuen, hamabi emakume.
Zerk mamitu zuen zure ideia?
Duela bi urte Hondarribira bizitzera etorri nintzen, eta, egun batean, Bidasoa ibaiaren ertzetik nindoala, gurutze gorriko ontzi bat ikusi nuen. Ontzi hori migratzaile baten bila zebilen, ibaia zeharkatzen zebilela itotako gazte baten bila. Momentu horretan, nire buruko ideiak zentzuz josi ziren, eta, zaila izan arren, balioak eta Bidasoa ibaiko arazoa elkartu nahi izan ditut.
Zer dago liburuan?
Hamabi poemaz osaturiko liburua da Baloreak. Poema bakoitzak balio bat irudikatzen du, eta alboko orrian duen ilustrazioarekin osatzen da. Horrez gain, Noelia Lorenzok egindako hitzaurre bat aurkituko du irakurleak hasieran.
Beraz, poemak eta ilustrazioak eskutik doaz?
Hala da. Amaierako emaitza ikustean hainbat ilustratzaile harriduraz geratu dira, badirudi-eta poemak eta ilustrazioak pertsona berberak egin dituela.
Zer balio irudikatu dituzu liburuan?
Adiskidetasuna, justizia, askatasuna, bakea, leialtasuna, maitasuna, elkartasuna, errespetua, poza, tolerantzia, berdintasuna eta jasangarritasuna.
Hamalau emakumek egindako proiektua da hau.
Bai, eta ez da kasualitate hutsa. Helburuetako bat emakumeen garrantzia aldarrikatzea da; bereziki, emakume artisten lanaren garrantzia. Hasieratik nuen ideia bat izan da hori.
Hamabiak eskualde berekoak, ezta?
Ia hamabiak. Uste dut Bidaso Behereko bizilagunek sentsibilitate handiagoa dugula gai honekin, gertutik bizi baitugu, eta horrek ilustrazioak bereziagoak egiten ditu. Sei hondarribiarrak dira, lau irundarrak, Donostiako ilustratzaile batek ere parte hartu du, eta lesakar batek.
Erraza izan da hamabi ilustratzaile horiekin lan egitea?
Erraza eta polita. Proiektua hasi baino lehen ilustratzaileetako batzuk lagunak nituen jada, baina gozamen bat izan da denekin lan egitea. Proiektua aurkeztu nienean, hamabiek baiezkoa eman zidaten, inongo ezezkorik gabe. Erabateko askatasuna eman nien beren lanak egiteko orduan, haien estiloa bete-betean irudikatzea nahi nuen.
Nola hitz egin daiteke poztasunaz, adibidez, Bidasoko arazoa oinarri hartuta?
Poema eta ilustrazio bakoitza erronka handi bat izan da. Poztasuna Ane Garmendiak ilustratu zuen, eta proiektuaren hasieran erronka oso zaila zela esan zidan. Zaila da horrelako gai batean ikuspuntu alaiak aurkitzea, baina, azkenean, ongi ebatzi ditugu arazoak.
Norentzako lana da Baloreak?
Zortzi eta 88 urte arteko pertsonentzako liburua da, hau da, edonorentzakoa. Liburuan gehitu dugu pertsona sentiberentzat eginiko lana dela, liburuarekin balioak transmititzea eta hausnarketarako lekua plazaratzea dugu helburu eta.
Zer espero duzu irakurlearen aldetik?
Liburuarekin, irakurlearen emozioak nahasi nahi ditut, haien pentsamendu kritikoa atera. Uste dut Bidasoan gertatzen denaren aurrean ezin garela geldirik gelditu; beraz, dibulgazio moduan ere erabil daiteke Baloreak. Jendeak zer gertatzen den jakin behar du, eta horren aurrean tinko agertu behar gara.
Liburura mugatzen da Baloreak proiektua?
Ez. Guk Baloreak handiagoa egin nahi dugu. Erakusketak, tailerrak, hitzaldiak... hainbat forma ezberdin daude proiektuari jarraipena emateko. Guztion artean egin behar diogu aurre Bidasoan gertatzen denari. Avenida zubia eskualdeko bizilagunen sinadurei esker ireki dute; beraz, ikusten da badagoela desadostasun orokor bat.
lotsabako
Liburu bat?Nada importa, Jesus Terresena. Idazteko lekuren bat? Asko gustatzen zait kafetegietan idaztea. Bidaso Behereko txokoren bat? Hondarribiko Kai Zaharra.