Euskal Herrian geroz eta gehiago dira natura ardatz hartu eta produktu ekologikoen gibeletik aritzen direnak. Ingurumenera begira bainoago, haren aldeko borrokan dihardu Judit Garcia Llorensek (Bargota, Nafarroa, 1975), Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakariak.
Joan den astean izan zen Nekazaritza Ekologikoaren Europako Eguna. Ospatu zenuten?
Egia esan, ez da oso ezaguna zaigun egun bat, baina bada nekazaritza ekologikoaz hitz egiteko aitzakia gisa balio duen egun bat. Guri iruditzen zaigu etorkizuneko nekazaritza ereduak ekologikoa izan behar duela, eta ez dela nahikoa hitz egiten horretaz. Jarraitzen dugu eredu konbentzionalaren atzetik, baina niri iruditzen zait agendan gauza gehiago ere sartzen direla. Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua da gurea, ez ospakizuna. Joan den astekoa bezalako egunek, dena dela, apustu hori erraztu egiten dute.
2021ean izendatu zuten nekazaritza ekologikoaren eguna lehendabizikoz.
Azken finean, guk urte asko daramatzagu agroekologiaren aldeko apustuan, gure eguneroko lanarekin. Askotan, baina, arazorik handiena ez dugu produkzioan izaten, baizik eta gizarteari erakusteko garaian. Zaila egiten zaigu gizarteari erakustea nola egiten dugun lan. Egutegian egun bat jartzen denean, lekua ematen zaio gaiari, eta hitz egiteko aukera sortzen da. Europako Batasunean egun hori izendatu zutenean, guk gurera ekarri eta baliatu egin genuen. Dena den, oraindik nahiko gauza berria da, eta egokituz joango gara.
Barazkietatik haragokoa da nekazaritza ekologikoa?
Nekazaritza ekologikoa nekazaritza ekoizpen eredu jakin bat da, guztiz araututa dagoena. Arau horiek oinarri finkoa dute: lurra zaintzea, naturaren zikloekin bat egitea, animaliak ere zaintzea, eta agrokimikoak, transgenikoak eta produktu eraldatuetan gehigarririk ez erabiltzea. Produkzio ekologikoan, produktuaren kalitatearekin bat etortzen dira ingurumenaren zaintza eta elikagaien kalitatea. Horretarako, noski, prebentzio lanak egin behar dira. Nekazaritza ekologikoaren bide horretan, ekoizten diren produktuek euro hostoa daukate; zigilua, hain zuzen.
Abeltzaina zara zu?
Bai. Etxean hamar esne behi dauzkagu, baita oiloak eta baratzea ere. Egunean bi aldiz jezten ditugu behiak, eta, esne horrekin, zenbait behi gazta egiten ditugu. Txekor haragia ere paketeetan saltzen dugu. Gu arduratzen gara, beraz, produkzioaz, transformazioaz eta salmentaz. Bolumen txikia daukagu, baina autonomia handia ematen digu horrek. Hori da nekazaritza ekologikoaren beste ezaugarrietako bat: ahalik eta gehien oinarritzea dauzkagun baliabide naturaletan.
Ekolurra.eus webguneari Sareko bilatzailea gehitu berri diozue. Zer falta zuen ba?
Nekazaritza ekologikoa gorantz doan eredua da. Europan, adibidez, 2030erako helburu bat ezarri dute: %25era iristekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan hortik oso urrun gaude oraindik. Horrek ez du esan nahi produkziorik ez dagoenik, baina jendeak ez daki produktu hori zer den eta non eskuratu dezakeen. Sareko bilatzaileak hori eskaintzen du: jakitea non lor ditzakeen bertan ekoitzitako produktu ekologikoak. Eta, gainera, nola eskuratu modu zuzen batean.
Zein da modu zuzena?
Azokak, adibidez. Guretzat oso garrantzitsua da erakustea gure produktuak nola sortu diren eta azaltzea eredu jakin bati jarraitu diogula, arautua dagoena. Salmenta zuzenetan produktua erakusteko eta azalpenak emateko aukera daukazu. Kontsumitzailearentzat ere hurbilagokoa dela esango nuke.
Supermerkatura joaten dira asko, hala eta guztiz ere...
Nekazaritza konbentzionala urratsez urrats produktu industrialetara egokituz joan da. Sistema ekonomiko globalizatu batean merkantzia gisa saltzen dira produktu horiek. Horien kalitatea ez dago egiaztatuta, eta badakigu horrek zer arazo sortzen dizkion osasunari eta naturari. Eredu hori —diskurtsoetan behintzat— onartuta daukagu. Baina, orain, trantsizioa behar dugu: eredu ekologikorantz. Eta, gaur egun, eredu ekologiko hori badago, existitzen da.
Salmenta gune ekologiko guztiak bildu dituzue?
ENEEK-Ekolurren alta emanda gauden produktoreek eta transformatzaileek elikatu egiten dugu tresna hori; guk jartzen dugu gure produktuak non bila daitezkeen. Oraindik osatzea falta da; eta sekula ez da guztiz osatuko, zeren beti egongo dira produktu eta salmenta gune berriak.
Nekazaritza ekologikoak geroz eta kontsumitzaile gehiago ditu?
Geroz eta gehiago entzuten da, bai. Uste dut herritarrak geroz eta kezkatuago daudela ingurumenarekin; pandemiak ere eragin zuen horretan. Baina, azkenean, kezka hori bideratzeko orduan informazioa falta dugu, nora joan eta zer egin jakiteko. Hau da, jabetzen gara arazo handi bat dagoela, baina zer egin dezakegu?
LOTSABAKO
Produktu ekologiko bat?
Gazta eta esnea.Salmenta gune bat?
Ordiziako azoka.Gazta bat?
Behi gazta. Mota guztietakoa gustatzen zait.