MARIA JESUS TOMAS
Bidaiaria«Toki horiek ziur aski berriz ikusiko ez ditugula jakinda joaten gara»
Pasioz eta energiaz beteta hitz egiten du urrutiko bidaien inguruan Maria Jesus Tomasek (Zarautz, 1940). 74 urte ditu, baina gazte askok baino indar handiagoa du. Bizipozez gainezka dago. «Nola egiten ditugun halako bidaiak? Toki horiek ziur aski berriz bisitatuko ez ditugula jakinda. Horrela esanda gogorra dirudi, baina horrek unean unekoa intentsitate handiagoarekin bizitzea dakar», adierazi du. Birmania eta Singapur bisitatu ditu aurten. Asko gustatu izan zaio betidanik kultura eta bizitzeko modu berriak ezagutzea, baina, familiako arrazoiengatik, ezin izan ditu bidaia luzeak egin erretiratu arte. Zarauzko artategiko erizaina izan da urte askoan Tomas.«Arabiar Emirerri Batuak, India, Vietnam, Kanada, Argentina, Txina, Hegoafrika... Herrialde askotan izan naiz». Azaldu du mundua handia dela eta ez zaiola gustatzen herrialde berera behin baino gehiagotan joatea. «Hainbeste leku daude ezagutzeko, kosta egiten zait errepikatzea». Hasieran, erizainen kolegiatuak antolatzen zituen bidaietara joaten zen. Urtean bi bidaia egiten dituzte: bata motzagoa eta bestea luzeagoa. Gaur egun, bidaia agentzia batekin ibiltzen da gehienbat. «Erizainekin, helmuga zehaztuta egoten da, eta nahiago izaten dut aukeratzeko askatasuna eduki. Publizitatea egiten ari naizela dirudi, baina, egia esan, segurtasun handia sentitzen dut agentziarekin», dio, barrez.
Taldean ibiltzen da, lagunekin edo ezagunekin. «Askotan, askorik ezagutu gabe ere lagunak egiten dituzu bidaietan, eta plazera da».
Maleta egitea kostatzen zaio asko. «'Zergatik sartzen naiz ni nahaspila hauetan?', esaten diot neure buruari maleta egin behar dudan bakoitzean, baina, gero, bidaiatzen izugarri gozatzen dut». Onartu du, hala ere, etxera ere oso gustura itzultzen dela, betiko ohera eta betiko komunera. Egiteko asko ditu Zarautzen, gainera. Kostan elkarteko lehendakaria da duela zortzi urtetik; adinekoentzako klaseak ematen dituen talde bat da. Uste du ikasteko inoiz ez dela berandu, eta astean lau orduz bera ere klasetara joaten da.
Bidaia guztietatik irudi bakar bat aukeratzekotan, Hegoafrikako egunsenti bat hautatuko luke. «Globoan irteera bat egin genuen, goizeko lauretan. Eguzki gorri hura, eta pixkanaka parke naturaleko animalia guztiak esnatzen ari zirela ikustea; izugarria izan zen. Iltzatua dut irudia. Gero hotelean egin genuen gosaria ere gogoratzeko modukoa izan zen». Iranek ere liluratu egin zuen. Herrialdeko bakea, lasaitasuna eta abegikortasunarekin txundituta geratu zen.
XABIER ERRO
Mendizalea eta bidaiaria«Belaunek iraun arte mendian jarraitzeko asmoa dut»
Mendia du bidelagun Xabier Errok (Lesaka, 1946). Amaiezina da igotako gailurren zerrenda. 1980an Everesteko euskal espedizioan parte hartu zuen —Martin Zabaletak gailurra lortu zuen—, eta Aconcagua 27 aldiz dauka igota, besteak beste. Pasioa elikatzen dihardu oraindik ere. Annapurnako zeharkaldia egin zuen udaberrian; Tarifa (Espainia) eta Hondarribia (Gipuzkoa) bizikletaz lotu zituen, eta Atlasen (Maroko) 4.000ko mendi batzuk igo zituen udan. Kontatu du Annapurnako zeharkaldian asko gozatu zuela, denboraldia hasi aurretik egin zutelako eta jende gutxi zebilelako. «Annapurnako behe kanpamentuan amaitzen da zeharkaldia. Ibilalditik zertxobait atera ginen, 5.000 metrora zegoen laku bat ikusteko. Oso erosoa da, hango jendearen txaboletan lo egiten delako».Hurrengo urterako bidaiak nahiko zehaztuta dauzka dagoeneko. «Perura joan nahi dut, Incaren bidea egitera. Semea dago han lanean gobernuz kanpoko erakunde batean, fisioterapeuta gisa, eta bisitatu egin nahiko nuke. Horrez gain, Martin Zabaletarekin zeharkaldi bat egin nahi dut AEBetan». Harremana badu Zabaletarekin: urtero egoten dira elkarrekin.
Ingeniaria da ofizioz, eta, lanaren ondorioz, asko bidaiatu du. «Gustura egoten naiz mendian. Neure buruarekin lasai patxadan egoteko bidea ematen dit, eta paraje berriak ezagutzeko modua da».
Aconcaguan duela bi urte izan zen azken aldiz. 1977an igo zuen lehen aldiz bakarrik, eta geroztik kateatuta dago. Negurako entrenatuta egoteko aitzakia bat zen, eta Eguberrietan joaten zen, oporrak baliatuta. Horietatik 24 aldiz, Mendiak eta Herriak bidaia agentziaren gidari gisa. «Lotsa ematen dit kontatzeak. Jendeak esango du zein aspergarria den gizon hau, beti leku berera joaten!». Ez dauka berriz ere igotzeko asmorik, oraingoz. «Parke naturalera sartzeko baimena 1.000 dolarrera [817 euro] igo dute, eta astakeria iruditzen zait. Ez dut ordaintzeko asmorik».
Izugarri aldatu da mendia bizitzeko modua urte hauetan. Datu bat eman du: Everestera joan zenean, 1980an, hogei bat lagun bakarrik zeuden beheko kanpamentuan; duela pare bat urte egon zen berriz ere, eta seiehun lagun zeuden. Bidaia bat aukeratzekotan, Atacamako basamortutik 1.500 kilometro Parinacotaraino egindakoa hautatu du. Bidean 4.000 eta 6.000 metro arteko mendiak igotzeko aukera dago. «Inor ez dago. Ustiatu gabeko leku bat da, gizakiak hondatu ez duena, eta naturak sasoi osoan irauten du. Lur azpian mineral asko dauzka, eta amerikarrek esaten dute lurrak energia positiboa transmititzen duela».
Mendian edo bidaiatzen ez dabilenean, proiekzioetarako bideoak prestatzen ibiltzen da, eta Elikagai Bankuarekin eta Mugarik Gabeko Sendagileekin kolaboratzen du. «Belaunek iraun arte» jarraituko du mendian.
AXUN UGARTE
Bidaiaria«Zahartzen naizenean egingo ditut bidaia motzagoak»
Bidaiatzen pasatu du bizitza Axun Ugartek (Tolosa, 1945), eta horrela dabil oraindik ere, 69 urte beteak dituela. Mundu erdia ezagutzen du. Sokotran izan da aurten: «Inork ez daki non dagoen, baina Yemengo uharte bat da», dio Ugartek, erdi txantxetan. Lau 4x4-tan ibili da Banoa bidaia agentziarekin joandako taldetxo bat. «Oso leku berezia da. Paisaia oso ederrak ditu, eta ez dago bat ere kutsadurarik, turismorik apenas duelako. Oso ongi hartzen dituzte atzerritarrak».Bereziki, urrutira joatea gustatzen zaio Ugarteri. «Bestelakoak zahartzen naizenean egingo ditut! Horixe esaten diet lagunei: denbora izango dugula Europa eta hemen inguruko lekuak ezagutzeko». Paisaiak eta naturarekin lotutako bidaiak atsegin ditu. «Mendian ibiltzeko, prestakuntza handiagoa behar da, eta orain aprobetxatu behar da. Hiriak ezagutzea errazagoa da», jarraitu du. Gaztetxoa zela piztu zitzaion bidaiatzeko grina, anaia zaharragoek Londrestik eta Paristik bidaltzen zizkioten posta txartelei begira. Gaur egun, erretiratuta dago, baina ez da geldirik egoten diren horietakoa. Tolosako bidaiarien txokoan parte hartzen du, eta EHUko esperientzia geletako ikaslea da. Paper fabrika batean lan egiten zuen lehen, eta oporretan urtero hilabete kanpora joaten zen. Sakratua zen harentzat. «Gauza asko ikasten da bidaiatzen. Lana egiten nuenean, esaten nuen bidaiatzea nire udako unibertsitatea zela. Bizipoza ematen dit».
Afrikan izana da, makina bat aldiz. Kontinente maitea du, eta erretiratu zenean, Banoak-ekin, Lurmutur Hiritik (Hegoafrika) Alexandriaraino (Egipto) joan zen bi hilabetean. «Lurra, jendearen alaitasuna... Izugarriak dira. Baina mina ere ematen du, eta gogorra da aldi berean, duela 30 urtetik hona gero eta txiroagoak direlako. Hiesak kalte handia egin du, eta lurrik gabe geratzen ari dira, atzerritarrek erosten dituztelako». Afrikatik kanpora ere herrialde asko bisitatu ditu. «Nepal, India, Zeelanda Berria, Vietnam, Indonesia eta Kanada ezagutzen ditut... Australia falta zait».
Josu Iztueta eta Angel Ortizen gidaritzapeko Nairobitarra autobusean ere eginak ditu bidaiak. Oso oroitzapen onak ditu Ugartek. «Hogei lagun autobus batean sartu eta errepidea inoiz ez amaitzea. Oso sentsazio bereziak dira. Anaia Handia asmatu aurretik, Nairobitarra existitzen zen», dio, barrez.
Errepidez bidaia luzeak egiteko ohitura Europan hemen baino askoz hedatuago zegoen garai hartan. Oroitu da Patagonian kanpin batean geratu zirela eta autobusean euren moduan zebilen adineko alemaniar kuadrilla batekin topo egin zutela. «'Gu ere adin horietara heltzen garenean hauek bezalakoak izango gara', pentsatzen genuen. Hainbeste ez gara loditu, baina jarraitzen dugu», dio, umorez. Duela bi urte, Suediako La Vasaloppet zeharkako eskiko proba ere egin zuen. «Lehiaketan 90 kilometro egiten dituzte, egun batean. Guk proba amaitu eta gero egin genuen, hiru egunean. Aurretik entrenatuta joan nintzen, eta moldatu nintzen».