Udako serieak. Euskal Herriko tunelak (I)

Euskal Herriko tunel zaharrena

Euskal Herriko errepide tunel zaharrena da Lizarragakoa. 1853an hasi ziren itsas mailatik 1.031 metrora dagoen tunela eraikitzen. Argazki zahar batzuk kenduta, apenas dago beste erreferentziarik.

Lizarragako tuneleko irudi zahar bat. Nafarroako Kulturaren Atari Digitalean dago argazkia. BERRIA
Lizarragako tuneleko irudi zahar bat. Nafarroako Kulturaren Atari Digitalean dago argazkia. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Lizarraga
2024ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun

Ardi latx muturgorriak ditu Juan Luis Aramendiak (Azkona, Nafarroa, 1944). Ez du zehaztu nahi zenbat buru dituen artaldeak: «Artzain batek inoiz ez du esango zenbat ardi dituen». Lizarragako tuneleko bordan lainoa sartzen ari da, eta, iluntzero bezala, gaur ere hara joan da artzaina, aspalditik tabernatxoa ere baden txabolara: «Erpin bat dago, eta arratsalde partean iparra ibiltzen bada, beti sartzen da lainoa. Hego haizearekin ez da sartzen».  

Tunela iparraldetik hegoaldera zeharkatzean ezkerrean geratzen den borda da Aramendiarena. Tunelaren ahoa metro eskasera dago. Urbasa eta Andia mendilerroak zehazten ditu tunelak, edo errepideak, baina beste marka bat ere badauka: Euskal Herriko errepide tunelik zaharrena da: 1853 eta 1859 bitartean eraiki zuten, sei urte luzez. Lizarra (Nafarroa) eta Beasain (Gipuzkoa) lotzen dituen N-120 errepidean dago -26. kilometroa tunelaren barruan dago-, itsas mailatik 1.031 metrotara.

Juan Luis Aramendia, artzaina, Lizarragoko tuneleko bordan.
Juan Luis Aramendia, artzaina, Lizarragako tuneleko bordan. K.B.T

Gertrudis Elsok (Lizarraga, Nafarroa, 1936) telebistan entzun zuen tunelik zaharrena zela: «Espainiako zaharrena dela esan zuten. Eta Europako lehenengoetakoa. Hala esan zuten». Elso 36ko gerra hasi eta bi egunera jaio zen: «[Uztailaren] 18an izan zen altxamendua, eta ni 20an jaio nintzen». Aramendiaren aitarekin aritu zen bere aita frontean, eta artzainak senidetzat dauka emakumea: «Nik zortzi hilabete nituen aita hil zenean. Gertrudis eta Joaquin senideak izan dira niretzat. Artzaina zen Joaquin. Garai batean, hemen artzain ugari geunden, denak bordetan egiten genuen lo, maiatzetik abendura. Egun, bederatzi baino ez gaude, eta bi baino ez dira uda osoan geratzen: Vicente Otermin eta Joaquin Altuna. Azkaratetik datoz; Araitz ibarretik. Etxera itzultzean, artaldea tuneletik eramaten dute. Lintxurdiako kurba hartu, eta mendateko xendratik doaz Aralarrera».

Lizarragako tuneleko hegoaldeko ahoa.
Lizarragako tuneleko hegoaldeko ahoa. Txirrindulari ugari ibiltzen da Lizarragan. K.B.T.
Hiru lagun amildu ziren

Artzain horien birraitonen garaian eraiki zuten tunela, eta, 170 urte geroago, apenas dagoen haren erreferentziarik. Lizarraga kontzejuan dago Gertrudis Elso. Jose Navarro (Lizarraga, Nafarroa, 1941) eta Lurdes Andueza (Lizarraga, Nafarroa, 1942) herritarrekin elkartu da, ea hiruren artean tunelaren inguruko zantzuren bat topatzen ote duten. Navarrok altxor txiki bat ekarri du. Egurrezko mahaiaren gainean paratu du letra dotorez idatzitako paper zuria. Hiru izen ageri dira dokumentuan: Jose Martin Zufiaurre, Abartzuzakoa; Jose Telleria, Elgetakoa; eta Ignacio Etxabe, Aiakoa. «Lizarragako tunela eraikitzean hil ziren hiru lagunen izenak dira; 1854ko maiatzaren 23an amildu ziren, eta biharamunean eman zieten lur kanposantuan». Ternuan bakailaoa arrantzatzen ibilitakoa da Navarro. Erretiroa hartu zuenetik, artxiboetan arakatzen ibiltzen da. «Parrokiako artxiboan aurkitu nuen informazioa. Apaizaren baimena daukat. 1700. urtetik aurrerako informazioa dago hor, jaiotzak, ezkontzak, heriotzak...». Elsok eta Anduezak aho batez diote herriaren inguruko informazioren bat bilatzeko berarengana jo behar dela: «Ameriketatik makina bat jende etortzen da Joserengana». Uruguaiko familia bat izan da azkenetakoa. «Amona hemengoa zuten, eta lagundu egin nien informazioa bilatzen».

Gertrudis Elso, Jose Navarro eta Lurdes Andueza Lizarragako herritarrak.
Gertrudis Elso, Jose Navarro eta Lurdes Andueza Lizarragako Kontzejuaren atarian. K.B.T.

Lizarraga-Ergoieneko euskara liburuan parte hartu dutenetako bat da Navarro. Anduezaren izena ere ageri da lan horretan. Anduezaren alabak beste altxor bat eskuratu zuen: Lizarragako tunelaren argazki zaharrak. Orotara zazpi argazki dira, zuri-beltzean, horietan ingeniari talde bat ageri da, baita iparraldeko eta hegoaldeko ahoen irudiak —batean gurdi bat ikusten da—, eta gurutze handi bat duen behatokia ere. Haren alaba ez da akordatzen nola iritsi ziren irudiak bere Whatsappera.

Nafarroako Kulturaren Atari Digitalaren web atarian ere garai hartako argazki bi topatu daitezke. Datatuta daude biak, baina, datetako bat ez dator bat eraikuntzaren urteekin: 1956-11-02 jartzen du batean, eta 1947-01-01 bestean.

«Pena da gehiago ez jakitea. Gurasoei eta aitona-amonei ez genien ezer entzun, eta herrian ez dago gu baino zaharragorik. Pikotxarekin eta palarekin zulatuko zuten harria». Belaunaldien arteko transmisioan galdu den kontakizuna da tunelarena, eta oroitzapenen kontaera lausoa da batzuetan. Berritu aurretik, aho batetik ez zela beste ahoa ikusten. Susmo hori dute hirurek, baina argazkiek agerian uzten dute erratuta daudela. Bihurgune bat egon bazegoen, baina ahoak ikusi ikusten ziren —punta batetik bestera 240 metro baino ez ditu—.

Lehengo tunela estuagoa zela, horretan behintzat arrazoia dute. 1985. urtean handitu zuten tunela, zabaleran eta altueran. «Zakarragoa zen, eta politago egin zuten», dio Elsok. Tunela baino lehen, bide bat zegoen, eta gurdiekin pasatzen omen ziren mendilerrotik. «Portuzarretik karretak ibiltzen ziren. Oinez Astaportutik igotzen ziren, edo Ollidetik. Paisaia gutxi egongo dira hau bezain ederrak». 

Elurteen garaiak

Elso eta Andueza mendira kamamila jasotzera joaten ziren egunekin akordatu dira, irail aldean, bai eta txurroak eta txokolateak jatera joaten ziren igandeekin ere. Behin, txokolatea erosteko, tunelean dagoen Ama Birjinari artzainek botatzen zioten dirutxoa lapurtu zuten. Anduezak gogoratu du pasadizoa: «Bideko Ama Birjina dago tunelean, eta loreak eta kandelak izaten ditu beti. Artzainek beti errezatu diote. Urteetara lagun batek dirua itzuli zuen, kredituak ordainduta». 

Bideko Ama Birjina jartzen dute tunelaren barruan.
Bideko Ama Birjina jartzen dute tunelaren barruan, une honetan ez dagoen arren. K.B.T.

Garai hartako elurteak ere oso presente dituzte. «Tuneleko sarrerak itxita geratzen ziren, eta herriko gizonak igotzen ziren garbitzera», azaldu du Elsok. Anduezak 1956. urteko elurtea hartu du hizpide: «Otsailaren hasieran hasi eta azkeneraino egon zen elurretan. Egunero eguzkia ateratzen zen, eta sekulako izotz geruza sortu zen». Elsok irratian behin entzundakoa ere aipatu du: «'Lizarragako mendateak hiru hilabete daramatza itxita'. Martxoa zen, baina ez dakit zein urte».

Aramendiak oroitzen duen elur ekaitzik gogorrena 1987. urtekoa da. «Arbeltzen, 23. kilometroan, beste borda bat daukagu, eta urte hartan bederatzi egunez egon zen moztuta errepidea, bordatik aurrera. Ni elurrak estaltzen ninduen».

Tunelean sortzen diren izotz kandelez ere mintzatu da. «Aldameneko borda kamineroen etxea zen, eta beraiek kentzen zituzten, auto baten gainera erortzeko arriskua baitzegoen».

Lizarragako tunelaren iparraldeko ahoa.
Lizarragako tunelaren iparraldeko ahoa. Punta batetik bestera 240 metro ditu. K.B.T.

Lizarragan denbora geratu egiten da. Tunelak mundu bi ere bereizten ditu, ur muga ere badelako: garoak eta hariztiak daude ipar partean, eta belaze idorragoak, hegoaldean. Beriaingo tontorra lanbroaren gainetik geratzen da maiz, baina, aldi berean, hegoaldeko ahotik, eguzki amandrea ikusten da. 

Aramendia bere bordara igoko da gaur iluntzean ere. Artzainak handik begiratuko dio bizitzari.

jakingarriak

  • Izena: Lizarragako tunela. 
  • Non: Urbasa-Andia mendilerroan. Lizarra (Nafarroa) eta Beasain (Gipuzkoa) lotzen dituen N-120 errepidearen 26. kilometroan dago.
  • Eraikuntza: 1853 eta 1859 bitartean eraiki zuten. Euskal Herriko tunelik zaharrena da. 
  • Garaiera: Itsas mailatik 1.031 metrotara dago.
  • Luzera: 240 metro.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.