Geldirik egoteko asmorik ez du Elena Urizek (Iruñea, 1944). Irakaskuntzan aritu da lanean bizitza osoan, eta, erretiroa hartuta, abesbatza, dantza eta antzerki taldea ditu bizi-bizi jarraitzeko tresnak. Tasioren ama izan zen izen bereko filmean; azken boladan zenbait filmetan agertu da, eta agertuko da. Haren etxean izan da solasaldia, udazkeneko eguzkiaren goxoan, Loarrerako (Espainia) bidea hartu aurretik; han Irati filma grabatu behar baitu.
Iruñean dago etxea, baina hesia pasatuta, ez dirudi hala denik.
Hemen jaio nintzen, eta herri batean bezala bizi gara. Gerra aurretik egin zuten etxe hau aitak eta aitonak. Beheko solairuan behitegi bat jarri zuten, eta izebek saltzen zuten esnea Iruñean. Baratzea mantendu dugu. Anai-arreben artean egiten ditugu lanak.
Nola hasi zinen irakaskuntzan?
Beka bat lortu nuen, eta gurasoek ikasketekin jarraitu nezala nahi zuten. Letren aldetik joan nintzenez, zuzenbidea edo filosofia egin nezakeen. Bigarrena aukeratu nuen, eta karrera bukatzean irakaskuntzan hasi nintzen; bide naturala zen. Zoriontsu izan naiz irakaskuntzan; nahiz eta haurrek energia guztia kentzen diguten, eman ere egiten digute.
Unibertsitatean hasi zinen?
Hiru urte egin nituen Nafarroako Unibertsitatean. Gero, Lehen Hezkuntzara pasatu nintzen, mojen artean, hemen irakaskuntza moja eta fraideen eskuetan baitzegoen. Salestarretan, Txantrean, mojak oso konprometituak zeuden auzoarekin eta jende gaztearekin. Bazuten izpiritu sozial handia.
Zergatik utzi zenuen leku hura?
Enteratu zirenean ezkonduta nengoela, esan zidaten ez zutela nahi ni han egoterik, haurdun gera nintekeelako. Normala zen hori; bai eta ekainean baja ematea irailean alta emateko ere.
Hortik nora jo zenuen?
Teresiarretara. Beste mota bateko mojak zeuden han: irakaskuntzarekin konprometituak, baina sozialki ez. UBIn eta Batxillergoan eskolak eman nituen Historia, Artearen Historia eta Geografia. Bi seme izan nituen 18 hilabeteren buruan, eta ikastolan sartzea erabaki genuen. Haiei laguntzeko, Arturo Campionen euskara ikasten hasi nintzen, 34 urterekin.
Semeei laguntzeko hasi zinen euskara ikasten?
Bai, haiei euskaraz hitzen bat esan ahal izateko. Baina gero ohartu nintzen gehiago egin nezakeela, eta gogor ikasi nuen. Iritsi zen momentu bat asko nekiela, baina falta zitzaidan praktikatzeko giroa. Erabaki nuen barnetegi batera joatea, Berara. Gogorra egin zitzaidan; uste dut blokeatu nintzela. Hori ikusirik, irakasleak errieta egin zidan, eta hori pizgarri izan zen, barra-barra hasi bainintzen hortik aurrera.
Barnetegia bukatuta, bilatu zenuen euskaraz aritzeko tokirik?
Lanean baimena hartu nuen, eta euskara entzuteko Paz de Ziganda ikastolan hasi nintzen kuluxkaren ordua zaintzen, jantokian, jostaldia zaintzen... Bi urte barru lortu nituen lehenengo eskolak han. 20 urte baino gehiago egin nituen.
Gauza asko sortzea tokatu zitzaizuen Paz de Zigandan?
Urte zailak izan ziren haiek. Ideologizatuak ginen, eta irakaskuntzaren eta politikaren mundua nahasten ziren. Batzuek esaten zuten haurrek ikasi behar zutela irakurtzen beren heldutasunaren arabera; beste batzuek uste zuten 4 urterekin jo eta fuego eman behar zitzaiola irakurketari. Horretaz hitz egitea polita zen, baina tentsio handia zegoen.
Paz de Zigandako bilakaera nola ikusi duzu?
Bide ona hartu zuela uste dut. Zuzendari berri bat iritsi zen, Jose Luis Gorostidi, eta horren filosofia zen eztabaida beranduagorako uztea, momentuan lan egin behar zela. Jo eta fuego aritu ginen, eta egia da eztabaida batzuk desagertu zirela. Irakaskuntza berritzeko ikastaro asko egin behar genituen, eta haiek ere gure perspektiba aldatu zuten.
Nerabeekin eta haurrekin aritu zara. Oso ezberdina da?
13-14 urtekoekin, hasieran beldurra nuen. Lehenengo hiruhilekoan, bost kilo argaldu nintzen. Gero, nerabezaroari nion beldurra joan zitzaidan; aldaketa hormonal horren ondorioak helduok jasaten ditugu, baina ikasi behar dugu hori perspektibarekin ikusten eta onartzen hori horrela dela. Azken urteetan Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan aritu nintzen, eta lanik gogorrena lehenengo mailakoa iruditu zitzaidan, nahiz eta arraroa iruditu. Hain handia da haien arteko heldutasun aldea... baina denek aurrera egin behar dute, bakoitzak duen mailatik. Lehen zen Aurrerapen Egokia edo Hobetu Beharra. Batzuetan biak ziren aldi berean. Haur batek ez badu lortzen zuk planteatzen duzun helburua, ez du lortu, baina ikusten baduzu zer maila zuen eta noraino ailegatu den, ondo joan daiteke.
Unibertsitatera itzultzea ez zitzaizun bururatu?
Itzuli nintzen; urte batez Antropologia eta Didaktika Sozialak ikasi nuen. Dezepzionatu nintzen 22-23 urte zituzten ikasleekin. Nire unibertsitate garaian, adin horretan, zer amets, zer ilusio eta borrokatzeko zer gogo genuen gogoratzen nuen; baina ikasle hauek lotan zeuden. Utzi nuen. Erronka askoz handiagoa zen txikiek ematen zidatena.
Irakaskuntzan askok duten ikuspegia piramidala da, baina zuk nahiago izan zenuen jaitsi.
Eta gustura. Nire lankideen artean ikusten duzu nork nahi duen eskalatu. Niretzat igotzea zer da? Dudan taldearekin geroz eta gusturago egotea; ni zoriontsuago eta gaiago sentitzea.
Zeri ematen zenion garrantzia?
Haien arteko harremanei. Matematikan ikasten zutena neur zitekeen; nik haien arteko harremanak eta balioak pila bat lantzen nituen. Saiatu naiz beti nesken eta mutilen rolak apurtzen: atsedenaldian, askotan, haiekin egoten nintzen jokoak proposatzen, denak aritzeko. Haiek bakarrik zeudenean, eskolara itzultzean, galdetzen nien ea zer moduz atsedenaldia, eta joerak eta jarrerak aztertzen genituen.
Uriz Pi ahizpak familiakoak dituzue. Irakasleak haiek ere. Nolakoa izan zen Elisarekin karta bidez izan zenuen harremana?
Harro sentitzen naiz haien abizena daramadalako, haiek egin zutenarekin identifikatua sentitzen bainaiz. Erbestetik 1960ko urteetan iritsi zitzaigun haien eskutitz bat; familiako nor bizi zen jakin nahi zuten. Kasualitatez, gure etxera iritsi zen, eta aitak erantzun zien. Bizpahiru eskutitz trukatu zituzten, eta, gero, ni arduratu nintzen horretaz. Nire aitonaren lehengusinak ziren.
Zeri buruz aritzen zineten?
Garai hartan, familiari buruz aritzea zen ohikoena. Elisarekin beste modu bateko eskutitzak idazten nituen. Pentsatzen nuen itzultzeko aukera zutela, eta Elisak esan zidan ez izateko inozoa. Esaten zidan ere Alemanian askoz ere baliabide gehiago zutela, Espainian irakaskuntza gaizki zegoela... Zapuztu nintzen, eta esan nion ea propaganda egiten ari ote zen. Elisa haserretu zen, eta esan zidan aurreiritziz beterik nengoela, eta berak zioena hala zela. Gero, kontzientzia feminista handia zuen, eta saiatu zen ni hortik ernarazten. Horretan eragina izan zuen niregan. Unibertsitateko ikaslea nintzenez gero, kontzientzia askoz ere kritikoagoa izan behar nuela esaten zidan.
1980ko hamarkadan Tasioren ama bihurtu zinen. Horrek eraginik izan zuen zuregan?
Hortik aurrera, ikastolan haurrek esaten zidaten Tasia, baina jarraitu nuen irakaskuntzan, beraz, nire bizitza ez zen aldatu.
Nola bukatu zenuen zineman?
Ni ez naiz joaten ezeren bila, baina bizitzak aukera batzuk eman dizkit, eta hartu ditut. Anaiak lan egiten zuen Montxo Armendarizen koinatu batekin. Esan zion Armendariz etsiturik zegoela film baterako 40-55 urte inguruko emakume baten bila. Etxera gonbidatu zituen Armendariz eta Koldo Lasa. Ikusi nindutenean, begira geratu ziren, eta esan zuten: «Ematen du». Nik ez nekien zer esan nahi zuen horrek. Filmean parte hartzeko esan zidatenean esan nien : «Zer uste duzue? Etxekoandrea naiz, bi seme ditut, etxetik kanpo zortzi orduz egiten dut lan... Eroturik zaudete?». Bitan esan nien ezetz, eta hirugarrenean Montxo Armendariz etorri zitzaidan liburuxkarekin, irakurtzeko eskatuz. Oso polita iruditu zitzaidan, eta animatu nintzen. Hori bai, kikilduta nengoen.
Kulturazaletasuna nondik heldu zaizu? Bazenuen aurretik ere?
Unibertsitate garaian antzerki talde batean sartu nintzen. Gerora denbora gutxi izan dut kulturaz gozatzeko: zinemara eta antzokira joatea gustatzen zitzaidan, baina hiru seme izan nituen, eta etxeko gauzetan parte hartzen ez zuen senarra. Senarra erretiratu zenean hasi nintzen bizitzen, hasi zelako bazkaria eta halakoak egiten. Bitartean, izorratutako enpleguaniztuna nintzen. Erretiroa hartzear nengoenean, errelebo kontratua hartu nuen: urritik maiatzera astean behin egiten nuen lan. Hori zoragarria zen: ikasleekin kontaktuan jarraitzen nuen, baina astean sei egun libre nituen. Orduan hasi nintzen Atarrabiako abesbatza batean kantatzen. Hango kideetako batek antzerkia egiten zuen El Bardo taldean, eta eskaini zidan Federico Garcia Lorcaren Las Bodas de Sangre-n parte hartzea. Ordutik, 11 urte daramatzat taldean.
Eta zinemara nola bueltatu zinen?
Antzerki taldeko kide batek bere lana utzi, casting agentzia ireki eta taldekideak bere datu basean sartu gintuelako.Hari nolabait laguntzeko baietz esaten nuen figuranteak eskatzen zizkiotenean. Sortu zitzaizkidan aukera batzuk: Abracadabra, El Guardián invisible, Akelarre, West Andersonekin orain egin dudana eta Irati.
West Andersonekin aritu zara?
Ez dakit nola iritsi zitzaion nire bideo bat, eta aukeratu ninduen. Harrikada izugarria du. Aurrekontu handiko filma da, eta goi mailako aktore pila bat zegoen: Tom Hanks, Scarlett Johansson, Matt Damon...
Izarren artean ibili zara, beraz.
Haiek zeuden tokian ni nengoen, baina haiekin ez naiz egon. Hierarkia handia zegoen. Amerikarrak alde batetik ziren, eta gainerakoak, bestetik.
Irati-n ez da horrela izan?
Ez, familia bat bagina bezala sentitzen naiz, denek filma ondo ateratzea nahi dugulako eta gure onena jartzen dugu horretarako. Gainera, ez dago izarrik. Gure arteko harremanak politak eta naturalak dira. West Andersonek zer nahi duen ez dakit. Hitzezko indarkeria zuen eszena baten erdian jarri ninduen, eta esaten zidan ez nuela inolako erreakziorik izan behar, kamerari zuzenean begiratzeko. Estatua bat izan naiz. Irati-n, berriz, aktore sentitzen naiz; erronka handia daukat, rol bat interpretatu behar dudalako.
Inoiz ez da berandu beste gauzetan aritzeko?
Nahiz eta zaharra izan, proiektuak dituzun bitartean bizia eta gaztea zara. Horrela sentitzen naiz. 77 urterekin bi film egitea; zergatik ez? Sofan telebista ikusten edo puntua egiten geratu behar al dut? Paretekin hitz egiten?
Dantza egiten duzu ere, Becky Siegelekin, ezta?
Kontzientzia are handiagoa hartu nuen harekin egindako ikuskizun batekin: El baile de los años. Hiru adin tarteko jendea geunden. Bizente kideak parkinsona zuen, eta gaixotasuna gainditu behar zuen; horretarako, antzerkia, musika eta dantza erabiltzen zituen. Hark esan zuen: «Oso zaharrak gara, baina bizi-bizi gaude». Horrekin geratu nintzen: bizirik gaude, ez gara altzariak.
Gizartea aldatzen ari da zahartzaroari buruz duen ikuspegia?
Bai. Egitekoa badugu, eta horrek ematen digu bizitza. Adibidez, kultur ekitaldietara joaten garenen artean Civivoxera, Filmotekara... %80 adin batekoak gara; argi dago parte hartu nahi dugula.
Zer ikasi duzu aritzen zaren diziplinetatik: dantzatik, musikatik eta antzerkitik?
Taldean aritzen. Azkenean, obra bat ongi ateratzeko denek jarri behar dugu gure alea; berdin abesbatzan. Tasio filmean ikusi nuen zenbat talde dauden koordinatuak pantailaren atzean, eta zer-nolakoa den prestakuntza: soinua, argia, argazkigintza, makillajea, jantziak, girotzea, talde artistikoa... Grabaketetan itxarotea dagokidanean, gozatzen dut jendea lanean ikusten.
Elena Uriz. Irakasle erretiratua, abeslaria, dantzaria eta aktorea
«Zaharra izan arren, proiektuak badituzu, bizia eta gaztea zara»
Irakaskuntzatik erretiroa hartuta, kulturari eskaintzen dio bere denbora Urizek. Uneotan bi filmen grabaketan ari da lanean. Irakaskuntzan bizi izandakoez aritu da, eta aldarrikatu du zahartzaroan jarduerak egiten segitzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu