Kamioneta gris bat gelditu da Iruñeko Baiona etorbideko espaloian. Larrialdietako argiak piztu ditu: momentu bat bakarrik izango da, erosketa azkar bat egin behar baitu. «Urte osoa zure zain!», oihukatu dio gizonak Sara Agirre gaztaina saltzaileari (Iruñea, 1962). Umea zenetik erosten omen ditu gaztainak Agirreren postuan, lehengusuarekin etortzen baitzen udazkeneko fruitua dastatzera. Urtero bezala, sutik atera berri diren bi dozena erosi ditu, eta esku beroekin itzuli da autora, gaztainak jateko gogoz. Duela hogei urte baino gehiago hasi zen Agirre Iruñeko kaleetan gaztainak saltzen, sorgin batekin apaindu duen gurdian.
Nolakoa izan zen zure lehendabiziko eguna?
Oraindik gogoan dut. Urduri nengoen, eta ez nekien deus ere lanbidearen inguruan. Lanean hasi nintzenean ez nuen irakaslerik izan; beraz, neuk bakarrik moldatu behar izan nuen.
Noiz hasten da zuretzat ohiko lanegun bat?
08:30ean. Gaztainak aukeratu behar ditut, eta, gero, horiek txikitu. Bazkaldu eta gero, postua irekitzen dut, eta 21:30 arte egoten naiz. Egun osoa ematen dut lanean; ohean sartzen naizenean ere, hurrengo egunean egin beharreko lanetan pentsatzen dut.
Nola desberdindu gaztaina onak eta txarrak?
Uretan sartzen ditut; flotatzen dutenak txarrak dira, eta bota egiten ditut. Onddoa dagoenean arazo bat da, ez baitute flotatzen eta ireki egin behar izaten baitira.
Noiz izaten dira gaztainarik onenak?
Azaroan. Nik urrian irekitzen dut postua, baina lehendabizikoak ez dira onenak; ahulagoak dira, eta haizeak botatzen ditu.
Nola mantendu fruitua, ez usteltzeko?
Lehen, astean behin erosten nituen gaztainak; orain, astean bitan erosi behar izaten ditut, ez baitira lehen bezala kontserbatzen. Hirugarren egunean usteltzen dira asko. Lehen, hotza egiten zuenez, ongi kontserbatzen ziren, eta kalean gordetzen nituen.
«Gaztaina ximelak jatera». Nola jakin noiz atera behar diren gaztainak txingarretik?
Egiten duten soinuagatik, haien arteko marruskaduragatik.
Uste duzu gaztaina jaki nostalgikoa dela?
Bai. Adinekoek haurtzaroa gogoan izateko jaten dituzte gaztainak. Bada jendea neguan ia egunero gaztainak afaltzen dituena.
Gaztainak lore sorta bat balira bezala oparitzen dira?
Bai. Lagun baten etxera eramateko erosten dituzte askotan, adibidez.
Eguberrietan oparitzeko, adibidez?
Bai. Neguan beti jan izan dira. Lehen, txerriei ematen zizkieten, gizentzeko. Familietan oso elikagai erabilgarria zen, kide askok jaten baitzituzten.
Zure lanbidearen inguruan aurreiritziak daudela uste duzu?
Bai. Jendeak uste du mendira joan, gaztainak hartu eta nahi dudan lekuan saltzen ditudala, baina askoz ere konplexuagoa da. Produktua aukeratzea, zaintzea eta jendea maitasunez tratatzea gogorra da. Egun osoan lan egiten dut, gainera.
Ba al dago hierarkiarik gaztaina saltzaileen artean?
Bai, noski. Zentroan gaudenok gehiago saltzen dugu, lan gehiago dugu. Baiona etorbideko saltzaile bakarra naiz, eta horrek laguntzen du.
Zer ezaugarri izan behar ditu gaztaina saltzaile batek?
Gustatu egin behar zaizu, lan handia baita. Jendearekin harreman zuzena izatea gustatzen zait niri gehien.
Gaztaina saltzaileak kaleko zerbitzariak zarete?
Bai. Entzuten ikasi behar duzu, bezeroek nahi dutena kontatzen, eta, ahal den heinean, laguntzen.
Dozena bat saltzerakoan, noizbait sartzen dituzu gaztaina gehiago opari gisa?
Beti. Batzuk txikiak dira, eta besteak, agian, ez dira oso onak: gutxienez hamabost sartzen ditut.
LOTSABAKO