Artisauak

Adriana Ojer eta Alain Flores: «Zaborretara botatzen da gaur egun artilea. Garai batean urre zuria zen»

Artal marka sortu, eta artilezko gauzak egiten ditu bikoteak. Nafarroako artzainei erosten diete artilea, eta azoketan saltzen dute. Jurtak ere egiten dituzte, egurrez eta artilez egindako etxeak.

Adriana Ojer eta Alain Flores, asteartean, Zorokiain herrian duten tailerrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Adriana Ojer eta Alain Flores, asteartean, Zorokiain herrian duten tailerrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Zorokiain
2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Herri hustu bat izan zen duela hamar urtera arte Zorokiain (Nafarroa). Egun, hamar familia bizi dira, eta haur pila bat. Zuloz betetako pista batetik iristen da hara. Ez dago errepiderik. Adriana Ojer (Tafalla, Nafarroa, 1985) eta Alain Flores (Ziordia, Nafarroa, 1984) duela lau urtetik bizi dira herrixkan. Etxea zutitzen duten bitartean, jurtan bizi dira, eta jauregia izan zen eraikinean dute tailerra. Xaboiak, txapinak, lanparak eta tapaiak egiten dituzte. 

Nola iritsi zineten artilera?

ADRIANA OJER: Pixkanaka, ia-ia ohartu gabe. Gaur egun geure buruari galdetzen diogu: nola iritsi gara hona? Jurta egiten hasi ginen, eta horrek eraman gintuen artilera. Jakin-mina piztu zitzaigun, eta gauzak egiten hasi ginen. Artilearekin kateatu ginen, leku guztietan ikusten genuen artilea. 

ALAIN FLORES: Halaxe izan zen. Duela zazpi urte hasi ginen. Gauzak eskuz egitea gustatzen zitzaigun. Basaburuan [Nafarroa] bizi ginen garai hartan, eta konturatu ginen artilea arazo bat zela artzainentzat. Urtero-urtero mutildu behar dituzte ardiak, nahi eta nahi ez, eta artilea hondakin bat da. 

Zaborretara botatzen zuten?

OJER: Bai. Erre eta zulo batean botatzen zuten, eta horrek zer pentsatua eman zigun. Gu liluratuta geunden artilearekin, eta artzainek zaborretara botatzen zuten.

FLORES: Eta garai batean urre zuria zen. Errege batek ardi merinoen artilea penintsulatik ateratzea debekatu zuen. Heriotza zigorra ezartzen zuten.  

OJER: Arropa sintetikoa erabiltzen dugu gaur egun. Gure amonen eta geure artean sekulako arrakala dago. Asko aldatu dira bizimoduak, baina ni hunkitu egiten naiz emakume bat trikotatzen edo ehuntzen ikusten dudanean. Artilezko galtzerdiak egiten ikasi nahi nuen. Ez genuen nahi hori galtzerik. 

Kanpora joan behar izan zenuten ikastera...

OJER: Lakaben [Nafarroa] hasi ginen, eta gero Iparraldean. 

FLORES: Frantzian artilearen elkarte bat dago. Babestuagoa dago. Sarako [Lapurdi] Iletegia enpresakoekin asko ikasi genuen. Txikia bazara oso zaila da aurrera egitea. Hasieran Artilezko hodeiak izena jarri genion gure proiektuari. Bidean ikasi dugu. Dena eskuz egiten hasi ginen, gauza txikiak. 

Eta halako batean Artal sortu zenuten...

FLORES: Bai. Izena aldatu genuen. Artalde hitzetik dator. Beti pentsatzen da ardiak tentelak direla, baina elkar zaintzen dute: artaldea elkarren zaintzarako lekua da, eta hori aldarrikatu nahi genuen. Makinak erosi behar izan genituen produkzioa handitzeko. Bi tona artile erabiltzen ditugu gaur egun.

ADRIANA OJER ETA ALAIN FLORES - ARTAL
Adriana Ojer eta Alain Flores, eskuetan artilez egindako xaboiak eta lanparak dituztela. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako ardien artilea da.

FLORES: Sakana, Basaburua, Orbaibar eta Zangotzako artzainei erosten diegu, bai. Artal proiektu zirkular bat da; saiatzen gara hemen dauden artzainekin lan egiten. Filosofia horrekin bat egiten dugu. Artilea hemengoa da, naturala, kalitate onekoa, eta guretzako inportantea da ardiak larreetan egotea, eta mutiltzen dituztenean arreta handia jartzea. 

OJER: Ardiak rasa, berrichon eta latxa arrazakoak dira. Lehenengo bien artilea oso antzekoa da, finagoa. Latxaren artilea zakarragoa da. 

Zein da prozesua?

FLORES: Nahiko konplexua da. Artilea ibaian garbitzen hasi ginen, baina sekulako lana da. Gauza asko kanpoan egiten dizkigute, garbitu eta txarrantxatu, adibidez. 

OJER: Lehenik eta behin, artilea aukeratu egin behar da, eta gero garbitu eta lehortu. Nahastu egin daiteke, artile zuria merinoaren marroiarekin, esaterako. Txarrantxatu ostean, feltratu egin behar da. Ur beroarekin eta xaboiarekin egiten dugu. Artileak malutak ditu eta horrela pilatuta geratzen da, trinkotuta. 

Zer ezaugarri ditu artileak?

OJER: Mikrobioen aurkakoa da, hezetasuna pasatzen uzten du, eta iraunkorra eta biodegradagarria da.

Jurtak ere egiten dituzue oraindik.

OJER: Bai. Gurea egin genuen, eta ordutik zazpi egin ditugu. Mongoliako nomaden etxebizitzak dira, eta egur, artile eta sokekin egiten da. Egurrezko egitura artilez babesten da. Beroa mantentzen du, eta leku batetik bestera mugi daiteke.

LOTSABAKO

Kolore bat?
OJER: Berdea edo morea. FLORES: Laranja.

Leku bat?
OJER: Hendaiako [Lapurdi] hondartza. FLORES: Urederra [Nafarroa].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.