Manel taldeko bateria jotzailea da Arnau Vallve (Bartzelona, 1983). Katalanez eginiko musikaren talderik arrakastatsuena da Manel. Atletes, baixin de l'escenari disko berria aurkeztuko dute gaur, Gasteizen, 21:00etan, Jimmy Jazz aretoan.
Els millors professors europeus lehen diskoarekin jendea harritu zenuten 2008an. 10 milles per veure una bona armadura bigarrenarekin, 60.000 kopia saldu zenituzten. Hirugarrenarekin zer gertatzea espero duzue?
Orain arte egin dugunaren jarraipena da. Azken bi urteotan idatzitako kantak dira, azken batean, eta horren arabera elkartu ditugu diskoan, ez beste ezerengatik. Gure diskoak ez dira kontzeptualak, kanta bilduma hutsak dira, eta orain arte, bi urtetik behin grabatzen ditugu dauzkagunak.
Bigarrenarekin, urtebete eskasean 105 kontzertu eman zenituzten. Noiz duzue astia kantak sortzeko?
Orain arte bira gelditu egiten genuen kantak sortzeko, baina azkenean, konturatu egin gara hobe dela eginez joatea. Kantak batez ere Guillemenak [Gisbert] dira; berak ekartzen digu ideiaren bat, gordinago edo landuago, eta denon artean osatzen dugu.
Bertsoa-leloa-bertsoa eskema ia erabat hautsi duzue hasieratik. Zergatik?
Gure kantek, normalean, istorio bat kontatzen dute. Leloa hor erdian jartzeak istorioa geldotu egiten du. Ez zaigu berez ateratzen leloak jartzea, ez da apropos landutako kontua.
Egunerokotasunaren istorio poetikoak kontatzen dituzue garai nahasi hauetan. Ez diozue inoiz helduko gizartearen kritikari?
Agian bai, ez dakit. Zaila da aurkitzea zertaz hitz egin forma aldetik ere interesgarria izatea nahi baduzu, esaten duzunak merezi izan dezan. Ezin diogu geure buruei esan: «Egin dezagun protesta abesti bat». Izan ere, ahal duguna egiten dugu; ateratzen zaiguna.
«Atletak, jaitsi agertokitik» esaldiak esanahi ezkuturen bat du?
Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetako esaldi bat da. Amaitzeko ekitaldian, atletak erdi mozkorturik igo ziren agertokira. Bat-batean, Constantino Romeroren ahotsa entzun zen, jaisteko eskatzen, arriskutsua zela eta. Gure haurtzaroko gertaera dibertigarria da, besterik gabe.
Kanta bat eskaini diozue jende askok gorroto duen Yoko Onori.
Denaren errua egotzi diote Onori, jendeak The Beatles maite zuelako, baina guk beste ikuspegi bat erakutsi nahi genuen. Miresten dugu Ono, hor atzean maitasun istorio handi bat zegoelako. Ez al da polita bi pertsonak taldea suntsitzeko adina maitatzea elkar?
Madrilgo hedabideek engainatzen gintuzten esaten zutenean katalanez abestuta ere gehien saltzen zuen taldea zinetela «Espainian»?
Bai, noski. Ez ditugu salmenta kopuru zehatzak ezagutzen, baina argi dago Katalunian saldutakoarengatik izan ginela lehenak. Ez dakigu zergatik; zorte kontua da; ez dut uste beste taldek baino neke handiagoa hartzen dugunik kantak sortzen.
Lagun batek dio zuek lehen Euskal Herrian cool zinetela, baina orain mainstream bihurtu zaretela. Arrakastaren prezioa da?
Zaila da jakitea termino horiek benetan zer esan nahi duten. Emozionaturik zaude aurkitu duzun taldea ezezaguna delako, eta gero, ezaguna egiten denean, arrunta iruditzen zaizu. Baina taldeak gauza bera egiten jarraitzen du. Ez gara inoiz kexatuko mainstream izateagatik.
Arnau Vallve. Manel taldeko kidea
«Yoko Ono miresten dugu, haren maitasunak musika talde bat suntsitu zuelako»
Katalanez abesturiko pop talderik arrakastatsuenetako bat da Manel, eta taldekideek ez dakite jendeak zergatik duen hain gogoko haien musika. Hirugarren diskoarekin datoz Gasteiz eta Donostiara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu