'Yoko Ona' podcastaren azken alea: aldaketak eta lehen aldiak

Sune eta Euskoprincess musikariak gonbidatu dituzte, bertzeak bertze, euskal musika eszenan «aldaketa» eragiteagatik. Bakarlari direnez, «aurpegia eman» behar izan dute anitzetan.

'Yoko Ona' podcastaren zuzeneko saioa, herenegun, Donostiako Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Yoko Ona' podcastaren zuzeneko saioa, herenegun, Donostiako Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Azkena izateak, berez, ez du adjektibo onik izaten ondoan. Ohikoa izaten da bertigoa eta ikara sentitzea, bai azkena izatearen kontzientzia hartzen bada, behintzat. Azkena izateak berak, baina, berezi ere bihur lezake momentua. Badaezpada, bertigoari aurrea hartuta hasi zuten Yoko Ona zuzeneko podcast saioa herenegun Ainhoa Vitoriak, Olatz Salvadorrek eta Lore Nekane Billelabeitiak. «Triste gatoz, ez baitugu hau bukatzerik nahi», abisatu zuen Vitoriak. 

2021eko irailean estreinatu zuten Yoko Ona podcasta: musikarien bizipenez aritzeko txokoa. Gauzak nola diren, hasierez aritu ziren lehendabiziko saio hartan, eta, herenegun, arreta gune nagusia hori izan gabe ere, bukaerek hartu zuten pisuaren zati handi bat. 

Azkena eta bukaera hitzek hala eskatuta, gonbidatuek ere bereziak izan behar zuten, eta Josune Arakistain (Sune) eta Minet Peña (Euskoprincess) musikariek hartu zituzten podcasteko bi eserleku libreak. Tabakalerako oholtzara begira, entzuleek bete zituzten gainerako aulki denak; ohartzerako, ez zen lekurik geratu libre. Txalo artean hartu zituzten gonbidatuak, eta, Vitoriak azalpenak eman ondotik, entzuleek berehala ulertu zuten zergatik ziren Sune eta Euskoprincess herenegungo gonbidatuak: euskal panorama musikalean —bakoitza bere esparruan— lehenak izan direlako zenbait gauza egiten. Azken saioan, beraz, lehen aldiak. 

«Asko lasaitzen nau ardura banatua dela sentitzeak; gaur nirea eta bihar zurea, edo ez dena nirea, behintzat»

LORE NEKANE BILLELABEITIABelako taldeko kidea

Sunek ahotsa eta gitarra erabiltzen dituen arren, hauspo batek bereizten du haren lana gainerakoengandik: trikitiak. Ohiko eran erabili beharrean, ordea, tekno estiloarekin uztartzen du, eta horretxek ematen du arreta: trikitiak ateratzen duen soinu elektronikoak. Dena dela, hark argitu zuen ez zuela zilegitasunik sentitzen bere buruari «hau egiten duen lehen artista» zigilua jartzeko; aitzitik, bertze artista batzuek ere egin izan dutelako halakorik. «Ines Osinaga asko entzun dut, eta hari ikasi nion trikitiak beste gauza asko onartzen dituela». 

Euskoprincess «euskal eszenan musika urbanoa egiten duen lehen emakumeetako bat» izendatu zuten, musika «nahiko berria» den horretan aitzindari gisa. Hala erantzun zion abeslariak: «Halaxe da, bai, baina sorpresa izan da niretzat ere. Bilatu gabe egindako zerbait». Lehendabizikoa izateak azkenekoa izatearen adinako bertigoa eman dezake, baina biek ala biek azaldu zuten ez zutela askorik pentsatu nahi horretan, eta ez zutela horretan pentsatzen, gainera. Erabaki zuten hobe zela bideaz gozatu eta norberaren gustukoa den hori egitea, lehena izatearen «presioan erortzea» baino. 

Elkarren artean zerikusirik ez duen musika egiten dute bi artistek, baina mikrofono aitzineko berotasun hartan etorkizuna irudikatzeko parada hartu zuten: «Egingo zenukete kanturen bat elkarrekin?», galdetu zien Vitoriak. Baiezkoa eman zioten elkarri, irri artean ezkutatu arren. 

Aldaketak

Aldaketei buruz ere aritu ziren: aldaketez eta horrek guztiak dakarrenaz. Huntza taldean hasi zen Arakistain, eta aurten kaleratu du bakarlari gisara egindako lehen diskoa. «Aldaketa izugarria» egitea leporatu diote anitzetan, baina «positiboa» ere izan daiteke hori. Salvadorrek ere aldatu zuen bidearen noranzkoa, eta bakarrik aritzen da egun. Bakardade horri bueltaka, alde onak eta txarrak topatu zizkioten bakarkako lana egiteari. «Ni asko lasaitzen nau ardura banatua dela sentitzeak; gaur nirea eta bihar zurea, edo ez dena nirea, behintzat», erran zuen Billelabeitiak —Belako taldeko kidea da—. Sunek erantzun zion erabakiak hartzerakoan, erraterako, bidea askoz ere «arinagoa eta azkarragoa» zela, eta norberak nahi duena egiteko bidea zabalagoa dela. Salvadorrek, baina, arantza atera zion arrosari: «Gertatzen dena da aurpegia eman behar denean ere bakarrik zaudela, eta, beraz, ondoan jendea eduki dezakezun arren, zurea dela ardura guztia».

Yoko Ona saioak ohikoa duen eran, kontzertu batekin bukatu zuten saioa. Bukatu, betiko? Etorkizuna aurreikusten zaila denez eta itzuliko diren ez dakitenez, ikus-entzuleei opari txiki bat egin zieten: Sunek bi kantu, eta Olatz Salvadorrek eta Lore Nekane Billelabeitiak bertze bi. Azkenerako, Euskoprincessen kaleratu gabeko kantu bat jarri zuten, lehen aldiz aditzeko. Kontent hustu zituzten betetako aulki denak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.