Yoga, surf oholen gainean

'Stand up' arraun surfa eta yoga uztartuta, terapia saioak gidatzen ari dira Marcelo Diaz surflaria eta Marta Olazabal yoga irakaslea, Donostiako Gondolin elkartearen eskutik.

Marta Olazabal irakaslea, ezkerrean, eta ikasleetako bi, Santa Klara uhartea atzean dutela, orekari eusteko saioan. MARCELO DIAZ.
Donostia
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bare dago itsasoa, oskarbi zerua. Baldintza aproposak uretan sartzeko. Eguerditik aurrera iragarri dute aldaketa. Arriskurik ez dago; 08:30ak dira. Aintzat hartu beharreko lehenengo bi aldagaiak dituzte itsasoarena eta eguraldiarena Marcelo Diaz surf irakasleak eta Marta Olazabal yoga irakasleak. Stand Up arraun surfa eta yoga uztartzen dituen terapiari ekin diote aurtengo udan, Donostiako Gondolin elkartean. Surfa eta yogaeskutik. Paradoxa dirudi. Erlaxazioa lantzeko eta nork bere energia kontrolatzeko ariketak, adrenalina pizteko sortutako oholaren gainean.

Bost eguneko ikastaroak dira, astelehenetik ostiralera. Goizean goiz, Donostiak eguneroko erritmo bizia hartu aurretik. «Gainerakoan, ezinezkoa litzateke halako erlaxazio ariketak egitea. Lasaitasuna ezinbestekoa dugu». Gondolin elkarteak Hernani kalean duen lokalean 08:15ean elkartu dira. Itsasoratu aurretik, han hasten dute prestaketa: surf ohol handiak eta arraunak hartu, bainujantzia eta neoprenoa jantzi, eta Marcelo Diaz eta Marta Olazabal irakasleen esanak tentuz aditu. Jesus Lizarraga eta Mar Esnaola dira bi ikasleak. Marisa Gonzalezek eta Garikoitz Unsainek osatzen dute lauko taldea; gaur kale egin dute.

Barealdia ikusita, Kontxako badiatik itsaso zabalera irtengo direla esan die Diazek ikasleei. Lehenengo egunetan, badian egin dituzte arraun saioa eta yoga ariketak. Lehen aldia izango dute Santa Klara uhartetik eta Aquariumetik harago. «Errespetua sortzen du, itsas hondoa ez delako ikusten, baina baduzue nahikoa maila eta eskarmentu olatu artean orekari eusteko», lasaitu ditu Marcelo Diazek.

Udaletxearen alde batera dagoNautikoa, eta han itsasoratu dira. Arraun kolpe biziekin, ziztu batean iritsi dira Aquariuma gainditu eta Santa Klara eta Pasealeku Berriaren arteko itsas eremura. Hantxe jarri dira oholaren gainean, orekari eutsiz. Ez da lantegi erraza olatuen joan-etorriak eragiten duen mugimenduari aurre egitea. Arnasketa ariketak egin dituzte, besoak aldez alde irekita. Guztiek eutsi diote orekari. Bada zerbait.

Terapia eta energia berritzaile

Arraun eginez itzuli dira badiara, Nautikoaren parera. Yoga ariketen txanda da. «Arnasketa teknikak, luzaketa erraz batzuk eta erlaxazioa lantzen ditugu oholen gainean. Itsasoak propietate asko ditu, eta yogak nerbio sisteman eta nork bere energiaren kudeaketan duen eragina areagotu egiten dira itsasoan», azaldu du Olazabalek. Itsasotik ateratzerakoan aurpegietako irribarrean antzematen da hori: «Energia berrituta ekiten diogu egunari, irribarretsu eta zoriontsu. Ba al dago kaioak entzunda itsasoan lasaitzea baino modu eraginkorragorik? Probatu duenak errepikatu egiten du». Baiezko keinuarekin berretsi ditu irakaslearen esanak Mar Esnaola ikasleak.

Donostiako Gondolin elkarteak antolatzen ditu izen bereko terapia ikastaroak. Iaz hasi zituen Marcelo Diaz surflariak «altxatu eta arraun egin» funtsa duen Stand Up Paddle modalitatearen ikastaroak. Polinesiatik dator, eta surfaren aldaera bat da, azken urteetan hazkunde handia izan duena. Euskal Herrian ere ari da lekua egiten, eta irudi ohikoa da Urumea ibaian, Kontxako badian edo Zumaiako hondartzan ohol gainean arraunean ari diren surflariak ikustea. Yoga ariketen alorra lantzen du Marta Olazabalek, Indian ikasi eta barneratutakoak Kontxako uretara ekarriz. Hori da ikastaroaren berrikuntza agerikoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.