Xuntak ez dio diru laguntzarik emango 'Nòs Diario'-ri

Xuntak argudiatu du 'Nòs Diario' ez dela egunero argitaratzen. Galegozko egunkari bakarra asteartetik larunbatera ateratzen da

Nòs Diario galegozko egunkariaren erredakzioa, atzo, Santiagon. NOS DIARIO.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
2020ko urtarrilean sortu zuten Nòs Diario galegozko egunkaria, 3.000 harpidedunen babesarekin—orain, 3.200 eta 3.300 harpidedun artean dauzka—. Baina oztopo handiak topatzen ari da bidean. Galiziako Xuntak bigarren urtez diru laguntzetatik kanpo utzi du. Xuntako komunikabideen saileko idazkaritzak maiatzaren 3an sinatutako ebazpenaren arabera, Sermos Galiza SA enpresari ez dio laguntzarik emango, «Nòs Diario ez delako egunero inprimatzen eta banatzen den kazeta bat». Galegozko egunkari bakarra asteartetik larunbatera argitaratzen dute, astean bostetan. Interneten edizio jarraitua du, eta galegoz ematen du aktualitatearen berri.

OJD Banaketa Egiaztatzeko Espainiako Bulegoak neurtzen du prentsaren salmenta, eta hedabideek bulego horren txostenean edo EGM Komunikabideen Azterketa Orokorrean agertu behar dute Xuntaren laguntzak jaso ahal izateko. OJDk egunkaritzat jotzen du astean lau egunez edo gehiagotan argitaratzen den hedabide bat. Xuntako idazkaritza orokorrak, berriz, ez du bestelako azalpenik ematen egunkariek izan behar duten maiztasunaren inguruan.

Maria Obelleiro Nòs Diario-ren zuzendariak adierazi du deialdiko irizpide guztiak bete dituztela. «Deialdian ez da definitzen zer den egunkari bat. Eta OJDk emandako definizioari erreparatuta, Xuntak hautsi egin du arau hori».

Diru laguntzen deialdian, irizpidea da paperezko egunkarien informazioaren %10 gutxienez galegoz argitaratzea, eta urtea amaitu arte galegoaren presentzia handituz joateko konpromisoa hartzea. Iaz, La Voz de Galicia izan zen laguntzarik handiena jaso zuena: 584.723 euro —laguntza guztien %46,59—. Urruti gelditu ziren Prensa Iberica (Faro de Vigo eta La Opinión egunkariak) eta El Progreso (El Progreso eta Diario de Pontevedra egunkariak) komunikazio taldeak.

Nòs Diario-ren zuzendariaren iritziz, Xuntak argi bereizten ditu aldekoak eta kontrakoak. «Gertatu denak ez gaitu harritu. Izan ere, Xuntaren politika da babesten duten hedabideak laguntzea, eta independenteak eta kritikoak garen hedabideak zigortzea eta guri ahoa estaltzea». Laguntzek testuinguru mediatikoa «asko baldintzatzen» dutela nabarmendu du Obelleirok. «Jendeak jakin dezala Galizian informazioa salerosten dela. Joko arauak ez dira argiak».

Publizitate hitzarmenak

Publizitate instituzionalari dagokionez, Nòs Diario-k ohartarazi du Xuntak elkarlanerako hitzarmen bereziak sinatu ohi dituela zenbait hedabiderekin. Horietatik kanpo gelditzen dira Nòs Diario eta galegozko beste hedabide batzuk. Publizitate agentzien bidez, Xuntak nahi dituen hedabideak aukeratzen ditu iragarkiak jartzeko —10 milioi euro inguru erabiltzen ditu horretan—. Nòs Diario-n iaz bi iragarki baino ez zituen jarri PPren gobernuak: bat Letra Galegoen Egunean, eta bestea, berriz, Galiziako aberri egunean.

Bestetik, Xuntako sailek hedabide jakin batzuekin hitzarmenak dituzte publizitatea jartzeko. «Oso ezkutukoa da eremu hori, eta txostenak eskuratzea ezinezkoa da». 2017an, 18 milioi euro banatu zituen Xuntak modu horretan. Hurrengo urteetako daturik ez dago. «Galegozko hedabideetan publizitate instituzionalik ez jartzea da Xuntaren politika», salatu du Obelleirok.

Laguntza sail txiki bat dago galego hutsean argitaratzen diren hedabideentzat, 200.000 eurokoa. Eta, horretatik, 30.000 euro jasotzen ditu Nós Diario-k. Ez du bestelako laguntza publikorik jasotzen.

Testuinguru zail batean jaio zen egunkaria, sortu eta bi hilabetera COVID-19aren osasun krisialdia iritsi baitzen. Egunkariak asmoa zuen lehen urtean ostalaritzan zabaltzeko kanpaina bat egiteko, baina ezin izan zuen egin, eta horretan ari dira orain. Joan den astean, Nosdiario.gal webgunearen diseinua berritu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.