Ez da soilik zubereraz eginiko lehen filma: Zuberoan eginiko lehena da, eta Ipar Euskal Herrian euskaraz egindako aurrenekoa. Horrez gain, Peio Cachenauten (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1979) lehen film luzea da Xora. Zuberoari loturiko estereotipoetatik urrun dabil lan hau, eta gaur ikusi ahalko dute Usurbilen (Gipuzkoa). Ttittika Rekaltek aurkeztuko du, filmean lan egiten duen aktoreak.
Iazko martxoan estreinatu zuten lana, Donostian eta Maulen. Idazle izan nahi duen gazte baten—Jef Goihenexpe aktoreak antzeztuta— inguruan dabil istorioa. Haren osaba (Ttittika Rekalt) idazle ezaguna da, eta berriki itzuli da Kaliforniatik (AEB), bortuko borda batean bizitzera. Sorkuntzaren eta liluraren kateen inguruko hausnarketa da filma: «Jinkoak sortü dütüt… eta desegin», dio protagonistak.
Ez dago Xora-n Zuberoaren inguruko irudi tipikorik. Izenburua zoramema hitzetik dator, baina paisaia era bukolikoan erakusten ez duen bezala, filmak ez du eromenaren alde erromantiko-ederrik erakusten. Iluntasuna, bortuaren eta kalearen arteko kontraste bortitzak, bidegabeko lan harremanak, gazteen suizidioak... halakoak hartzen ditu langai, misterioaren bila, turistek ikusten duten itxura ederraren atzean dagoen errelatitate latza erretratatzeko.
'XORA'
Noiz. Gaur, 22:00etan.
Non. Sutegi aretoan,Usurbilen.
'Xora' filma Usurbilen ikusgai
Ttittika Rekalt aktoreak aurkeztuko du zubereraz eginiko lehen filma, Sutegiko auditoriumean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu