Irratia

Xiberoko Boza: 40 urte Zuberoako uhinetan

1982an sortu zen Xiberoko Botza, eta berrogei urteko historia ospatuko dute gaur, Muskildin, kantuz eta musikaz. Irratian ibilitako zenbaitek orain arteko historia kontatu dute irratian bertan, kronika berezien bidez

Maite Lephaille, Madouce Araguas eta Allande Etxart, Xieroko Boza irratiko estudioan, 2001an.
Joanes Etxebarria.
2022ko azaroaren 4a
10:57
Entzun

Xiberoko Botza irratiak berrogeigarren urtemuga ospatuko du gaur, Muskildin, kantaldi eta kontzertuekin. Ikasturtea hasi denetik, memoria lan bat egin dute uhinetan, irratiaren sortzaileen eta irratiaren historian gisa batez ala bestez parte hartu dutenen oroitzapenen kronikak hedatuz. Hala, partez bederen, irratiaren ibilbidearen berri ukaiteko parada izan da: Irabarnen abiatu zen bidea, eta, egun, Maulen segitzen du.

Landak, kaseteak, biniloak, diskoak, mp3 formatua…; teknikoki jauzi anitz egin diren bezala, aldaketa anitzen lekuko izan da irratia, estudio barnean eta inguruan. Beste irrati libre anitzen sortzea aipatzeko bezala, Francois Mitterand Frantziako presidente sozialistaren garaipen elektoralari erreferentzia egiten diote sortzaileek, hala nola Jojo Malharin mauletarrak, haiek bezala irratian egin kronika batean: “1981ean Mitterand Frantziako presidente izendatu zelarik, aipatu zuen irrati libreak sortzen ahalko zirela. Jadanik baziren zenbaitzuk legez kanpo hedatzen zutenak, baina orduan agertu ziren irratiak nonahi, eta hemen ere, Zuberoan, bagenuen xede bat euskarazko irrati baten egiteko”

Lekuko irrati bat izanik, lekuko testuinguruak badu, beharbada, hastapenetako kontakizunean garrantzia haboro. Xiberoko Botzaren ideia, elkarte anitz elkartzen zituen Ühaitza elkartean agertu eta garatu zen, eta, beste anitzen gisa, han zen Malharin ere. “Ühaitza elkarteak zuen xedea eraman. Lantalde bat sortu zen hastapenean, eta, beste anitz bezala, horri lotu nintzen”, dio.

Xiberoko Botzako langile eta laguntzaileak.

Politikoki eta orokorkiago ere, “giroa bero zen Zuberoan”, Allande Etxart beste sortzaile baten oroitzapenetan, nahiz ez duen uste “sekula hotz izan” denik ere. Aipatu behar dira, haren ustez, instituzioekin 1978tik aitzina sinatu ziren bi herri kontratuak, eta horiek ekarri “gogoetak, jende biltzeak, ideia nahasketa eta xedeak”. Mauleko kabala hiltegia eta Sohütako lizeoa garai horietakoak dira, adibidez. 1982an sortu zen Xiberoko Botza, horien segidan, Irabarneko jauregian, Mauleko Herriko Etxeak prestatu gela hutsean.

Iulen Guiresse irrati kazetariak prestatu kronika historikoetan, pertsonen kontakizunak dira ardatz, kronologia bera baino gehiago. Madouce Araguas Irabarneko laborariak, sortzaileetarik batek, gogoan ditu hastapenetako tentsio politikoak Mauleko herriko etxe sozialistarekin: “Harreman gogorrak ziren abertzale edo euskaltzaleen eta auzapezaren artean. Ukan genuen arrangura amiñi bat, erraten genuena kontrolatu nahi baitzuen, baina aski fite utzi gintuzten gure lana egiten”. Geroago, Xiberoko Botzaren “orientazio abertzale eta euskaltzalearen” parean, Mendililia irratia sortuko zen.

Euskara gehiago baliatzen zen garaia zela iduri zaio Jean-Jacques Etxeberri Llargo beste sortzaile bati, nahiz eta euskara saihetsean uzten zen, aldi berean: “Xiberoko Botza etxe orotan sartzen zen. Halarik ere, ez zen ofizialki behaturik; ahapetik behatzen zen”. Aski fite baliatu bazen ere euskara sustatzeko tresna gisa, lehen emankizunetan frantsesa eta portugesa entzuten ziren, euskararekin batean.

Boluntarioez gain, langileak

Teknika aldetik, Allande Etxarten lana inportantea izan zen uhinak lau haizeetara hedatzeko. “Frantxoa Hastaran ere han zen, ni bezala elektronika ikasi baitzuen; biak ginen teknikari”, erran du Etxartek. “Hastapenean, estudioa muntatu, kableak, tresnak konpondu…” behar zituztela gogoan du. Lehen antena Irabarneko jauregi ondoko baobab zaharraren adar gorenean plantatu, eta geroago Sohütako mendixka batean ezarri zuten, adibidez. Kazetari aldetik, antena hartu zuten lehenak boluntarioak zirenez, Etxartek aipatu du langile baten beharra fite agertu zela: “Paperak prestatzen genituen, ustez oren bat iraunen zuela, eta, oren erdiz, dena bukatua zen. Ohartu ginen lana zela, eta langile bat behar zela”.

1983an hasi zen langile gisa Marcel Bedaxagar, kanpaina herrikoi batek finantzaturik. Mikroan ari zen, eta laguntzaileak teknikari lanetan. “Egunkariak bagenituen, baina ez ziren beti berri freskoak. Beste irratiak behatzen genituen. Oso artisaua zen”, dio kronika batean; orain, Sud Ouest egunkarian ari da. Gaur egun, etxez etxe sosa biltzeko kanpaina iturri inportantea da, irratiko bost langileen gastuen parte bat pagatu ahal izateko.

Dominika Agergarai, Isabela Barreix eta Sustrai Colina, 2001ean.

Talde profesionalarekin, logikoa denez, antenan ari ziren laguntzaileen kopurua ttipituz joan da urtez urte, baina Maite Davantek —1998an hasirik, hamar urtez izan zen irratiko langile— beste laguntzaileen garrantzia aipatu du: “Lagünak elkartean, gazte anitz baziren animazioak antolatzen zituztenak irratirako sosa biltzeko. Pintatzera edo brikolatzera jin behar zelarik, taldeak antolatzen ziren. Bazen dinamika gaitza eta ederra irratiaren inguruan”. Irabarnetik Mauleko plazara eta handik hiriko oraingo egoitzara joateko —Victor Hugo karrikara—, Euskal Herrian gaindi kanpaina zabal batean parte hartu zuten, adibidez, Lagünak elkarteko gazteek. Garai horretakoa da Fermin Muguruzak kanpaina laguntzeko egin zuen Ekhi eder kantua ere (kantua, hemen entzungai).

Lekukotik Euskal Irratietara

Hedabide lokala den heinean, gertakizun gehienen lekuko hurbila izan da Xiberoko Botza. Maite Lephaillen kronikak, besteak beste, hauteskunde batzuetako “giro beroa” oroitarazten du, eta beste gai batzuek eragin eztabaidak: “Gasbidearen eztabaida izan zelarik ere, giroa tiran zen bai irratian eta bai kanpoan ere; kalapitak baziren. Egoera politikoarekin izan dira momentu gogorrak”. Baina Lephaillek, gibelera begiratuta —erretreta hartu berri du—, uste du ildoa atxiki dela beti: “Beti bere xedean egon da Xiberoko Botza: euskarari lehentasuna, denei hitza ematea, jendeetatik hurbil egotea”, laburbildu du.

Kronologian berriz gibelera joanez, Euskal Irratien sortzeak ere badu leku handia historia kroniketan. Allande Etxart irratien federazioaren sortzeaz oroitu da: “Nik ez nuen hola ikusten, eta Irulegiko Irratikoek ere ez: hiru irrati, hiru estudio, egitura bakar bat. Baina gero ekarri zuen lehen gauza ona instituzio publikoei buruz zen: sos laguntzen galdetzeko eta defendatzeko egitura bat ginen”. Programazioan, langile kopuruan eta elkarlanean, eta beste alor batzuetan onurak ekarri zituela ondorioztatu du Etxartek, ahantzi gabe “euskal munduaren sostengua ere ukan” zutela Euskal Irratien sortzeko. Egun Gure Irratiak, Xiberoko Botzak, Irulegiko Irratiak eta Antxeta Irratiak osatzen dute.

Denborarekin Lagünak elkarteak egiten zuen lana eta irratiaren inguruko animazio kulturalak langileen esku gelditu badira ere, beste laguntzaile batzuekin badute hurbiltasuna oraino ere, lehen bezala: herrietako berri emaileekin, eta kirol edo kultur elkarte anitzetako berri emaileekin. Bestalde, teknologien garapenak komunikatzeko tresna berriak ekarri dituenez, Allande Errezarret irratiko administrazio kontseiluko buruak desafio berriak ikusten ditu: “Gure biharko desafioa eta egungoa, azkenean, hau da: aldi berean ahozkoan presente izatea zuberotarrez, baina baita izkribuan eta irudian ere”. Hedabideen inkesta bati erreferentzia egin dio, gazteen kontsumoa bereziki sare sozialetan eta podcasten bidez egiten baita.

Maite Davant langile izandakoak egungo panoramari begiratu dio, eta baikorki hitz egin du: “Plazer egiten du ikustea gazteak lotzen direla, boz berri anitz baitira Xiberoko Botzan eta Euskal Irratietan. Gauzarik ederrena da geroa izan dadin, segida izan dadin”. Araguas ere baikor agertu da: “Mendililian ere euskara entzuten da orain. Ontsa da”.

Gaur, ospakizun eguna

Xiberoko Botzaren 40. urtebetetzea ospatzeko izan diren ekitaldien segidan heldu da “besta handi” gisa aurkeztu dutena: gaurkoa. Berrogei kantari gomitatu dituzte Muskildira, kantaldi bat egitera; horien artean, Maddi Oihenart, Maika eta Mixel Etxekopar, Xiberotarrak eta Altzükütarrak taldeak eta Haur Kantu Txapelketako kantariak. “Kantua gure kulturan da; gure barnean da”, azaldu du Errezarretek. Kantaldia 18:00etan hasiko da. Ondotik, Atzarbale txaranga ariko da, bai eta Joseba Tapia ere, bere musikariekin. DJ Üzkülüzekin bukatuko da gaualdia, Xistera Zaharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.