«Artzaintzaren estandarretik ateratzen den ikuspegitik» jorratutako liburu bat da Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua. Josebe Blanco artzain eta gaztagileak
(Salceda, Galizia, 1973) egin du, eta Argia-k argitaratu. «Artalde baten bizipenak dira liburuaren ardatza», nabarmendu du.
Ardiek egin zaituzte artzain, baina liburuan aipatzen duzu behiak izan dituzula gustuko txikitatik.
Gure arbasoen etxean behiak presentzia sendoa izan du, eta familiari oso lotuta egon da. Gero, ardiak gurutzatu ziren, eta eurekin kateatu nintzen.
Askotan diozu ardiekin bizi zarela, eta ez ardietatik.
Bai. Esaten dugunean ardietatik, baratzetik edo lurretik bizi garela, horren atzean ezkutatzen den izpiritua zera da: jasotzekoa, ateratzekoa. Esaten dugunean lurrarekin eta ardiekin bizi garela, elkarbizitza bat osatzen da, eta sortzen den unibertso horretan denon lana da beharrezkoa baserri hori mantentzeko: bizitza horiek mantentzeko. Bizitza horiek, eta lan horren emaitza diren gazta, barazkiak eta okela jango dituzten bizitzak ere unibertso horren barruan daude.
Eguneroko forma eman diozu liburuari. Zergatik?
Bergarako [Gipuzkoa] idazle eskolan egindako lanketatik atera zen egunerokoa, eta hor Tere Irastorzak gakoa aurkitu zuen. Bizipenetan oinarritutako kontakizun bat da, eta, bizipen hori momentu batean indibiduala izan arren, unibertsala ere bada. Konkretutik abstrakziora egiteko jauzia bikaina iruditu zait.
Poesiak, argazkiak eta ilustrazioak ere badaude. Liburua, estetikoki, jantzia eta berezia da.
Poesia txertatu izana ez da erabaki estetikoa izan, sormenak bere bidean jarri didan elementua baizik. Uste dut liburuan gauzatzen dela nik prozesu honetan guztian bizi izan dudan maitasuna.
Liburuan diozu uste zenuela artzain izateko era bakarra zegoela: gizonaren eta makilaren manera.
Gure ofizioarekin lotutako estandar horren aurrean jartzen garenean, lehendabiziko kolpean saiatzen gara geure burua egokitzen ofizio horretara, baina momentu batean zapata estu horietan ezin kabitu eta minbera egon nintzen, egonezin handiarekin. Errealitateak berak bideratu ninduen, eta ofizioa neurera ekarri nuen. Abeltzaintza indarrarekin eta animaliak gobernatzearekin lotzen dute, baina nik ez dut horrela ulertzen. Batzuetan indarra behar da, baina ez dut uste animaliekin edo lurrarekin daukagun lan hori indarrean oinarritu behar dugunik, baizik eta zaintzan.
Atera egiten zara euskal artzainaren estereotipotik. Galizian jaioa zara, eta emakumea.
Ez dut neure burua identifikatuta ikusten estereotipo horrekin, eta horretarako arrazoi asko daude. Ahaztu egiten zaigu gure amonek zein harreman berezia zeukaten animaliekin, eta industrializazio prozesuan emakume horiek bazterrera joan ziren. Artzain hitza esan, eta zein marrazki egingo genuke? Hortxe dago.
Nolako tratua duzu lanean heriotzarekin?
Heriotza eta bizitza batera doaz, eta ezin ditugu banandu. Ardiekin bizi zarenean, distantzia desagertu egiten da: lankidea da. Amaiera heltzen zaionean, hil behar duzunean, gauza asko husten dira. Batzuetan heriotza dator etorri behar duelako, eta zuk eragin behar duzu, maite duzun horrek ez sufritzeko. Arkumeak hiltegira eraman behar ditugunean, ardiari arkumea kendu behar diodanean, krakateko handi bat bizi dut barruan. Elikadurarekin ere lotzen dut. Egungo gizartean, askotan haragia jaten dugu inongo erreparorik gabe, eta sobran dagoena botatzen dugu. Hor gauza asko gertatu dira. Xerra horren atzean bizipen asko daude, eta, beharbada, modu kontzienteagoan jan beharko genuke, eta jabetu hor dagoen zatia animalia baten zatia dela, eta errespetu osoz jan behar dugula.
ATZEKOZ AURRERA. Josebe Blanco. Artzaina eta gaztagilea
«Xerra baten atzean bizipen asko daude»
Ardiekin bizi da Blanco, eta ez ardietatik. 'Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain' liburua ondu du: eguneroko bat da, eta gogoeta egiten du artzaintzari, elikadurari, heriotzari eta beste gai askori buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu