Xalbadorren gertuan

Xalbador Eguna ospatuko dute bihar Urepelen. Jon Azpillaga bertsolaria ere omenduko dute aurten, Xalbadorrekin batera

Frontoian bazkaldu eta gero, bertso saioa egingo dute bihar. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Xalbador hil zenetik, urtero-urtero gorde zaio egun bat». 1976an zendu zen Fernando Aire Xalbador Urepeleko bertsolaria (Nafarroa Beherea), eta, Joxemari Iriondok azaldu legez, ordutik urtero ospatu da Xalbador Eguna haren sorterrian. Euskaltzaleen Biltzarra hasi zen omenaldia antolatzen, eta Deiadarra taldeak hartu zuen lekukoa duela hamalau urte. Bertako kide da Iriondo, eta azaldu duenez, «Urepele bezalako herri txiki batean Xalbadorren su horri eustea da helburua. Kostatzen da, baina eutsi diogu».

«Euskal kulturaren alde» aritu eta Xalbadorrekin harreman zuzena izan zutenak ere omentzen dituzte azken urteetan. Eta aurten Jon Azpillaga bertsolari pasaitarra hartuko dute gogoan, otsailean hil zela eta. «Argazki askotan ageri dira bera eta Xalbador kantuan. Azpillagak kontatzen zuen 1960ko txapelketan ezagutu zuela, eta bizi izan zen artean izan zutela harremana», argitu du Iriondok. Bazkaldu ondorengo bertso saioan Joan Mari Narbaiza ere gogoan hartuko dute bihar.

Aurtengoa igaro gabe dela, datorren urtean Baxenabarreko bertsolariak omenduko dituztela aurreratu du Iriondok: hala nola Fermin Mihura —haren bertso-bilduma aurkeztu dute asteon—, Ernest Alkhat, Joanes Arrosagarai eta Jean Pier Mendiburu. Omenaldiak omenaldi, Xalbador Eguna «euskaltzaleen bilgune» izaten dela dio Iriondok, «herri oso bat euskaraz bizitzeko modua». Biltzen direnen artean, baina, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak gutxiengoa direla dio.

Bertso saioa, bazkalostean

Egun handia bihar bada ere, gaur iluntzean kontzertua egingo dute elizan, eta elizan hasiko da biharkoa ere. «Sinesmendun jendea badago oraindik, eta meza jartzen dugu, hildako bertsolari lagunak gogoan». Frontoian lagunarteko bazkarian batuko dira goizeko ekintzen ondoren, eta Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi Lodisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariek kantatuko dute. «Askorentzat urruti egiten da, eta jendeak arin irten behar izaten du Urepeletik, baina erromeria plaza husten den arte egongo da».

Xalbador Eguna

Gaur eta bihar, egun osoan, Urepelen (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.