«Aspaldikoa! Nola aldatu zaren! Ontsa zarea?». «Begira, agertzen gara argazki horretan!». Halako esaldiak entzun dira gaur goizean Xalbador ikastetxean, muxuen eta besarkaden artean; 40 urteko atzera jauzia egin baitute Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioko ikasle, buraso eta langile ohiek, baita egungoek ere; 1983tik gaur egunera murgildu dira ikastegira joan direnak.
Burasoek, laguntzaileek eta ikasleek azken prestaketak egin dituzte goizetik: eguerdiko bazkaria kozinatzen, mahaiak prestatzen, argazki erakusketaren azken detaileak doitzen... Haien artean, Maitane Amilibia eta Mailuxa Artolagorriaga, barazkiak mozten ari. «Biziki presatuak gara, egun ederra izanen da!», bota du Artolagorriagak. Bosgarren mailan da, eta ikasleak uste du halako ekintza antolatzea inportantea dela: «Horrelako data bat ospatzea beharrezkoa da, kolegio horrek euskara sustatzen baitu eta horren alde borrokatzen baita. Harro gara, oraindik euskara hemen dugulako».
«Gure burasoak ez ziren Xalbador kolegiotik pasatu, baina hemen dira, gurekin, laguntzeko. Beti euskararen alde izan dira», gehitu du Amilibiak. Behin kolegioa bukatua izanen dutelarik, Etxepare lizeora segitzeko asmoa dute biek, Seaskaren lizeo bakarrera.
«Sufrimendu baten bitartez lortu zuten Xalbador. Eta hori markatu nahi genuen».
HARRI IDOATE Ikasle ohia, burasoa eta egunaren antolatzailea
Harri Idoate ikasle ohia eta egungo buraso da, eta antolaketan parte hartu du. Eguna hainbat arrazoirengatik antolatu dutela esplikatu du, horietatik bat, Xalbador ikastetxeak ukan duen aldaketa gogoraraztea: «Jakin behar da Xalbador kolegioa Seaskaren lehen bigarren mailako ikastetxea izan zela. Badakigu gure burasoak zenbat borrokatu ziren kolegioa lortu ahal izateko. Sufrimendu baten bitartez lortu zuten Xalbador ikastegia. Eta hori markatu nahi genuen». Horri gehitu dio belaunaldien arteko harremana «atxikitzeko» eta «indartzeko» antolatu nahi izan dutela.
Hartu-emanak indartzeaz gain, arazo ekonomikoak ere aipatu nahi izan ditu Idoatek: «Seaskaren ikastetxe guztien egoera bezala, ez ditugu behar ditugun diru laguntzak lortzen. Beti ari gara gauzak antolatzen, hainbat gasturi aurre egiteko».
Argazkien bidez gogoratu
Eguerdi aldera, kolegioko pasabideak jendez betetzen hasi dira. Ikasleek eta irakasleek argazki eta bideo erakusketa bat prestatu zuten, ospakizunaren karietara. Pasabideko murruetan belaunaldi guztien klase argazkiak kolatu dituzte: 1983tik 2024rat. Klaseetan argazki diaporamak prestatu dituzte, zenbait gairi buruz: «Xalbadorreko irakasle eta langileak», «Xalbadorreko ikasleak 2010. urtea aitzin», «Xalbadorreko barnategia», eta «Xalbadorreko ikasleak 2010. urtea ondotik». Ikasle ohiak irriz ari dira haien gazteagoko argazkiak ikusiz. Emozioa sumatzen da geletan.
Azken gela batean, hogei minutuko dokumental bat proiektatu dute: Xalbador ikastegiaren historia. Xalbador ikastetxearen lehen pausoak, zailtasunak, borrokak agertzen dira hainbat lekukotasun, zein artxibo argazki, artikulu eta bideoren bidez.
Manu Torrek eta Eneko Bordak dokumentala arretaz ikusi dute. 1983an sartu ziren kolegiora, hau da, lehen belaunaldiko ikasleak izan ziren. «40 urte pasatu dira, eta bere bidea segitzen du kolegioak. Lehen urteetan hemen izan ginen. Garai hartan hemen ez zen deus; pentze bat zen, besterik ez», gogoratu du Torrek. Garai hartan ikasleek zuten «askatasuna» oroitu du Bordak: «Kasik nahi genuena egiten genuen. Irakasleek irakasten ziguten gutarik hazten».
«Dokumentalak emozioa sortu dit, eta bizitako momentuak berriz jin zaizkit burura. Eta orain ikusten dut zenbat aldaketa izan den!», burutu du Torrek, eta Bordak horri gehitu dio aldaketa «bikainak» izan direla hasieratik gaur arte.
Argazki erakusketa ez baitzaie aski, mahai inguruan segituko dute anekdotak eta oroitzapenak gogorarazten, Antton Amilibiak prestatutako bazkariaren denboran. Antolatzaileek erranik, 400 bazkari prestatu dituzte. Arratsaldean, inguruko musika taldeak arituko dira iluntzera arte: Trikitilarika, Arberoako Txaranga, Basapiztiak eta Kaxkatu.