«Xakearen onura asko egiaztatuak daude: sormena sustatzen du, kontzentrazioa, feedbacka, sozializazioa... eta xakean pentsamendu enpatikoa ulertzea eragiten dio jokoan hasten den haur edo gazte bati». Pep Suarez psikologoaren hitzak dira. Xake trebatzailea da, irakasleekin lan asko egindakoa, eta martxoan Xakea, Hezkuntza eta Osasuna nazioarteko biltzarra antolatu zuen Menorcan (Herrialde Katalanak). Pentsamendu enpatikoan jarri du arreta «Jokalariak pentsatzen du edozein egoeratan beste jokalariak guztiz desberdin pentsa dezakeela. Xakean hori lehen unetik ikusten da». Eta zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta agerikoagoa da: «Partida asko jokatu eta gero, jokalariak ikusiko du soilik norbere mugimenduetan pentsatzea ez dela nahikoa. Eta, orduan, pentsamendu enpatikoa lantzen hasi beharko du». Hori guztia beste eremu batzuetara eraman daitekeela gaineratu du psikologoak. «Irudika dezagun gizarte bat non herritarrek horrelako pentsamenduak dituzten edozein egoeratan. Zer desira ditu aldamenekoak? Zer ondorio ditu norberaren ekintzak? Pertsona libreagoak izango genituzke, pentsamendu kritikoagoa dutenak, eta lagunkoiagoak ere bai».
Menorcako topaketa horretan parte hartu dute Santurtziko (Bizkaia) xake taldeko ordezkariek. Ez dira nolanahikoak talde horren datuak: seiehun ikasle baino gehiago dituzte, eta Bizkaiko hemezortzi ikastetxetan ematen dituzte eskolak. Hogei irakasle dituzte: horietatik lau, egun osoan horretan lanean. Beste lan batzuekin uztartzen dute xakeko irakasle lana gainontzekoek, eta horietako bat da Luis Javier Rodriguez Rodriguez. 1983. urtean sortu zen Santurtziko taldea. Ondotik etorri zen eskola. «Irakasleak Madrilera joan ginen, trebatzera. Izan ere, bere garaian uste genuen xakean jakitearekin nahikoa zela. Baina jabetu ginen modu desegituratuan egiten genituela gauza asko». Erakusteko moduan ikasiz joan ziren. Modu horretan handitu da taldea.
Rodriguezen arabera, xakea lotuta dago matematikarekin eta kontzentrazioarekin. «Eta ikasleen errendimendu akademikoa hobetu egiten da. Xake eskoletan, euskara eta ingelesa erabiltzen ditugu, eta arlo sozioafektiboa ere lantzen dugu». Suarezek dio xakea gustuko duten neska-mutikoek pentsamendua garatzen dutela: «Xakean onak diren ikasleak oso onak dira matematikan eta hizkuntzan». Beste arlo batzuk ere ekarri ditu hizpidera Suarezek: «Errespetuaren kontua ere garrantzitsua da, bestearekiko errespetua». Ikerketen arabera, xakean ez dira indarkeria eta liskarra existitzen. Leontxo Garcia xake jokalaria eta kazetaria da, eta xake irakasleei eskolak ematen dizkie. «Xakea diziplinarteko tresna gisa erabiltzeak ondo funtzionatzen du matematikan, hizkuntzan eta historian». Historiari begira, adibide gehiago eman ditu: «Xakeak 1.500 urteko historia dokumentatua du, eta xakea ikasleen artean zabaldua dagoen ikastetxe batean historiari adi egongo dira. Bestetik, xakea ingelesez irakastea aukera bat da. Teknologian ere bai».
Dena dela, ezin da pentsatu xakeak gazte baten gaitz guztiak konponduko dituenik. Jon Altunak xake eskolak ematen ditu Hernaniko eta Bergarako (Gipuzkoa) hainbat ikastetxetan, eta ohartarazi du xakea ez dela antidoto bat denerako. «Sarri, arazoak dituzten ikasleak bidaltzen dituzte xakea ikastera. Baina ikasle batzuekin berdin da futbolean aritu edo xakean; ikasle berak dira, eta ez dira kontzentratzen». Ikasleak xakea gustura hartu behar duela uste du Altunak: «Jokoan ondo pasatzen baldin badu, xakeak balio dezake kontzentraziorako, noski». Eta ez hori bakarrik. «Xakean, bizitzan bezala, etengabe erabakiak hartzen zabiltza. Aurrera jotzen duzu, edo atzera. Hori gazteei ondo datorkie, bizitza gero hori baita». Horrenbestez, neska-mutil askorentzat xakea interesgarria dela gaineratu du xake irakasleak.
Garciak askotariko tailerrak ematen ditu irakasleentzat. Xakearen erabilera hezkuntzan asko garatu dela nabarmendu du: «Beti bazen susmoa xakean jokatzea erabilgarria zela inteligentzia garatzeko. Baina egun ebidentzia zientifikoak dauzkagu. Eta nazioartean hainbat esperientzia serio eta sendoak daude baieztatzeko xakea hezkuntzarako tresna gisa erabiltzen denean are eraginkorragoa dela pedagogikoki, sinpleki xakean jokatzen denean baino».
Suarezek, edonola ere, kritika bat egin du: «Zoritxarrez, erakunde publikoek ez dute lan hori egiten. Hezkuntza legeetan makina bat aldaketa egin dute azkeneko hamarkadetan, baina irakasleak norabiderik gabe daude askotan». Ikastetxeetako irakasle gehienek bi kezka nagusi dituztela uste du Garciak: «Batetik, ikasleak nola motibatu, neurri handi batean tontotuta daudelako, sare sozialen erabilera txarragatik. Nola motibatu, eskolara gogoz sar daitezen, ikasteko gogoz. Beste kezka da ea zer erakutsi daitekeen egun hamar urte barru erabilgarria izango den ziurtasunarekin». Izan ere, inork ezin du ziurtzat jo mundua nola izango den hamar urte barru, dena oso bizkor aldatzen ari baita. «Gauzak asko aldatuta ere, badakigu zerbait garrantzitsua izango dela hamar urte barru: pentsatzen jakitea. Eta xakeak pentsatzen erakusten du, eta erakusten du jokatuz. Horrenbestez, xakeak bi kezka handi horiei erantzuten die». Horregatik guztiagatik, Garcia ziur da xake hezitzailearen etorkizuna inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela.
Ikastetxeetan xakea diziplinarteko tresna transbertsal gisa erabiltzea gomendatzen du Garciak. Adibide ontzat jo ditu Bilboko Begoñazpi eta Tolosako (Gipuzkoa) Herrikide ikastoletan egiten ari diren saioak.
Osasunean, onuragarri
Xakean jokatzen duen gazteak irabazten eta galtzen ikasiko du. «Galtzen denean ere ikasten da», dio Altunak. «Irabaztea oso ondo dago, baina zorion horrek gutxi irauten du, laster iritsiko baitira partida gehiago, eta galtzea ere iristen da. Galtzea irakasgai bat da beti». Iritzi berekoa da Suarez ere: «Irabazteak zoriontasuna ematen dizu, eta egindako jokaldiekin gustura geldituko zara. Baina galdu egin baduzu, zergatik galdu duzun aztertuko duzu: non egin duzun akatsa, zer faktorerengatik galdu duzun partida...». Horrenbestez, jokalari gazteak lan intelektual bat egingo du partidaren ostean. «Eta burua landu egingo du». Onura guztien ondorio gisa, Suarezek zera uste du: «Xakea antidoto bat da garuneko paralisiaren kontra».
Hezkuntzan ez ezik, osasunean eta beste eremu batzuetan ere xakeak asko lagundu dezake. Mundu osoan daude egitasmoak horri lotuta. Suarezek gogoratu du autismoa duten gaztetxoekin esperientzia bat jarri zutela martxan, nazioarteko xake federazioarekin elkarlanean. «Emaitzak ikusgarriak izaten ari dira. Xake eskoletan parte hartzen duten haur autistek ondo pasatzen dute; terapia moduan erabilita, emaitzak sekulakoak dira». Rodriguezek aipatu du ADHN arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten gazteen kasuan ere ari direla xakea erabiltzen. «Hobekuntza nabaria izaten dute».
Zahar etxeetara ere joaten dira Santurtziko xake taldekoak. Rodriguezen arabera, 70 urte baino gehiagoko pertsonak «sekulako ilusioarekin» joaten dira xake eskoletara. «Gustua hartzen diote jokoari, eta hobetzen dutela sentitzen dute». Suarezek aipatu du adineko pertsonekin egitasmo batean ari direla lanean: «Aitona-amonek xakearen bitartez buruko arintasuna lantzeko eta narriadura kognitiboari aurrea hartzeko proiektu bat da». Eta badira egitasmo gehiago: batetik, minbizia duten haurrekin. «Haien gurasoek eta haur gaixoek xakea izango dute espazio ludiko gisa, eta pentsamenduaren ihesa garatzen dute bizi duten errealitatetik. Energia gehiago ematen die horrek», dio Suarezek. Portugalen abiatutako esperientzia batetik abiatuta, Suarezek eta talde batek laster indarkeria matxista jasan duten emakumeekin egingo du lan. «Xakea erabiliko dute erabakiak hartzeko. Haiek ahalduntzen lagunduko du». Suarezek gogoratu du Menorcan urteak daramatzatela xakearen bidez gaixo eskizofrenikoekin lanean.
Ikastetxeetako eta osasun arloko esperientziez harago, Euskal Herriko xake taldeek makina bat aitortza jaso dituzte. Santurtzikoak sariak jaso izan ditu Euskal Herritik kanpo. Donostiako Gros auzokoa ere erreferentziazkoa da Euskal Herrian zein beste toki batzuetan. Suarezek, esaterako, aipatu du Santurtziko taldearen lana «miresteko modukoa» dela. Xakearekin herrietako taldeek egiten duten heziketa lana «oso garrantzitsua» dela uste du Suarezek.