Komunikazioa

Xabier Aurrekoetxea izango da ETB1eko programen zuzendariordea

EITBko zuzendaritzak gaur jakinarazi dio izendapena administrazio kontseiluari. Berritu egin dute administrazio kontseilua.

urtzi urkizu
2017ko martxoaren 28a
13:18
Entzun 00:00:0000:00:00

ETBko organigraman kargu berri bat sortu dute, ETB1eko programen zuzendariordearena, eta horretan telebistan esperientzia luzea duen profesional bat jarri dute: Xabier Aurrekoetxea Basañez (Bilbo, 1978). Azkeneko hamabost urteetan hainbat ekoizpen etxetan egin du lan, eta gidoilari, ekoizle zein zuzendari aritu da honako saioetan: Martina, Gaztiek asko dakie, Beti zuzenean, Asko maite zaitut, Herri txiki kantari, Al rescate, In English please, Udazken loreak, Kaixo 2017 eta Burubero. Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean. EITBren arabera, entretenimenduaren arloa indartzea da izendapenaren xedea.

ETBk arloburuak ere indartu ditu berriki. Lordi Saralegi ETB1eko arloburu lanean ari da duela hiru astetik hona, batik bat entretenimendu edukietan. Halaber, ETB2ko entretenimendu saioen arloburua da Javi Gutierrez. Mari Mar Hernandez del Campo da informazio saioen arloburua ETB2n.

ETBko albistegietan, halaber. duela gutxi egin zuten zuzendari aldaketa. Martxoaren 1etik, Maite Zurikarai da ETBko albistegietako zuzendaria, Maite Amundarainek betetzen zuen tokia betez.

EITBko administrazio kontseiluan bi deialdi egin dituzte gaur: lehen bileran kontseilari kargua uzten zutenek parte hartu dute. Ondoren bildu da Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran gehiengo kualifikatuz izendatutako administrazio kontseilu berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.