Joselontxos txarangako kidea

Larraitz Uralde: «Txarangak ez dira protagonistak Donostiako jaietan, baina hori aldatzen hasi da»

Hamasei urte bete ditu aurten Joselontxos txaranga donostiarrak. Bost saio emango dituzte Aste Nagusian; azkena, larunbat gauean.

Larraitz Uralde, Joselontxos txarangako kidea, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Larraitz Uralde, Joselontxos txarangako kidea, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko abuztuaren 14a
05:00
Entzun

Mundu osoko festetan musikak duen garrantzia ukaezina da, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Festarekin batera, gorputza mugitzeko gogoa eragiten die askori musikak, eta beste hainbati abeslari izateko amets zapuztua berpizten die. Euskal Herrian, jaia dagoen lekuan, segur aski txaranga bat izango da, eta hala gertatzen da Donostiako Aste Nagusian ere. Donostian askok disfrutatu dituzte Joselontxos txarangaren abestiak, hamasei urteren ondoren jaiak alaitzen dihardute eta. Larraitz Uralde (Donostia, 1994) Joselontxos txarangako kidea da, eta saxofoia jotzen du.

Nola sortu zen Joselontxos?

2008an sortu genuen txaranga. Musika eskolako banda entsegu batean danborradarako txaranga bat sortzeko proposamena egin ziguten, eta batzuek izena eman genuen. Urte hartan, udan, berriro elkartu ginen, jaietan jotzeko helburuz, eta hamasei urte geroago hemen gaude oraindik.

Pertsona berak ari zarete oraindik?

Batzuk bai. Nik, orduko hartan, 14 urte nituen, nire inguruko askok bezala. Orain, 11 kide gara, eta bostek dihardugu hasieratik. Orain puntu eder batean gaude, lortu dugun guztiaz harro sentitzen gara eta.

Euskal Herriko jaietan txaranga baten presentzia behar bat bihurtu da ia, ezta?

Bai, gaur egun hala da leku askotan. Donostian, adibidez, beste jai mota bat egiten dela uste dut, eta txarangek ez dugu beste leku batzuetan daukaten garrantzirik, sanferminetan adibidez. Nik uste herriarekin sortzen dugun hurbiltasuna dela gakoa.

Herriz herri ibiltzen zarete?

Bai, gehienbat Gipuzkoa aldean, baina Ipar Euskal Herrian ere jo izan dugu. Geroz eta leku gehiago ezagutzen ari gara, eta urrutira joateko aukerak ere sortzen zaizkigu. Aurreko urtean, adibidez, Nava de la Asuncionen egon ginen [Segovia, Espainia].

Udan lan karga handiagoa izaten duzue?

Hala da. Udan malabarak egin behar izaten ditugu, txaranga lanarekin eta oporrekin uztartzeko. Euskal Herriko herri askotan jaiak izaten dira udan, eta normalean txaranga batean aritzen den norbaitek beste batean ere jotzen du. Horregatik, dena ondo prestatu behar da, inor ez erretzeko.

Donostian txarangen ohitura txikiagoa dela diozu.

Bai. Nire ustez, txarangak Donostiako jaietan ez dira protagonistak, baina hori aldatzen hasia da. Normalki, ekitaldi bati laguntzeko jotzen dugu, beste gauza baten bueltan elkartutako jendea girotzeko.

Noiz ikusi daiteke Joselontxos Donostiako Aste Nagusian?

Kanoikadan jo genuen, jaiak hasteko ekitaldian. Atzo Grosen egon ginen, eta bihar Piraten Eguna ospatzen lagunduko dugu. Ostiralean, Piraten danborradan ere izango gara, eta larunbat gauean, Donostiako Parte Zaharrean barrena. Horrez gain, Donostiatik kanpo, larunbatean Areson [Nafarroa] egongo gara, eta igandean, Deban [Gipuzkoa]. Sei-zazpi eskaerari ezetz esan behar izan diegu, Donostian jotzea lehenesten dugu-eta aste honetan.

Disfrutatzeko ala lan egiteko astea da zuentzat?

Oso nekatuak egoten gara Aste Nagusia bukatzen denean, baina parranda nahi duenak beti ateratzen du denbora ongi pasatzeko.

Kanta berak jotzen dituzue beti?

Testuinguruaren arabera erabakitzen dugu errepertorioa. Arratsalde lasai batean familien aurrean jotzea eta parranda gau batean jotzea ez da berdina. Guri gustatzen zaizkigun kanten eta entzuleei gustatzen zaizkienen artean oreka bat bilatzen saiatzen gera beti. Orain 170 kanta ditugu errepertorioan, baina hirurehun baino gehiago izan ditugu.

Mutilak baino neska gutxiago ikusten dira txarangetan. Zergatik?

Nik uste instrumentua aukeratzen denean dagoela gakoa. Normalki, neskek hari instrumentuak aukeratzen dituzte, eta mutilek haizezkoetara edo perkusiora jotzen dute. Nik uste dut hori etxean, txikitatik heztean, aldatu beharreko zerbait dela.

Berezia da zuretzat Donostiako Aste Nagusia?

Bai, giro ederra sortzen da. Parranda gogo handia dago Donostian egun hauetan, eta gure inguruko jendea gu ikustera ere etortzen da. Jendez beteta dago Donostia, eta hori guk jotzean ere nabaritzen dugu. Nik jaietako saioak gehiago disfrutatzen ditut danborradakoak baino, baina hori gustuen araberako gauza da.

LOTSABAKO

Donostiako Aste Nagusiko momenturen bat? Jaiei hasiera emateko lehenengo kanta jo genuenekoa.Jotzeko, egunez ala gauez? Gauez.Joko duzuen kanta gogokoena? Hemendik At!Donostiako txoko bat? Ulia mendia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.