2016an sortu zuten Nogen musika taldea, eta, maila txikian eta aurreikuspen handirik gabe hasi baziren ere, Donostiako Aste Nagusiko egitarauan daude gaur. Saguesen joko dute, 23:45ean hasita. Oholtza gainean izanen dira, bertzeak bertze, Markel Idigoras (Donostia, 1994) eta Jokin Gilisagasti (Donostia, 1987), ukelelea eta bateria jotzen.
Berezia izanen da Donostian jotzea, etxean...
JOKIN GILISAGASTI: Donostian bainoago, Saguesen jotzea. Oso berezia da guretzat.
Zer sentitzen duzue oholtzara igotzean?
MARKEL IDIGORAS: Lehenik, urduritasuna; gero, adrenalina pila bat. Poza eta aldi berean segurtasun falta.
GILISAGASTI: Nik atzeragotik bizitzen dut oholtza —bateriatik—. Talde sentsazioa dut, elkarrekin bizitzen ari garen momentu bat dela. Pribilegioa da hori.
Hasieratik sartu zineten taldean?
IDIGORAS: Berez, taldea hirukote gisa hasi zen, baina oso kontzertu gutxi egin genituen. Hasieran ez genuen ezagutzen bateria jotzen zuen inor, baina Jokin ezagutu genuen, eta taldean sartu zen.
GILISAGASTI: Taldea Danimarkan hasi zen, Markel han lanean ari zenean eta gauak luzeegiak egiten zitzaizkionean.
Danimarkan?
IDIGORAS: Lanera joan nintzen, praktikaldi bat egitera bederatzi hilabetez. Nire bizitzako une apal batean nengoen, eta sentitu nuen abestiak egiteak mesede egiten zidala.
Etxera bueltan, entseguak?
IDIGORAS: Bueltan abestiei forma ematen hasi ginen, gero entseatzen, eta, azkenik, grabatzen. Gurpila aktibatu genuen, eta talde serio bat izaten hasi ginen.
GILISAGASTI: Serioa?
Non entseatzen zenuten?
GILISAGASTI: Istorio polita dago hor. Alexen aitonaren garajean hasi ginen: ez bateriarik, ez mikrorik eta ez bozgorailurik. Dena dela, lehen entsegu hartan harrituta geratu nintzen: «Nora etorri naiz?», pentsatu nuen. Baina ikaragarrizko ilusioa zeukaten, eta zerbait berezia transmititzen zuten. Nik hor egon nahi nuen.
IDIGORAS: Hori zure ikuspuntua da, ze guretzat ikaragarriak ziren entsegu horiek. Guk uste genuen egiten ari ginena gauza handia zela eta gure onenean geundela.
Noiz hasi zineten ukelelea eta bateria jotzen?
IDIGORAS: Ni, Danimarkara joan baino urtebete lehenago. Etxean bageneukan ukelele bat, eta horrekin hasi nintzen saltsan. Familian beti gustatu izan zaie musika, baina, ordura arte, ni ez nintzen hasia musikarekin; ez ninduen harrapatzen. Jostatzen hasi nintzenean, ordea, gustatu egin zitzaidan.
GILISAGASTI: Lagun batzuen lokalean bateria bat zegoen, eta hantxe hasi nintzen jotzen, 16 urterekin. Uste dut horrek hurbiltzen nauela musikara: beti jo dut taldean, eta niretzat musika beti egon da partekatzearekin lotuta.
Nola erabakitzen duzue zer jende berri sartuko den taldean?
GILISAGASTI: Momentu txarra izaten da, oso zaila. Presiopean hartzen dira erabaki horiek, eta askotan ez gaitu oso garai sosegatuan harrapatu. Kontzertuak itxita geneuzkan, esaterako. Inguru hurbileko ezagunekin —edo ezagunen ezagunekin— probak egin genituen, baina guretzat ez zen batere erraza izan. Gu ez gara musikariak, eta une batez casting bat pasatzen ari ginen.
IDIGORAS: Ez dugu geure burua egoera horretan jarri nahi. Gainera, ezin genuen casting ireki bat egin, nahiz eta guretzat hori litzatekeen errazena. Ezkutuan gorde beharreko zerbait zen, ze ez da arrunta martxan dagoen talde bat abeslari bila aritzea kontzertuak lotuta dauzkanean. Ez du oso itxura ona ematen.
GILISAGASTI: Bai, eta, horrez gain, guk feeling ona izatea nahi genuen, guretzat hori baita garrantzitsuena. Taldean ordu asko pasatzen ditugu, furgonetan bidaia asko... Guretzat, taldeak ez du zentzurik giroak funtzionatzen ez badu.
LOTSABAKO
Nogenen abesti bat?
IDIGORAS: Galdu duenari. GILISAGASTI: Glastonbury.Deskonektatzeko leku bat?
IDIGORAS: Uliatik Pasaiara doan bidea. GILISAGASTI: Oholtza.Antzokia edo herriko plaza?
BIEK: Antzokia.Donostiako hondartza bat?
GILISAGASTI: Uhartekoa. IDIGORAS: Zurriolakoa.