Irakaslea, abeslaria eta DJa da Iñaki Kerejazu (Gasteiz, 1995), eta gaurtik aurrera Zeledon ere izango da, 2028ra arte. Haren aurretik Jose Luis Isasik, Enrique Oribek, Iñaki Landak eta Gorka Ortiz de Urbinak bete dute Gasteizko jaietako pertsonaia mitikoaren rola, eta gaur lekukoa hartuko die Kerejazuk. Hegotarrak kuadrillako blusa izan da txiki-txikitatik, eta jaiak pasio handiz bizi ditu ordutik. Hala ere, aitortu du publikotasunerako pausoa egiteak «bertigoa» eman diola: «Adin guztietako jendeak daki nor zaren, berdin aitona-amonek eta umetxoek. Oso polita da, jendea oso zoriontsu egiten duzulako, baina zenbait momentutan begirada zugan izatea ez da erraza».
Iritsi da eguna. Nola zaude?
Oso urduri nago, baina jaia pizteko eta jaiekin hasteko gogo handiz.
Inoiz imajinatu al zenuen horrelakorik?
Askotan galdetu didate ea amets bat zen. Eta bueno, amets bat… bada, berez ez. Ilusio handia egiten dizu, noski, baina ez dakit nola azaldu. Neure burua ikusten al nuen? Bada, agian bai, baina ez nekien aurten izango zenik.
Nola jakin zenuen Zeledon izango zinela?
Ohean nengoen, 23:00ak pasata, eta dei bat jaso nuen: Gorkak [Ortiz de Urbinak] deitu zidan. Ni erdi lo nengoen ja, eta mezu bat bidali nion: «Bihar hitz egingo dugu». Baina haren erantzuna entzunda jakin nuen zer zen: «Deitu, nahiko garrantzitsua da eta».
Zeledon izan baino lehen, Hegotarrak kuadrillako blusa izan zara, eta aurrerantzean ere izango zara. Nola bizi izan dituzu jaiak orain arte?
Nire aitak sortu zuen kuadrilla, eta jaio nintzen urte berean sartu nintzen ni. Zazpi hilabeterekin atera nintzen lehen aldiz blusa jantzita.
Bai ibilbide luzea zurea…
Bai! Kar-kar-kar. 16 urterekin nire parrandatxoak egiten hasi nintzen, bereziki gauez. Denborarekin, baina, blusa eta neska kuadrillarekin benetan ateratzen hasten zara, eta egunez ere jaiak bizitzen. Oso polita da egunez kalean murgildu eta dagoen giroa ikustea. Gasteizko jaietan edonork parte har dezake edozein ekitalditan; kalea da oinarria, eta kalearen inguruan gertatzen da dena. Hori gustatzen zait gehien jai hauetatik, oso herrikoiak direla. Jendearekin igarotzen dituzun tartetxoak dira onena.
Aurten berdin biziko dituzula uste duzu?
Modu batean ala bestean, ezberdina izango da. Jaien erdigunean egongo naiz, eta jendeak nor naizen jakingo du. Hala ere, gauza asko ez ditut aldatuko: nire kuadrillarekin aterako naiz, eta nire gauzak egiten jarraituko dut.
Zerbait aldatuko da Zeledon berriarekin?
Nire ukitutxoa eman nahi diot pertsonaiari. Oraindik ez dakit nola, baina pentsatzen dut gauza batzuk mahai gainean jarri behar direla.
Adibidez?
Pertsona batzuen jarrera aldatu behar da. Gasteiz denontzako leku seguru bat izatea gustatuko litzaidake, eta oso argi dago oraingoz ez dela horrela. Zerbait aldatzekotan, gizon batzuen jarrera aldatuko nuke, dudarik gabe.
Goiz da oraindik, baina oinordekorik ba al duzu buruan?
Uste dut bost urtean gauzak asko aldatuko direla eta, bueno, ate bat irekita dago emakume bat ere Zeledon izateko. Zeledon ez da aldatuko, azpian dagoen pertsona bakarrik. Nola edo hala, argi dagoen bakarra da pertsona hori jaiak bizi dituen norbait izan behar dela, hau berea sentitzen duena. Uste dut jende askok egin dezakeela oso ongi.
18:00etan San Migelgo balkoitik bidaliko duzun mezua aurreratzerik?
Gasteiz leku seguru bat izan behar dela gogoratzea, hori ziur. Denei eskatuko diet asko gozatzeko, baina besteei jaiak zapuztu gabe. Bestea niretzat gordeko dut, ez baitut spoiler-ik egin nahi.
LOTSABAKO
Garagardoa ala kalimotxoa?
Garagardoa ia beti.Txaranga ala txistulariak?
Txaranga zalea naiz.Edozein jai berpizteko kanta bat?
Sweet Caroline, inongo zalantzarik gabe.