Amarauna sareko kideak eta saskibaloi jokalariak

Zuriñe Martin eta Irati Prol: «Isilik ez geratzea eta gaiaz hitz egitea da garrantzitsuena»

Saskibaloian adingabeek jasaten duten indarkeria garaiz eteteko, Amarauna sarea ehundu dute hainbat jokalarik Gasteizen. Haiek bizitakoa hurrengo belaunaldiek bizi ez dezaten egiten dute lan.

(ID_13483088) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-01-10, Gasteiz. Irati Prol eta  Zuriñe Martin Amaraunako kideek, Gasteizko saskibaloian adi...
Zuriñe Martin eta Irati Prol, Amarauna sareko kideetako bi. RAUL BOGAJO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Denbora luzez isilpean gordetako «ageriko sekretu bat» azaleratzea erabaki zuten 2021ean Gasteizko hainbat saskibaloi jokalarik, eta Amarauna sarea osatu zuten. Ordutik, lanean ari dira saskibaloi entrenatzaileek adingabeei jasanarazten dieten indarkeria garaiz gelditzeko, baita iraganeko erasoak salatzeko eta etorkizunean besterik ez gertatzeko ere. Kideetako bi dira Zuriñe Martin (Gasteiz, 1997) eta Irati Prol (Gasteiz, 1998).

Beti egon dira adingabeen aurkako erasoak kirolean, baina azken urteotan arazoa azaleratzen ari dela dirudi. Arabako saskibaloi taldeetan gertatzen diren indarkeria kasuak gelditzeko lanean ari da Amarauna. Nola hartu zenuten antolatzeko erabakia?

ZURIÑE MARTIN: Partida bat amaitzean, jokalari batzuk hitz egiten hasi ginen, eta gai hau atera zen. Orduantxe konturatu ginen askok indarkeria egoerak bizi izan genituela, eta gehienak errepikatu egiten zirela. Pentsatu genuen zerbait egin behar genuela egoera horiek ez gertatzeko. 

Zuek bizitakoa belaunaldi berriek ez bizitzeko asmoz jarduten duzue?

IRATI PROL: Erabat. Zuk pentsa 25 urte ditugula orain, baina 8 urterekin hasi ginen jokatzen. Gauza pila bat ikusi eta bizi izan dugu: gure larruan bizi edo beste bati gertatu, berdin sentitzen dituzu. [Gasteizko] Txagorritxu auzoko 2021eko jaietan, buruan geneukan ideia lurrera ekartzeko aukera eman ziguten, eta han antolatu genuen lehenengo tailerra. Oso argi geneukan zein zen arazoa...

MARTIN: ...baina ez genekien oso ondo nola eman forma. Eta Txagorritxun beste saskibaloi jokalari batzuekin hitz egitean...

PROL: ...ikusi genuen jendea gu bezala zegoela. Arrazoia geneukala bagenekien, baina hor ohartu ginen jendea gure bide berean zegoela, eta haserre ere bai. 

Sare sozialen bidez jokalarien testigantzak plazaratzen hasi zineten orduan. 

PROL: Bai. Gure asmoa gaia gazteengana hurbiltzea zenez, pentsatu genuen sare sozialak funtsezkoak izango zirela. Indarkeriarekin lotutako kontzeptuak, jokalarien testigantza anonimoak eta indarkeria motak azaltzen zituzten argitalpenak egiten hasi ginen Instagramen.

Sexu indarkeria da gizartean oihartzun handiena duen bortizkeria mota, baina zer beste indarkeria identifikatu dituzue saskibaloian?

MARTIN: Sexuarekin zerikusia dutenak dira identifikatzeko errazenak, baina bi sexu indarkeria mota bereizten ditugu guk: kontaktua duena eta kontakturik gabekoa. Eta, noski, horiez gain, indarkeria fisikoa, psikologikoa eta arduragabekeria ere badaude. Azken biak dira normalizatuenak. 

Zergatik?

PROL: Entrenatzaileak boterea duelako zure gain. Adibidez, min hartuta zaudenean entrenatzera behartzen bazaitu eta zuk ez baduzu egiten, baliteke zu zigortzea eta hurrengo partidan jokatu gabe uztea. Erabat normalizatuta daude horrelako erabakiak.

Zer egin dezake jokalari batek horrelako zerbait gertatuz gero?

PROL: Nire ustez, isilik ez geratzea eta gaiaz hitz egitea da garrantzitsuena. Nahiz eta gertatzen den hori indarkeriatzat ez hartu, jokalari batek ikusten badu deseroso dagoela, gertukoren batekin hitz egitea gomendatzen diogu. Gurekin ere hitz egin dezake, sare sozialen edo posta elektronikoaren bidez. Bestela, adingabeak dituzten kirol klubetan Lopivi ordezkaria egoten da [Haurrak eta Nerabeak Bortizkeriatik Babesteko Legearen arabera ezarritakoa], gauza horiei buruz hitz egiteko.

MARTIN: Argi gera dadila gu ez garela profesionalak. Gure lehentasuna da laguntza eskatzen diguten biktimak babestea eta ondo sentiaraztea. Eta, behar izatekotan, zubi lana egiten dugu biktimen eta profesionalen artean.

Azken urteotan isilik egon diren askok hitz egitea erabaki dute. 

PROL: Gizartea aurrera doa. Pixkanaka eta nahiko genukeen baino motelago, baina aurrera doa. Honek guztiak kanpora atera behar zuen lehenago edo geroago.

LOTSABAKO

Indarkeritzat hartu beharko liratekeen bi jarrera?
Entrenatzailea adingabeekin alkohola dagoen guneetara joatea edo sare sozialen bidez kirolez kanpoko harremana izatea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.