Wukroko irrien lagunak

Etiopiako herri batean egitekoa den hortz klinikaren proiektua ezagutu dute Porrotxek eta Marimototsek. Angel Olaran misiolariak egiten duen lanarekin bideo bat prestatuko dute.

Porrotx eta Marimotots, Wukroko haurrekin; goian, Angel Olaran, haur artean. IÑAKI GURIDI.
Wukro
2011ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Autobusetik jaitsi eta Angel Olaran non bizi den galdetzea alfer samarrik da. Abba Melakugatik galdetuta, ordea, segituan erakusten du herriko edozeinek bidea. Saint Mary misioan du bizitokia Hernaniko misiolariak azken hogei urteetan. Abba Melakuz galdezka abiatu dira Porrotx eta Marimotots pailazoak aurtengo Aste Santuan Wukrora, eta aurkitu dute. «Iritsi eta berehala, Angelek sekulako besarkada eman zigun», dio Porrotxek. Marimototsek kendu dio hitza albotik: «Eta muxuak! Ez bat edo bi, baizik eta hiru!». Olaranek berak ere gustura hartu du bisita. «Duela bost hilabete elkar ezagutu genuen Lasarten, eta esan zidaten etorriko zirela. Bihotz beroarekin etorri dira!».

Wukrora iristea eta Aita Zurien misiorako bidean jartzea berezia da. Umeak ageri dira bazterretan, eta segituan gerturatzen dira, oso era maitekorrean, bisitariari diosala egitera. Olaranek eta haren komunitateak 700 umezurtz dituzte euren ardurapean Etiopia iparraldeko herri horretan. Porrotx harrituta geratu da hemen egiten den lanarekin: «Angel eta haren lagunak arduratzen dira haurren heziketaz, elikaduraz, janzkeraz…Umeak arduratsu haz daitezen nahi dute».

Etxeetan bizi dira, bost bat umeko taldeetan. «Familian bezala bizi dira, euren anai-arrebekin. Auzokoen babesa jasotzen dute. Hamasei emakume ere baditugu egunero bisitatzen dituztenak, etxeko jira nola daramaten ikusteko», azaldu du Olaranek. Hilaren hasieran jasotzen dute jatekoa eta etxearen errenta ordaintzeko dirua, eta eurek antolatu behar dituzte hileko gastuak. Heziketa afektiboa ere ez dago Wukron alde batera utzita. Aski da denbora laburrez haurrekin egotea konturatzeko musuak eta besarkadak hain erraz ematen badituzte aurretik jaso dituztelako dela.

Olaranek egunero egiten du, afalostean, etxeren batera bisita. Umeak zain-zain izaten ditu, eta harrera beroa egiten diote Abba Melakuri. «Niretzat ere beharrezkoa da bisita hori. Ordubetez-edo egoten gara, hitz egiten, gure gauzak partekatzen, ondo pasatzen». Porrotx eta Marimotots izan ditu egunotan aparteko laguntzaile.

Olaran irri konpontzailea dela entzun ondoren erabaki zuten Porrotxek eta Marimototsek Wukrora etortzea. «Konturatu gara hemengo irriek konpondu beharrik ez dutela, baina hortzek bai!», dio Porrotxek. Hortz klinika egin nahi dute Wukron, eta Etiopia Utopia fundazioa proiektua laguntzen ari da.

Pailazoek izan dute aukera Wukroko misioan eskuartean dituzten proiektuak ezagutzeko. Nekazari eskolako baratzeetan ibili dira aitzurra eta eskorga hartuta, ukuiluko behi artean izututa sumatu dugu Marimotots, ospitalera bisitak egin dituzte, eta zuhaitzak ureztatzen ere ibili dira. «Orain hogei urte, zuhaitz bakarra zegoen Wukron; Gernikako arbola bezalakoa zen, baina Wukrokoa. Orain, hogei mila zuhaitz daude», dio Marimototsek, liluratuta.

Wukron ikusitakoa bideo batean jaso dute pailazoek, Euskal Herriko haurrei erakusteko. Bideo horretan ozen entzungo dira Wukroko haurren irriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.