Euskal Herriak lotura berezia du wolframarekin. Izan ere, Bergaran isolatu zuten, 1783an, Euskalerriaren Adiskideen Elkartean. Juan Jose Elhuyar eta Fausto Elhuyar anaiak izan ziren egileak; historia-liburuetan, haien izenean ageri da Euskal Herriak zientziari egindako ekarpenik handiena.
Izena eman zioten isolatu berri zuten metalari: Wolfram, otsoaren lerdea alemanez, eta hortik datorkio taula periodikoan duen ikurra: W. Nazioartean, beste izen batez ezagutzen da: tungsteno, harri astuna suedieraz.
Izenak liskarrak sortu ditu, baina are handiagoak eragin ditu izanak, gerrara lotuta egon baita. Hain zuzen, Juan Jose Elhuyar espioitza-lanetan aritu zen, Peñafloridako kondearen eskutik, eta Karlos III.aren Itsas Armadako ministroaren eskariz. Helburua: arerio britainiarren kanoiak egiteko teknologia eskuratzea. Horrez gain, bi anaiek mineralogia eta metalurgia ikasteko aukera izan zuten, Europako zentrorik aurreratuenetan. Juan Jose ez zen bereziki abila izan espioitzan, baina puntako ikertzaile bilakatu zen, eta, aurrerago, wolframa isolatu zuen Bergaran, bere anaia Faustorekin batera.
Wolframa metal oso gogorra, xaflakorra eta moldakorra da, eta fusio-punturik handiena du (3410 °C). Horregatik, bonbillen barruko haria egiteko eta erresistentzia elektrikoetan erabili izan da, baita industria militarrean ere, hala nola munizioa egiteko, eta egituretan (tankeak, ontzi blindatuak...). Naziek gerrako makinerian erabiltzen zuten, India, Txina eta Birmaniatik inportatuta. Aliatuek horren berri izan zutenean, inportazio-bide hori oztopatu zuten, eta Hitlerren gobernuak Espainiara jo zuen, hornidura bila. Francok saldu zion Hitlerri behar zuen wolframa.
Azken hamarkadetan, Europan erabili den wolframaren zatirik handiena Txinatik ekarri izan da. Orain, ordea, Europako Batasunak material kritikoen auto-hornikuntza indartzea erabaki du, baita gerrako industria bultzatzea ere. Hala, interes berezia hartu du «iberiar gerrikoak», han baitaude Europako Batasuneko meategi aberatsenak. Haien artean garrantzitsuenetakoak Los Santos (Salamanca) eta La Parrilla (Cáceres) dira. Lehenengoaren jabeak estatubatuarrak dira, eta bigarrenarenak, britainiarrak eta australiarrak.
Europako Batasunak ustiatu nahi dituen meategiak han daude: Ciudad Realen eta Cáceresen. Ciudad Realekoak, El Moto meategiak, Europaren beharren % 20 asebete ditzakeela kalkulatu dute. Bestea La Parrilla da. Azken urteotan, meategi hori arazo legal, politiko eta ekonomikoei lotuta agertu izan da komunikabideetan, baita ingurumenean eragindako kalteengatik ere. Besteak beste, 2019an, martxan jarri zenean, ingurumen-baimenik ez zeukala salatu zuen Ecologistas en Acción taldeak. Hiru urte geroago, bertan behera geratu zen ustiapena, langileak egoera txarrean utzita eta zorpetuta.
Antza denez, arazo horien gainetik egingo du orain Europako Batasunak, autohornikuntzaren izenean. Gustatu ala ez, gerrak egiten baitu hain preziatu wolframa.