Urteak dira Gasteizko Hala Bedi irratian zeregin ezberdinetan dabilela. Arrosa sareko taldearen sustatzaileetako bat da Jon Aranburu (Alegia, Gipuzkoa, 1980).
Arrosa sarearen ibilbidearen berri eman duzu Bilbon. Lau hitzetan nola laburtuko zenuke?
Tarte honetan guztian saiatu gara irratiak elkartzen eta elkargune bat sortzen. Eta saiatu gara sarea ez dadila izan elkargune soil bat elkar babesteko, baizik eta ekoizpenerako ere balio dezala. Azkeneko hamabi urteotan irratsaioak trukatzen aritu gara, eta produkzio dezentea ere egin dugu. Elkarlanean 25 irrati inguru gaude.
Zeintzuk dira Arrosak gaur egun dituen erronka nagusiak?
Batetik, gure kohesioa areagotzea eta beste komunikabide batzuekin elkarlana garatzea. Bestetik, erronka nagusietako bat Arrosaren webgune erakargarri bat sortzea da. Orain arte, irratientzat baliagarria izan da gure webgunea. Jendeari ere zabaldu nahi diogu Interneteko gunea, entzuleentzat erabilgarri izan dadin. Webgune berritu hori martxorako prest izatea espero dugu.
Zebrabidea magazina Arrosa sareko irrati askotan entzun daiteke astegunetako arratsaldetan. Zer moduz doa?
Zebrabidea irrati batzuen artean ekoizten zen lehen. Denboraldi honetan, berriz, Arrosa sareak berak ekoizten du. Saioa emititzen ari garen irratiak oso pozik gaude lehen bi hilabete hauen emaitzarekin. Kohesionatzen eta batzen laguntzen digu.
Zer beste helburu ditu Arrosak etorkizunerako?
Zebrabidea bera indartzea da bat. Hirugarren sektoreko euskarazko irratien ahotsa ahalik eta leku gehienetan entzutea nahi genuke.
Atzoko jardunaldian lege kontuak aztertu ziren. Eusko Jaurlaritzak lizentzia lehiaketa berria egin nahi du, baina luze joko du.
Jaurlaritzak aurreko lehiaketa moztu zuenean, Arrosako hainbat irratik helegitea jarri zuten. Dena den, Arrosak beti eskatu du lehiaketa txukunago bat. Gure lana da lehiaketa berria eskatzen ditugun baldintzetan egitea: euskara aintzat hartuta eta hirugarren sektoreko irratiei aukera emanda. Adituen arabera, urte pare bat pasatuko dira lehiaketa berria hasi arte.
Irrati diala orekatuago izateko zer aldaketa behar dira?
Euskaraz aritzea bermatu beharko litzateke. %20ra ez da iristen euskarazko eskaintza dialean. Irrati komunitarioei ere lekua eman behar zaie; Ipar Euskal Herrian legeztatuta daude. Eremu erradioelektrikoa arautu behar da, egun oihanaren legea baitago. Dirua duten irrati kateek potentzia handiagoa dute, eta potentzia horrek aldameneko txikiak zapaltzen ditu.
Jon Aranburu. Arrosa sareko kidea
«Webgune berria sortuko dugu martxoan, entzuleentzat»
Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako 'Hirugarren sektoreko irratiak' lan jardunaldian Arrosa irrati sarearen lanaz mintzatu zen atzo Aranburu, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu